Gipuzkoako EHNE utzi eta egitura berri bat sortuko du afiliatu talde batek

Zatiketa batik bat bi faktorek eragin dutela diote: EHNEk barnean gehiegi hartu nahi izateak eta herrialdeko egitura «anakronikoa» izateak
Talde berriko kideak, atzo, Donostian egindako agerraldian.
Talde berriko kideak, atzo, Donostian egindako agerraldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Miren Garate -

2014ko uztailak 23
Zuzendaritza taldeko 11 kideetatik zazpik dimisioa eman ostean, erabateko normaltasunik gabe funtzionatu du Gipuzkoako EHNEk azken bizpahiru urteetan. Sindikatuak bihar du egitekoa kongresua Tolosan, datozen urteetako norabidea zehaztu eta bailaretako hautagaiak aukeratzeko eta zuzendaritza berritzeko. Afiliatu talde batek iragarri du ez duela parte hartuko kongresuan eta sindikatua utziko duela. «Ez dago baldintza demokratikorik gure sindikalismoari buruzko ikusmoldea Gipuzkoako EHNEn garatzeko», esan zuten, atzo, Donostian egindako agerraldian.

Marije Intxaustik eta Enrike Gisasolak hitz egin zuten EHNE Gipuzkoa utziko dutenen izenean. Sindikatuko presidente izandakoa da Intxausti, eta azken zuzendaritza taldeko kide ohia Gisasola. Oraindik ez dute argi talde berriak zein egitura izango duen. «Ideia da hausnarketa egitea nekazaritza arloko sindikalismoaren inguruan, krisian dagoela ikusten baitugu, ez bakarrik Gipuzkoan. Ez dugu argi sindikatu izan behar duen edo ez, baina bai aldarrikapen lan hori egin behar duela», azaldu zuen Gisasolak. Euskal Herriko zerbait izatea da hasierako aurreikuspena, eta, horretarako, gainerako herrialdeetako «egiturekin» jarriko dira harremanetan, hau da, sektorearekin zerikusia duten elkarteekin.

Orain artean egindako bileretan 40 bat lagunek parte hartu dute. Oraindik ez dute sindikatua utzi. «Pare bat astean babesa bildu eta modu kolektiboan aurkeztuko dugu eskaera sindikatuaren bulegoetan». Gisasolaren esanetan, jende asko ikusten dute haserretuta EHNEren martxarekin, eta uste du «tantaka-tantaka» joango dela jendea sindikatua uzten. «Gogorra da esatea, baina, niretzat, EHNEk gaur egun baserriari kalte handiagoa egiten dio mesede baino. XXI. mendeko baserriak XXI. mendeko sindikatua behar du».

Gipuzkoan sortutako hausturari buruzko galdetuta, azaldu zuen kontua urte batzuk lehenagotik datorrela. «Hau pertsonen arteko ezinikusia baino ez dela diote orain arteko ildoari jarraitzearen aldekoek. Guk esaten dugu ezinikusi hori ondorio bat baino ez dela». Zatiketa, batik bat, bi faktorek eragiten dutela dio. «Barnean gehiegi hartu nahi izateak sortzen du gatazka bat. Zaku berean sartzen dira nekazaritzatik aberastu nahi dutenak eta nekazaritzatik bizi nahi dutenak, eta multzo berean sartzerik ez dago, interes ezberdinak dituztelako batzuek eta besteek».

Gisasolarentzat, egiturari lotutakoa da beste arazo iturria. «Sindikatua duela 40 urte sortu zen baserritar pila batekin. Baserritarrak ehundik batera gutxitu gara, baina egiturari eutsi zaio. Herrialdeetako sindikatuek inertziaz jarraitu dute funtzionatzen, baina oinarririk gabe geratu dira, gatazka txiki batek sekulako lurrikara sortzen du». Gipuzkoako funtzionamendu horri «anakronikoa» deritzote.

«Auzitarako, gogorik ez»

Urte batzuk lehenagotik zetorren kontua Gipuzkoako EHNEk VII. kongresura deitu duenean lehertu da. 2012ko azaroan zen egitekoa berez. «Zuzendaritzako 11 lagunetik zazpik alde egin zuten, eta sindikatua hala ezin zela kudeatu iritzita, ezohiko batzarra eskatu genuen, eta, gogo txarrez bada ere, onartu egin ziguten lehengo ildoarekin jarraitzearen aldekoek». Hainbat desadostasun tarteko, batzarra sei hilabete atzeratzea adostu zuten gero, baina orduan ere ez zen egin.

«Batzarra baino hamar egun lehenago gutuna jaso dugu etxean deialdiarekin. Goiz batean erabaki nahi dute sindikatuaren ildo politikoa eta zuzendaritza berria». Zuzendaritza bailaretan hautatu behar dela adierazi zuen Gisasolak, baina bilera horiek ez direla egin; gaineratu zuen deialdiak gai zerrendarik ez zuela, eta prozesua zuzendu duen zuzendaritzak ez duela aski quorumik, 11tik lau bakarrik geratzen direlako. «Auzitara jotzeko aukera genuen, baina ez dugu gogorik, geratzen zaigun indar apurra istorio berri hau sortzen erabiltzea nahiago dugu».

Lurrari lotutako nekazaritza lelopean egingo du kongresua Gipuzkoako EHNEk. «Iparrorratz izango diren dokumentuak bozkatuko ditugu», azaldu zuten sindikatuko ordezkariek aurreko astean. Besteak beste, aztergai izango dituzte Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko ikuspegia, nekazari gazteei sektorerako sarrera errazteko aukerak, elikadura burujabetzari lotutako gaiak eta merkaturatzeko formula berriak. «Gipuzkoako EHNEko kideei batzarrean parte hartzeko deia egin nahi diegu, denok osatzen baitugu sindikatua eta denon parte hartzea eta iritziak ezinbestekoak baitira», esanez egin zuten deialdia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna