Zuloz betetako gazta

Milizia nagusien arteko botere lehiengatik, etengabeko blokeoan dago Libia; orain, nazioarteari esku hartzeko eskatu dio sektore batek

Samara Velte -

2014ko abuztuak 31
«Erabateko nahastea». Motz gelditu dira François Hollande Frantziako presidenteak Libiako egoera deskribatzeko erabili dituen hitzak. Muammar Gaddafi agintetik kendu eta ia hiru urtera, subiranotasuna aldarrikatzen duten bi parlamentu ditu, aginte zentralik ez, eta tokian tokiko botere zati batengatik borrokan dabiltzan ehunka milizia. Gatazkaren erdian, nazioarteari esku hartzeko eskatu dio sektore batek. Ibrahim Dabbaxi Libiak NBEn daukan enbaxadoreak ere ohartarazi du gerra zibilaren atarian egon litekeela herrialdea.

2011ko Udaberri Arabiarrek ekarritako udazken ilunenetakoa da Libiakoa. Gaddafi agintetik kendu zutenean, ordura arte zentralizatuta egondako boterea mila zatitan hautsi eta sakabanatu zen. Gauza bera gertatu zen armadarekin, eta herrialdea Afrika Iparraldeko armen bazar handiena bilakatu zen. Gaddafiren aurka aliatutako taldeek aise eskuratu zuten material militarra, eta nonahi sortu ziren gatazka armatuak. Milatik gora milizia daude; batzuek aliantzak osatu dituzte, eta bakoitzak aldarrikatzen du bere lurralde zatitxoa.

2012an egin zituzten Gaddafiren osteko lehenbiziko hauteskundeak, baina alferrik izan ziren gobernu zentral sendo bat osatzeko ahalegin guztiak: alderdi bakoitzak harreman estuagoa zeukan milizia batzuekin besteekin baino, eta botereari eusteko erabiltzen zituen maiz. Lehen ministroak bata bestearen atzetik jarri eta kendu dituzte kargutik —hiru urtean bost—, eta Gaddafiren gainbeheratik idatzi nahi zuten konstituzioaren arrastorik ere ez dago gaurdaino.

Egungo gatazkaren gakoak

Aurtengo udaberrirako, hiru aliantza handiren inguruan bilduta zeuden Libiako milizia nagusiak. Egunsenti Libiarrak 2012ko bozetatik sortutako legebiltzarra babesten du —Kontseilu Nazional Orokorra—, eta Tripoli kontrolpean daukalako da hain ahaltsua. Hiriburuko aireportua, ordea, Zintan aliantza nazionalistaren kontrolpean egon da Gaddafi erori zenetik duela gutxira arte. Hark ekialdean du boteregunea, eta Khalifa Hifter koronel ohiaren indarrekin aliatuta dago. Hifter Gaddafiren garaiko militarra da; 1960ko hamarkadan boterera heltzen lagundu zion, baina gero etsaitu eta AEBetan igaro ditu hogei urte. 2011ko istiluetan agertu zen berriro, Gaddafiren aurkako protesten irudi. Azken urteotako gobernuetan kargurik eduki ez duen arren, eragin handiko pertsonaia da Libiako gatazkan. Bengazi inguruan du, batez ere, boterea; islamisten aurka diharduela dio, baina askok botere gosea baino ez izatea leporatzen diote. Maiatzean, haren miliziek Tripoliko parlamentuari egin zioten eraso; estatu kolpea ematen saiatzea egotzi zioten.

Ekainaren 25ean berriro egin zituzten hauteskundeak, giroa baretzeko asmoz. Alderdi nazionalistek emaitza hobeak lortu zituzten, eta legebiltzar berria eratu zuen, Abdula al-Tani gobernuburu ipinita. Islamistek ez zuten onartu, eta Kontseilu Nazional Orokorrak —parlamentu zaharrak— botereari eutsiko ziola iragarri zuen. Uztailean istilu larriak izan ziren hiriburuan, eta, azkenean, Egunsenti Libiarrak aireportua ere hartu zuen kontrolpean. Parlamentu berriak Tobrukera aldatu zuen egoitza, hiriburutik 1.200 kilometrora, Diputatuen Kongresua izenarekin.

Elkarren zilegitasuna ukatzen duten bi parlamentu ditu orain Libiak. Tripolikoak «salbazio nazionaleko gobernua» osatzeko agindua eman dio aste honetan Omar al-Hasiri, eta atzo Tobrukekoak izendatutako gobernuak eman zuen dimisioa.

Bi instituzioen arteko gatazka nagusietako bat nazioartearen esku hartzearen ingurukoa da: parlamentu berriak eskatu du, zaharrak inbasiotzat dauka. Frantzia prest agertu da dagoeneko: parlamentu berriari «babes berezia» emateko eskatu dio Hollandek NBEri, baina hark ohartarazi du arriskutsua dela, gatazka aise zabal daitekeelako inguruko herrialdeetara. Libiaren Bizilagunak taldeak lau bilera egin ditu dagoeneko, eta, beti irtenbide diplomatiko baten alde mintzatu diren arren, The New York Times egunkariak miliziei isilpean eraso egitea leporatu diete Egiptori eta Arabiar Emirerri Batuei aste honetan. Barrutik zein kanpotik hurbiltzen zaizkio saguak bestela ere zuloz beteta dagoen gaztari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna