Ukraina ekialdeko gatazka. Bizitza bonba artean (IV)

Kiev erasoaldirako prest dago, Errusiaren presentzia militarra argudiotzat hartuta

NATOk salatu du Errusiako ibilgailu militarrak Ukrainan sartu direla, baina Kremlinak gezurtatu egin du.

AEBek ez daukate «informaziorik»
Miliziano kosako bat, Stanistxa Luhanskaia herrian, gerra fronteen arteko gune desmilitarizatuan.
Miliziano kosako bat, Stanistxa Luhanskaia herrian, gerra fronteen arteko gune desmilitarizatuan. IBAI TREBIÑO

Lur Gil, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 14
Gero eta nabariagoa da Ukrainako Gobernuaren eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken arteko ezinikusia. Bi lurraldeen arteko guda frontean nabaria da elkarrizketarik eza; lurralde horretan, bakea eta Minskeko akordioen betetzea ametsik baikorrenean ere ezin daitezke sumatu.

Eskala handiago batean ere, bi polo ongi bereiziak ageri dira: Errusia, ekialdeko matxinoekin sintonian; eta AEBak, Kievekin lerrokatuta. ESLAk eta NATOk plazaratutako azken informazioak aldeen arteko bereizketa hori berretsi besterik ez du egin. Herenegun Errusiako bi konboi militarren presentzia salatu zuten Ukraina ekialdean; satelite bidez ikusi zituzten. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak eta Joe Biden AEBetako presidenteordeak gogor salatu zuten Minskeko akordioen «urraketa zurruna», eta ondorioak iragarri zituzten.

Errusiak herenegun gezurtatu egin zuen informazio hori. «Ez diegu jada kasurik egiten Philip Breedloven, Europan NATOko indarren komandantearen frogarik gabeko hitzei», adierazi zuen Errusiako Defentsa Ministerioaren bozeramaile Ivan Konaxenkovek. Atzo, berriz, AEBetako Estatu Departamentuko Prentsa Zerbitzuko bozeramaile Jen Psakik onartu zuen ez dutela ESLAren eta NATOren salaketaren frogarik. «NATO eta ESLA eraginkor lan egiten ari dira eskualdean; haiekin elkarlanean gabiltza, eta ez dugu haien informazioa zalantzan jartzeko arrazoirik», gaineratu zuen Psakik.

Komunikabideak guduzelai

Informazioaren kontrolak ezinbesteko garrantzia hartu du Ukrainako gatazkan, eta oso ezberdina da Kievetik ateratzen den informazioa eta errepublika matxinoetan dauden komunikabide eskasetatik ateratzen dena. Luhanskeko Herri Errepublikan Errusiako komunikabideak baino ez daude; salbuespen bakarra euskal komunikabideak dira.

Guda frontean gertatzen denaren informazioa are ilunagoa da. Egunero gertatzen diren borroken emaitzak oso era nahasgarrian heltzen dira komunikabideetara. Ukrainako Gobernuak matxinoen 44 eraso salatu zituen atzo, eta Debaltsebo, Kamenki eta Pavlopol herrietako egoera bereziki larriaz ohartarazi zuen. Donetskeko aireportuaren kontrola duela ere adierazi zuen Kievek, eta baieztatu zuen Ukrainako banderapean dagoela Donetskeko herri milizien epe motzeko helburua izan daitekeen Mariupol ere.

Novorrosiako armadak —Donetskeko eta Luhanskeko herri miliziek bat eginda sortutako armada— adierazi du hiru hildako izan zituztela atzo, eta Gorlovka hirian (Horlivka, ukraineraz) Ukrainako armadaren erasoaldi bat deuseztatu zutela, milizianoen esanetan 15 eta 30 ibilgailu armadun suntsituz. Stanitxa Luhanskaia herrian ere, Ukrainari lapurtutako tanke baten berri eman zuten.

Bilerarako deia matxinoek

Minskeko akordioak betetzen ari direla esaten dute bi aldeek, baina batak besteari ez betetzea leporatzen diote. Frontean ikus daiteke praktikan ez duela ez alde batek ez besteak puntu bat bera ere errespetatzen; eta gatazkaren irtenbidea armekin negoziatzen ari dela, ez parlamentuetan. Luhanskeko eta Donetskeko parlamentuetan ere tentsioak gora egin du herri milizietako komandanteen eta parlamentari zenbaiten artean, desadostasunengatik. Fronteetatik gertu dauden herrietan, esperantza handiagoa daukate milizianoengan, Ukrainaren erasoari aurre egiteko.

Atzo, herri errepubliketako ordezkari politikoek presako bilera eskatu zioten Ukrainako Gobernuari, ESLAren eta Errusiaren bitartekaritzarekin. Minskeko akordioetako ildoetan jarraitzeko asmoa agertu dute matxinoek, eta bilera Bielorrusiako hiriburuan bertan egitea proposatu dute, errepublika matxinatuen parte hartzearekin. «Donetsken eta Luhansken parte hartzerik gabe, gatazka konpontzeko egindako edozein saio porrotera kondenatuta dago; aterabiderik gabeko bide batera eramango luke negoziazio prozesua», adierazi zuen atzo Denis Puxilinnek, Donetskeko negoziazio taldearen ordezkariak.

Bitartean, bake plana kontrolatzeko ESLAren presentzia nabarmena da matxinoen kontrolpeko errepubliketan. Errusiarekiko mugaren aduana guztietan daukate ordezkaritza, eta gobernuen operazio guztietan parte hartzen dute. Frontea, ordea, ez dago kontrolatuta, eta sua dabil alde batetik bestera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna