Iñaki Egaña. Historialaria eta idazlea

«Gordetako lekukotasunak egoera astindu eta ikerketak hasteko abiapuntu dira»

Francoren garaiko kronika soziala eta politikoa egin ditu Iñaki Egañak 'Frankismoa Euskal Herrian: behin betiko konponbidea' liburuan, eta horretaz eta urte haietako historiaz mintzatuko da Donostian.
BERRIA

Ainhoa Arano -

2012ko maiatzak 8
Urte luzeetan ikertzen eta elkarlanean aritu ondoren, Frankismoa Euskal Herrian: behin betiko konponbidea liburua aurkeztuko du gaur Iñaki Egañak (1958, Donostia), 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan.

Liburuaren izenburuak konponbidea aipatzen du, hain zuzen, Euskal Herria konponbidearen bidean dagoenean. Kasualitate hutsa?

Txiripaz izan da. Baina uste dut saio batzuk egin direla konponbidearen ateak ixteko, eta frankismoarena, hain zuzen, horietako bat izan da. Ez bakarrik konponbideari ateak ixteko, baita euskal nortasunari ere. Historia izozmendi bat bezalakoa da: punta bat azalean dago, eta bestea ur azpian. Ezkutatua dagoena Euskal Herriari dagokion zatia da. Eta, konponbidearen bidean, hori irauli egin behar da. Historialarien lana ez da gertatu dena azaltzea, baizik eta ikusi ez dena azaleratzea. Eta frankismoaren inguruan iluntasun handia dago, ez da ozen hitz egiten horren inguruan. Etorkizunari begira asko dago lantzeko.

Horren harira, klandestinitateko lekukotasunak ere jaso dituzu, ezta?

Bai, ez da dokumentazio lan hutsa. Lekukotasunak abiapuntu izaten dira egoera astintzeko eta ikerketak abiatzeko. Baina lekukotasun eta dokumentazio asko dago oraindik jasotzeke. Horrelako lan mardulek azterketari bultzada ematen diote, bestelako bideak ikertzeko, herriz herriko lanak, mikroistoriak, eta abar. Izan ere, beldurra hor dago, bereziki 36ko gerraz hitz egiteko.

Frankismoaren inguruko liburu ugari idatzi dira, zer du berri zure liburuak?

Alde batetik, lurraldetasuna. Zazpi probintzietako ikuspegi historikoa lantzen saiatu naiz, bai errefuxiatuekin, bai pasarte bereziekin: naziekin eta kontrabandoa- rekin lotutako sareak, mugak... Eta, bestetik, Euskal Herria ardatz izatea. Espainia kontuan izanda baina perspektiba galdu gabe; AEBetan eta Europan gertatutako hainbat gauza ere ulertu behar dira, Gerra Hotza adibidez. Eta, azkenik, hegoaldeko hiriburuak. Nahiz eta liburuak hamasei atal izan, lau bihotz ditu. Donostia: frankismoaren azal moduan, Francoren oporlekua izan baitzen. Bilbo: bihotz ekonomiko gisa. Gasteiz: Elizaren bihotza. Eta, azkenik, Iruñea. Azkeneko hori konplexuagoa da, baina, berez, frankismoaren alde ideologikoa izan zen.

Liburua, baina, hausnarketa bat baino gehiago da.

Hilabetez hilabeteko kronologia bat eta 2000 argazkitik gora biltzen ditu. Historialariek askotan hausnarketa orokorrak egiten ditugu eta mikroistoriak alboratu. Baina aditu ez direnentzat mikroistoria horiek lagungarri dira gaia ulertzeko. Azkeneko hamar urteotan, Francoren garaiko egunkariak egunez egun irakutzeko aukera izan dut: La voz de España, El Diario Vasco, Euzko Deya, eta abar. Horrek asko lagundu dit kronologia sozial bat egiteko eta liburua arintzeko. Irakule guztietara iristea garrantzitsua da, eta kronologiak oso harrera ona izan du aditu ez diren irakurleen artean. Denongana iristea eta ahalik eta didaktikoena izatea da nire estiloa.

Ondotik, beste liburu batek jarraituko dio?

Epe luzera, baliteke. Material asko alboratuta gelditu da, bereziki erbestean eta espetxeetan gertatutakoa, osterantzean liburu potoloegia zelako. Hemendik urte batzuetara, beste lan bat kaleratzeko aukera izango dudalakoan nago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna