Eledunen batzordea eskatu dute Irabazik eta EH Bilduk 'Cabezudo auziaren' harira

Esan dute Donostiako Udalak sexu erasoen biktimei babesa azaldu behar diela, eta argazkilariaren kasuan, adibidez, ez duela horrela jokatu

Justizia eskatzeko elkarretaratzea, atzo. Pankartari helduta, ezkerretik bosgarrena, Santi Antero. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Inondik inora ere ez gaitu gogobete erantzunak». Irabazik eta EH Bilduk hainbat galdera egin zizkioten atzo Donostiako Udaleko gobernuari jakiteko zer arta eman zaien sexu erasoen biktima diren emakumeei; berriki, bi kasuk hartu dute oihartzuna hirian —Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako salaketek eta hiriko tatuatzaile baten atxiloketak—, biktima ugari daude tartean, eta jakin nahi zuten ea udalak horiei laguntzarik eskaini dien. Duñike Arrizabalaga zinegotziak (PSE) esan zuen eraso gehiago ere izan direla eta «biktima oro» babestuko dutela beti.

Ahula iritzi zioten erantzunari, eta erabaki bat hartu zuten EH Bilduk eta Irabazik. «Ez dugu gehiago itxarongo. Erregistratuko dugu eskari bat bozeramaileen batzorde bat egin dadin propio gai honekin», adierazi zuen EH Bilduko zinegotzi Naiara Sanpedrok. «Biktima guztiak ezberdinak dira, eraso guztiak ere bai; baina horrek ez du esan nahi salatu behar ez direnik. Eraso sexistarik gabeko hiri bat nahi dugu, Nik sinesten dizut dioena: zeren zain gaude? Eraso oro jendaurrean salatu behar da». Irabaziko ordezkari Amaia Martin antzera mintzatu zen: «Udal gobernua ja berandu dabil babesa ematen».

Cabezudoren biktimen alde eratu den plataformako kideek udaletxe aurrean elkarretaratze bat egin zuten justizia eskatzeko, eta deitoratu zuten udala ez jarri izana harremanetan haiekin. «Biktimen identitatea ezkutuan dago, eta horrela izan behar du. Baina gu hemen gaude; abokatua ere bai. Inork ez du guregana jo», azaldu zuen Kote Camachok. «Erantzukizunik ez dutela hartu nahi iruditu zaigu. Bortxatzaile asko daudela esan dute, eta besteek ere izen eta abizenak dituztela. Bai, ulertzen dugu. Baina hau berezia da, batez ere, boterearen hegalpean jardun zuelako argazkilariak, eta auzibideak bost urte daramatzalako». Kritiko, Eriz Alberdi ere: «Inolako adierazpenik ez dago gai honen inguruan instituzioaren partetik: badirudi ez dela ezer gertatu». Haien ondoan emakumeen salaketak bideratzen ari den abokatua zegoen, eta esan zuen jada hamasei emakumek egin dutela auzitarako bidea.

Kanpaina bat Nafarroan

Nafarroako Gobernuak kanpaina bat jarri du martxan jai giroan sexu erasoak saihesten laguntzeko. Jaietan ere andreek libre ibili behar dutela aldarrikatzea da jomuga. Iaz 179 udalek egin zuten bat kanpainarekin, eta herritarren %90engana heldu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.