Boterean betikotzeko lehen pausoa eman du Erdoganek Turkian

Hauteskundeak irabazita, Turkiako presidente izango da Erdogan; botoen %51,8 jaso ditu.

Karguari ahalmenak handituko dizkio
Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentetzarako bozen garaipena ospatzen.
Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentetzarako bozen garaipena ospatzen. STR / EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko abuztuak 12
Inkestek aurreikusi bezala, Recep Tayyip Erdoganek hartuko du Turkiako presidente kargua, herenegungo hauteskundeetan botoen %51,8 lortu eta gero. Ekmeleddin Ihsanoglu CHP Herri Errepublikanoaren eta MHP Mugimendu Nazionalistaren alderdien hautagaiak bozen %38,5 jaso ditu. Selahttin Demirtas HDP Herriaren Alderdi Demokratikokoak, berriz, %9,8 lortu ditu, eta hiru puntu igo du aurreko hauteskundeetako marka. Lehen aldiz, zuzeneko hauteskundeen bidez presidentea aukeratu dute turkiarrek; orain arte, parlamentuari zegokion eginkizuna.

Emaitzok politikaren lehen lerroan jarraitzea ahalbidetuko diote Erdogani. AKP Justizia eta Garapenaren alderdi kontserbadoreko buru eta hamabi urtez lehen ministro izandakoak, lotura guztiak hautsi beharko ditu kargu horiekin, presidente izenda dezaten. Izan ere, presidentetzak izaera neutrala eta zeremoniatsua dauka gaur egun, ahal handirik gabekoa. Halere, uztailerako jakinarazi zuen Erdoganek konstituzioa aldatzeko asmoak zituela, Turkia estatu presidentzialista bihurtzeko karguaren ahalmenak handituz. Aldaketak aurrera eramateko, parlamentuaren bi herenek eman beharko diote babesa. Hortaz, 2015ko hauteskundeak erabakigarriak izanen dira.

«Gaur egun berri bat da, mugarria, Turkiaren jaiotza, errautsetatik berpiztu den eguna». Horrela mintzatu zitzaien Erdogan herenegun gauean Ankarako AKPren egoitzaren azpian zeuden jarraitzaileei: «77 milioi herritarren presidente izanen naiz, ez bakarrik bozkatu nautenena» azpimarratu zuen. «Banderagatik, herrialdeagatik eta jendearengatik lan egiten dutenen presidentea izanen naiz». Aksam egunkariak «herriaren iraultza» gertatu dela aipatu zuen. «Erdoganen garaipen historikoa» izan zen Haberturk-en izenburua.

Oposizioak beste ikuspegi bat erakutsi zuen, ordea. Birgun egunkariak nabarmendu zuen «turkiarren erdiek legitimatzen ez duten presidentea» dela. Bestalde, Sozcu-k hau zeraman azalean: «Txotxongiloa nahi da lehen ministro gisa». Horrela, gobernua kontrolatzen jarraituko luke Erdoganek presidentetzatik. Oposizioaren ustez, Mustafa Kemal Ataturk Turkiako Errepublika sortu zuenaren ideal laikoetatik urrun dago Erdogan. Islamean errotutako politika bultzatzea eta berekin bat ez datozenekiko intolerantzia leporatzen diote.

Horrez gain, liskarrez betea egon da lehen ministro gisa eginiko azken bolada. Iazko udan Turkiako Gobernuaren aurkako mobilizazio ugari izan ziren, eta, handik gutxira, ustelkeria eskandalua piztu zen alderdian. Horrek Erdoganen ospea txartu zuen, hauteskunde aurreko inkesten arabera. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak argitaratu zuenez, AKPk martxoko hauteskundeetan lortutakoa baino babes gutxiago du Erdoganek. «Pertsona gisa bere alderdiak baino boto gehiago lortzeko ahalmena duen mitoa desegin da», azaldu du Rasit Kaya ODTU Ankarako unibertsitateko politologoak. Haren ustez, %51,8 ez da «inolaz ere garaipen handia».

Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Erdogan zoriondu zuen. Uste osoa du presidente berriak jarrera bateratzailea izanen duela eta kurduekin ados jartzeko ahaleginetan jaraituko duela. Turkia Europako Batasunaren «kide garrantzitsua, atzerri politikan aliatua eta Europako Batasunean sartzeko hautagaia» dela gaineratu zuen, eta espero du alor horietan «elkarlana indartzea».

Atzo bertan hasi zituen AKPk Turkiako lehen ministroa ordezkatzeko eztabaidak. Huseyin Çelik alderdiko bozeramaileak jakinarazi duenez, abuztuaren 27an emango dute erabakiaren berri, presidentearen izendapena baino egun bat lehenago. Ahmet Davutoglu Atzerri ministroa da hautagai nagusia.

Botere nahia

Erdoganek ez du inoiz ukatu botere nahia, eta haren xedea da 2023ra arte presidentetzan egotea, Turkiako Errepublikaren sorreraren 100. urteurrena betetzen den urtera arte, alegia. Eta AKPren ibilbidea luzea izango dela igarri zuen gazteei mintzatu zitzaien hitzaldi batean: «Alak hala nahi badu, guk 2023. urtea eraikiko dugu, eta zuek 2071.a. [1.000 urte beteko dira Manzikerteko guduan turkiarrak Anatolia penintsulan sartu zirela]».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna