«Beste errekor bat»

Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du tenperaturak oso altuak izaten ari direla aurten ere. Hamalau hilabetean, inoizko gorenak

Aste honen hasieran, 38 gradu Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2016ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Urteko lehen sei hilabeteetako datuei erreparatuta, azken urteotako kezka bere hartan dagoela ohartarazi du Munduko Meteorologia Erakundeak. Hilabete bakoitzak marka altuagoa eman du aurreko urteetako datuen aldean. Hamalau hilabete segidan badira egoera horretan dela. «Beste hilabete bat, beste errekor bat; eta, hilabeteak joan ahala, halaxe», nabarmendu zuen atzo, datuen berri ematearekin batera, erakundeko Klimaren Ikerkuntzako zuzendari David Carlsonek. XX. gizaldiko batez besteko tenperatura baino altuagoa izan duen 38. hilabetea ere izan da igaro ekaina. Segidan gertatzen ari dira errekor horiek guztiak, gorako joera etenik gabeko batean. 1984. urtean egon ziren tenperaturak azkenekoz batez besteko horretatik behera. Eta neurtu egin dute zenbatekoa den, azkenean, horrek guztiak dakarren aldaketa: aurtengo lehenengo hilabeteetako datuen arabera, batez besteko tenperatura industrializazio aurreko garaikoa baino 1,3 gradu altuagoa da.

Carlosenek azaldu zuenez, hilabeteotan Artikoko izotza aurreko urteetan baino lehenago ereurtu da, eta bizkorrago. Eta Lurraren berotzearen ondorioz gertatzen ari den klima aldaketaren erakusgarria da hori ere. Munduko Meteorologia Erakundeko ordezkariek esan dute aski ondo ikusi dela Artikoko elur geruzan: «Harrigarriki meharra izan da»

Erakunde horrek NBE Nazio Batuen Erakundearen abaroan dihardu: haren zientzia aholkulari da klima aldaketaren auzietan. Adi erreparatu die tenperaturei; karbono dioxido isuriei ere bai. Eta errekorrak atzeman dituzte horretan ere urtarriletik ekainera bitartean. Are gehiago, neurketa horiek muga arras «sinboliko» bat apurtu dute aurten lehenbizikoz: atmosferan, milioiko 400 zati karbono dioxido baino gehiago neurtu dituzte, eta nabarmendu dute joera gorakoa dela, gainera.

Ondorio larriak

«Urteko lehen sei hilabeteetan ikusi duguna kezkagarria da, nabarmentzekoa; ez hilabete bat beroagoa izan delako, patroi harrigarri horiek lehen sei hilabeteetan errepikatu direlako baizik», nabarmendu zuen atzo Carlsonek. Susmoa bazuten zientzialariek 2015. eta 2016. urteetan jazotzekoa zen El Niño fenomenoak tenperaturen igoera areagotuko zuela, baina kezkatuta daude fenomeno hori bukatuta ere gorako bideak ez duelako amaierarik.

Sarri askotan ohartarazi dute adituek horrek ekar ditzakeen arriskuez: bero bolada handiak, eurite bortitzak eta zikloi arriskutsuagoak, besteak beste. Gogorarazi dute aldaketa horietako batzuk jada atzeman daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.