Langabezian direnei doako euskara eskolak eskaintzen hasi dira Lanbide eta HABE

Hiru eremutako langabeekin jarri dira abian: merkataritza, ostalaritza eta arreta soziosanitarioa. Lanbide egiten da matrikularen kostuaren kargu

Ikasle batzuk, euskaltegian. Artxiboko irudia. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Doako euskara ikastaroak egiteko aukera jarri die Eusko Jaurlaritzak langabeei. Aurtengo ikasturtean abiatu dute egitasmoa, hiru esparrutan aritu nahi duten langabeekin: merkataritza, ostalaritza eta arlo soziosanitarioa. Ohiko euskaltegien bidez ari dira ikastaroak ematen, oinarrizko euskara gaitasuna lortzea helburu: A1, A2 eta B1 mailak eskaintzen dituzte. Jaurlaritzak BERRIAri helarazitako datuen arabera, 92 lagun ari dira ikastaroak egiten gaur egun. Asmoa dute datorren ikasturtean Lanbiden izena emanda dauden guztiei eskaintzeko eskola horiek.

EAEko Arartekoaren gomendio baten ostean jarri dituzte martxan ikastaro horiek. Gogoan izatekoa da herri batzuetan udalek ordaintzen dizkietela euskara eskolak langabeei —Donostian, adibidez—, baina beste batzuetan ez dago halakorik. Hain justu, Bilboko herritar baten kexua jaso zuen Arartekoak 2015ean; salatu zuen udalak ez zuela laguntzarik ematen langabeek euskara ikasteko. Arartekoak ohartarazi zuen horrek «konparaziozko bidegabekeria egoerak» sortzen dituela: herri batzuetan doako euskara eskolak dituzte langabeek, eta beste batzuetan, ez. Gai hori bideratzeko eskatu zion Jaurlaritzari.

Bidenabar, Lanbideren eskaintzako hutsuneez aritu zen Arartekoa: «Beste hizkuntza batzuen ikastaroak ematen dira, baina ez euskararenak». Nabarmendu zuen euskaraz jakiteak langabeen enplegagarritasuna areagotzen duela, eta euskara biziberritzeko prozesuan ere bultzada dela hori.

Enplegagarritasuna hobetu

2015eko apirilean egin zuen gomendioa Arartekoak, eta ikasturte honen hasieran eman du pausoa Jaurlaritzak, irailean: akordio bat egin du Lanbidek HABErekin, euskara eskolak ematen hasteko. Langabeek gaitasun profesionala eskuratzeko ikastaroetan euskara ere sartzea erabaki dute. Txostenean azaldu dute langile elebidunen eskariak «gora» egin duela jendeari arreta ematearekin lotutako alorretan. Horregatik, gobernuak azaldu du «euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza» jarri behar dela, «langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera». Lanbidek horretarako baliabide «nahikorik» ez duenez, eskolak emateko ardura HABEk hartu du: euskaltegi publikoen eta homologatuen bidez ematen ditu eskolak. Jaurlaritzak azaldu du nahi duten euskaltegian izena emateko modua jarri dietela aurten langabeei, «euskaltegi horretan eratuta zeuden ikastaroetan matrikulatuz».

Gutxienez eskolen %75era joatera behartuta daude ikasleak; hori betetzen ez dutenak edo «aprobetxamendurik eza» bistakoa dutenak bota egingo dituzte.

Prestakuntza programari dagokionez, egokitu egin dituzte A1, A2 eta B1 mailak hiru alorretara: ostalaritza eta turismoa, merkataritza eta arreta soziosanitarioa. Hiru maila horiek dira nagusiak, baina atea ireki diote B2 mailako ikastaroak emateko ere —First tituluaren parekoa da—; ikaslearen maila neurtzeko proban B1 maila gaindituz gero, B2ko ikastaroetara bideratzen dute. Izatez, Jaurlaritzaren datuen arabera, 92 ikasleetatik hamasei ari dira B2an; 11k B1 mailan dihardute; 25ek, A2an; 23k, A1ean; eta hamazazpi aldi berean ari dira A1 eta A2 lantzen.

Datorren ikasturte hasieran, «Lanbiden inskribatutako langabe guztiei» eskaini nahi diete doako euskara ikastaroetan sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.