India ipar-ekialdeko liskar etnikoetan gutxienez 78 lagun hil dituzte

Gobernuak kanpaina militarra hasi du bodo gerrillarien aurka, Assam estatuko gutxiengoen aurkako oldarraldietan parte hartu dutelakoan
Sonitpur barrutiko herritarrak, arku eta geziak eskutan, herrixka defendatzeko gertu.
Sonitpur barrutiko herritarrak, arku eta geziak eskutan, herrixka defendatzeko gertu. STR / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 26
Egunak igaro ahala, hildakoen kopurua gora doa. India ipar-ekialdeko Assam estatuko liskar etnikoetan gutxienez 78 lagun hil dituzte egunotan; azkenak atzo bertan, PTI agentziak aipatutako polizia iturrien arabera. Zaurituak ehundik gertu lirateke. Asteartean hasi ziren etnien arteko borrokak, ustez NDFB Bodolandeko Fronte Nazional Demokratikoko kideek adivasi tribuko herrixkei eraso egitean, Kokrajhar, Sonitpur eta Chirang barrutietan. Ordu batean lau herrixkei eraso zieten. Indiako hedabideek aipatutako polizia iturrien arabera, gutxienez 70 lagun hil zituzten, gehienak haurrak eta emakumeak. Gertakariak bodo herritarren aurkako mendeku gosea piztu du, eta haien aurkako erasoetan lau lagun hil zituzten atzo Kokrajhar herrian, beste hainbat etxebizitza erretzearekin batera. Halaber, bodo gerrillarien erasoak protesta uholdea eragin du, eta Poliziak beste hiru adivasi hil zituen manifestazio batean. Gobernuak etxean geratzeko agindua ezarri du, eta 5.000 soldadu eta helikopteroak bidali ditu ingurura, liskarrak baretu eta bodo militanteen aurka egiteko.

Narendra Modi lehen ministroak gogor gaitzetsi ditu erasoak, eta biktimen familientzako diru laguntzak hitzeman ditu. Pranab Kumar Mukherjee Indiako presidenteak adierazi du «erantzun irmoa» emango dietela. «Ez dugu etsiko erasoen egileak justiziaren aurrera eraman arte. Assam estatuko gobernuari eskatzen diot biktimei laguntza osoa emateko». Liskar etnikoak zabaltzeko beldurrez, milaka herritarrek Assam utzi dute, eta Bengala eskualdera ihes egin dute.

Poliziak NDFBko Songbijit adarrari egotzi dizkio erasoak. Poliziaren arabera, iragan asteko operazioari erantzuna eman nahi izan diote matxinoek. Izan ere, NDFBko 40 bat kide hil zituzten Assamgo segurtasun indarrek, eta arma eta munizio ugari atxiki zizkieten. «NDFBko militanteek herritar errugabeak hartu dituzte jomugan, helburu samur baten bila ari baitziren mendekua hartzeko», esan du Assam estatuko ministroburu Tarun Gogoik.

Halere, Indiako hedabideek gobernua kritikatu dute, erasoak galarazteko nahikoa ez egiteagatik. The Indian Times egunkariaren arabera, zerbitzu sekretuek bazuten NDFBren asmoen berri.

Borroka etnikoak ohikoak dira Assam estatuko inguru horretan. Iragan maiatzean 31 lagun hil zituzten gutxiengo etnikoen aurkako oldarraldietan. 2012ko borroketan ehundik gora lagun hil zituzten, eta herri osoak suntsitu zituzten. Dozenaka milaka errefuxiatuk ihes egin behar izan zuten.

Kolonialismoaren aztarnak

Aniztasun etniko handiko eskualdea da Assam mendebaldea; 220 talde etniko baino gehiagoren bizitokia da. Beste lau herrialderekin egiten du muga: Txina (Tibet), Myanmar, Bhutan eta Bangladesh. Indiak Erresuma Batutik independentzia lortu zuenetik, estatuaren aurkako hamaika matxinada izan dira inguru horretan. Etnien arteko harremanak hauskorrak izan dira betidanik, eta lurraldetasuna eta nortasuna izan dituzte borroka arrazoi. Dozenaka talde armatu sortu dituzte, independentzia edo autonomia handiagoa eskatzeko. Gehienek su-etena iragarri dute, eta gobernuarekin bake elkarrizketak izaten hasi dira.

Bodo herritarrak gehiengo dira Assamen, eta 2003ko akordioaren ondotik hainbat pribilegio eta eskumen eskuratu zituzten etnia horretako agintariek. Halere, akordioak ez du eskualdea baketzea lortu. Gehienetan, musulmanak eta beste gutxiengo etniako kideak dira liskar eta istiluen biktimak.

Bake elkarrizketen aurkakoa da NDFBko Songbijit adarra, astearteko erasoen ustezko egilea. Haren helburua da bodo herritarrentzako estatu burujabe bat sortzea.

Musulmanak, berriz, Assam estatuko biztanleen herenak dira. Britaniar Inperioak te soroetan lan egitera ekarritako Ekialdeko Bengalako herritarren ondorengoak dira haietako asko. Beste asko, ordea, Bangladeshetik iritsitako etorkinak dira.

Bodoak indigenak dira; eskualdeko jatorrizko herritartzat dute beren burua. Eskualdeko talde etniko handiena izanagatik, beste talde gutxiengo guztien batasunak boteretik urrun ditzake, eta horrek bultzatu ditu hainbat agintari immigrazioaren aurkako muturreko diskurtsoa hartzera eta gutxiengoen aurkako gorrotoa sustatzera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna