Euskararen aldeko sokatik tiratzen jarraitzeko eguna

Vianan ospatuko da 2016ko Nafarroa Oinez, igandean. Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolen artean antolatu dute eguna

Nafarroa Oinez-en antolatzaileak, ikastolen elkarteko egoitzan egindako aurkezpenean, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskararen erabileraren sokatik gogor tiratu nahi dute Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolek. Eta ideia horrekin osatu dute igandean ospatuko den Nafarroa Oinez-en leloa: Hartu, tenka, tira!. Atzo egin zuten Nafarroako ikastolen jai egunaren aurkezpena. Aurtengoa «historikoa» izan daitekeela uste du Iñigo Telleria Lodosako Ibaialde ikastolako zuzendariak: «Lehendabiziko aldia da bi ikastolak elkarlanean antolatzen dutela Nafarroa Oinez. Gainera, ikastola txikiak dira gureak».

Dena den, Telleriak esan du Vianara joango direnek egin dezaketela eguna historikoa, eta hori lortzeko «denon eskuak» behar direla. Ebro inguruan euskarazko hezkuntzak dituen «mugak» gainditu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzea dira helburuak.

Unai Arellano Txikiak Handi egitasmoko arduradunak azaldu duenez, 1992ko Nafarroa Oinez-erako sortutako kanta berreskuratuta eta moldatuta sortu dute aurtengo abestia, Arraroa noski. Bost hizkuntza gutxitu erabiliz birsortu dute: «Katalana, kitxua, kaxubiera, korsikera eta euskara erabili ditugu».

Lau gunetan banatutako 3,6 kilometroko hiri ibilbidea antolatu dute Vianan barrena. Lehendabiziko biak familientzat pentsatu dituztela azaldu du Miren Balmaseda Nafarroa Oinez-eko ekintzen arduradunak. Hirugarrena, berriz, gazteentzat prestatu dute: «ETS, Trikidantz eta Kometa taldeen emanaldiak antolatu ditugu gune horretan». Laugarren gunean, Izaki Gardenak taldearen kontzertuaz gain, Kiki eta Moko pailazoen ikuskizuna eta bertso musikatuak ere antolatu dituzte. Ikastolen arteko Erronkaren hirugarren aldia ere mantendu dute. Ekintzak antolatzeko orduan, Balmasedak nabarmendu du Viana eta Lodosa inguruko artistak kontuan hartu dituztela bereziki.

Bestalde, laugarren gunean kokatu duten paellaren jantokiari Benigno Mendia urdiandarraren izena jarri diote. 2005eko Nafarroa Oinez-etik aurrera paellaren lantaldea koordinatzeaz arduratu zen, eta iazko urrian zendu zen.

Sexu erasoen aurka

Elizondon 2015ean antolatu zenNafarroako ikastolen jaian izandako sexu erasoa dela eta, horrelakoak eragozteko kanpaina ere martxan jarri dute aurten. Maite Otero Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak jakinarazi du Jaiak aske bizi eta gozatu leloa duten 50.000 itsasgarri banatuko dituztela igandean. Horrez gain, ingurumen kaltea murrizteko, ontzi berrerabilgarriak baliatu eta egunaren amaieran itzultzeko eskatu du Oterok. Horrekin batera, «ahal den neurrian» Vianara joateko autoa ez erabiltzea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.