Arabakoak ere, 'batzar'

Arabako foru parlamentuak euskaraz duen izen ofiziala aldatuko dute datorren igandean, Bizkaikoaren eta Gipuzkoakoaren pare jartzeko
Arabako Biltzar Nagusien egungo izen ofiziala, foru parlamentuko bulegoen kanpoaldean.
Arabako Biltzar Nagusien egungo izen ofiziala, foru parlamentuko bulegoen kanpoaldean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria -

2015eko azaroak 25
Batzar Nagusiak dituzte Bizkaiak eta Gipuzkoak. Arabak, aldiz, Biltzar Nagusiak ditu. Kontraesan bat dirudi, kontuan hartuta forman eta mamian parekoak direla hiru erakunde horiek. Aspaldi hartutako erabakien ondorio da ezberdintasuna, hizkuntzaren arauak oraindik ere erabat ezarrita ez zeuden garaietakoa. Orain, azkenik, zuzenduko den kontraesana.

Foru parlamentuaren izen ofizialari buruzko eztabaida ez da oraingoa Araban. Haatik, legealdi berria hasi bezain pronto hartu zuten behingoagatik auziari heltzeko erabakia. «Hitz egin nuen foru aldundiko euskara zerbitzuko buruarekin, eta hark esan zidan Euskaltzaindiak txosten bat eginda zuela gaiari buruz. Txostena eskatu, eta bidali zidaten», azaldu du Pedro Elosegi Biltzar Nagusietako presidenteak.

Batzar eta biltzar hitzen egokitasunari buruzko iritzia emateko eskatu zion foru aldundiko Euskara zerbitzuak Euskaltzaindiari. Erantzuna joan den uztailaren 22an kaleratutako ohar batean dago. Bi izenei buruz dagoen bibliografia eta haien erabilera sakona gainbegiratu zuen akademiak, eta bost orriko txosten batean jaso zituen emaitzak.

Euskaltzaindiak ondorio garbia atera zuen. Biltzar hitza soilik Lapurdin eta Nafarroa Beherean erabili izan da, eta Hegoaldeko herrialdeetan ez dago aipurik. Aldiz, Hegoaldean, Zuberoan bezala, batzar edo batzarre hitza ageri da antzinako testuetan. Arabari dagokionez, Bazarramendi toponimoa aurkitu dute 1622an, Kontrasta eta Larragoa arteko mugan, Arabako mendialdean. Datu horiek guztiak aintzat hartuta, Batzar Nagusiak eta Arabako Batzar Nagusiak izendapen egokienak direla ondorioztatu eta jakinarazi zion Euskaltzaindiak foru parlamentuari.

Erantzuna eskuetan, Biltzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiekin hitz egin zuen gaiari buruz Elosegik. «Kontuan hartu beharreko iritzia da, Euskaltzaindia delako. Gainera, normalena litzateke hiru erakundeak izendatzeko termino berdina erabiltzea», argudiatu du presidenteak. Baina izen ofiziala aldatzea ez da egun batetik bestera egin ahal den zerbait, legea aldatzeko eskatzen duelako.

Bi dira erakundeari izen ofiziala ematen dioten foru arauak. Zaharrena 7/1983 foru araua da. Arabako lurralde historikoaren erakunde antolaketa definitu zuen testu juridikoa da. Ziur aski, nahasmenaren jatorrian dago, gainera. Arauaren euskarazko bertsioaren lehen artikuluan ageri da lehen aldiz Biltzar Nagusiak izendapen ofizial modura. Zergatik hartu zen erabaki hura ez dago garbi. «Euskaltzaindiak ez zuen irizpide garbirik gaiari buruz. Hiztegian batzar eta biltzar hitzak agertzen ziren. Ezberdinak dira, baina parekoa da bien esanahaia», Elosegiren aburuz.

Antolakuntza ezarri zuen arau hura 1983. urteko martxoaren 7an onartu zen. Harrezkero 32 urte pasatu dira, eta izendapena ez da aldatu. Aldiz, beste batzuek beren egin dute. Ganberaren funtzionamendu araudia orain dela bi urte eguneratu zen, eta foru arau hori ere aldatu beharko dute, izena aldatu ahal izateko.

Igandean, bozketa

Euskarazko izen ofizialaren aldaketak ez du eztabaidarik sortu. Euskaltzaindiaren iritziaren berri jaso bezain pronto, biltzarretan ordezkaritza duten sei taldeek bi proposamen bateratu aurkeztu zituzten, zuzendu beharreko bi foru arauak moldatzeko. Arabako Foru Aldundiak ere izen aldaketaren aldeko irizpidea kaleratu zuen. Bozeramaile batzordeak erabaki du datorren igandeko osoko bilkuraren gai zerrendan sartzea. Ekinaldi bakarreko bozketak izango dira. Hau da, ezin zaie zuzenketarik egin. Onartu edo ez erabaki behar dute.

Santa Katalinako osoko bilkura tradizionala du foru parlamentuak heldu den igandean. Azaroko azken igandean, urtero, politika orokorreko eztabaida egiten da herrialdearen egoerari buruz, eta aukera sinbolikoa baliatu nahi izan dute aurten izenaren moldaketa gauzatzeko.

Izen ofizialaren aldaketak ondorio praktikoak izango ditu. Izan ere, aurrera begira euskarazko izena jasotzen duten elementu guztiak gaurkotu beharko dituzte. Aldaketa hori «apurka» egingo dela aurreratu du ganberako presidenteak. Foru arau proposamenak ere eskumena ematen dio aldundiari egokitzapena «modu progresiboan» betetzeko neurriak har ditzan.

Aldaketa egun batetik bestera ez dela nonahi ikusiko argi dute Biltzar Nagusietako lehendakaritzan. «Egoitzaren kanpoaldean izenarekin dauden errotuluak berehala aldatuko ditugu. Heldu den urtean web orrialdea berritzeko proposamena dago, eta hor kontuan hartuko da. Paperak ere aldatuko dira aurrerago. Ez da izugarrizko aldaketa, grafikoki ere ez», zehaztu du Elosegik. Azken finean, bi letra kendu eta bat sartzea baino ez da, baina txikikeria horrek beti eragin du nahasmena euskaraz foru parlamentua aipatzeko. Igandetik aurrera, Batzar Nagusiak izango ditu Arabak. Bizkaiak eta Gipuzkoak bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna