Sozietate zerga «nahiko apala» dela erantzun dio Azpiazuk Bizkaiari

Alemanian, Frantzian eta Espainian bertan enpresek tasa handiagoak ordaintzen dituztela gogorarazi dio Ogasun sailburuak Cebeki

Jose Maria Vazquez Eguskiza eta Pedro Azpiazu, atzo, Adyperen gosarian, Bilbon. MITXI.
Iker Aranburu - Irune Lasa
2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Tarte labur batean bigarren aldiz zerga kontura talka egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Duela hilabete batzuk, bilketa handitzeko erreforma baten beharra aldarrikatu zuen Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, eta, gehien jota, moldaketa txiki batzuk egiteko prest zegoela erantzun zion Bizkaiak, Gipuzkoaren oniritziarekin. Orain, egokitzapen horretan ere kontrako iritziak erakusten ari dira: enpresek beren irabazien arabera ordaintzen duten zergak, sozietate zergak, «inbertitzaileentzat erakargarriagoa» izan behar duela bota du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta txaloz jaso du lurralde hartako patronalak, Cebekek. Azpiazuk, berriz, iradoki du badagoela zerga hori igotzeko tartea, «nahiko apala» baita Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuarekin alderatuta.

Adype enpresa zuzendarien elkarteak antolatutako gosari bat baliatu zuen Ogasun kontseilariak bezperan Bizkaian abiatutako kanpainari erantzuteko. Rementeria bera baino gehiago, Cebek patronalaren argudioak zituen buruan. Izan ere, Bizkaiko enpresaburuen elkarteak «inguruaren pareko» baldintzak eskatu zituen bere lurraldeko enpresentzat ere.

Zehatzago, Iñaki Garcinuñok Cebekeko buruak eskatu zuen begiratzeko Espainiara —%25eko sozietate zerga— eta Madrilera —ondare zergarik ez du—. Baina hegoaldera begiratu beharrean, Azpiazuk nahiago du iparraldera begiratu: «Beste maila batekoak diren herrialdeetatik gertuago egon gaitezke, eta guk lehen mailan egon nahi dugu». Are gehiago, gogorarazi zien enpresaburuei zerga politika ez dela «lehiakortasun elementu bakarra».

Zergen «txapela»

Baina hegoaldera begiratuta ere, Cebekek ahaztutako datu bat ere gogorarazi zuen Azpiazuk: «2016an, estatuan, sozietate zergak bilketa osoaren %12 hartu zuen; Euskadin %7 inguru hartu du. Hori da kotoiaren proba». Zehatzago izateko, %7,7 izan zen. Are txikiagoa da Nafarroan, iaz zergetan bildutakoaren %6,6 baizik ez zelako enpresen irabazietatik etorri.

Datuak eskuan, Ogasun sailburuak ukatu egin zuen euskal erakundeak «zerga bilketarekin jarduera ekonomikoa ahitzeko asmoa duten ogro batzuk» direla.Baina zerga sistema berritu behar dela berretsi zuen, eta «erantzukizun kolektiboaren» aldeko deia egin zuen, «aztertu egin behar delako nola pasatu txapela nahikotasun finantzarioa izateko». Izan ere, Azpiazuk gogoratu zuenez, 2018. urterako defizit publikoa hiru hamarren murriztu behar da, 210 milioi euro hain zuzen ere. Hori lortzeko, ohartarazi duenez, «gastua murriztu behar da, horrek dakarren tentsio eta arazoekin»

Egoera ekonomikoaren hobetzea zerga bilketa handitzen ari den arren, oraindik «gastuen aldetik tentsio handiak» daudela nabarmendu zuen. Gogoratu zuen langile publikoei oraindik ez zaiela osorik itzuli 2012an kendutako aparteko saria, funtzionarioei ez dizkietela «hainbat urtez» soldatak igo, inbertsio publikoa jaitsi dela, berrikuntzarako dirua «aurten baizik» ez dutela igo eta zerbitzu publikoak «gutxika hondatzen» ari direla nahikoa ez gastatzeagatik.

«Ez diogu ezer lapurtu inori»

Kupoa ere hizpide izan zuen Azpiazuk Adyperen gosarian. «Ez diogu ezer lapurtu inori», aldarrikatu zuen. Negoziazioak «errespetuan, zintzotasunean eta irekitzean» oinarritu dira, «indar posizio bat baliarazi gabe». Ondorio «bikaina» izan dela esan, eta datu teknikoetan oinarrituta dagoela gaineratu zuen: «Duela urte batzuk egin behar ziren zenbaki batzuk egin dira, eta zenbaki horiek teknikaririk prestuenek egin dituzte, legearen barruan».

Espainia aldean Euskal Autonomia Erkidegoak pribilegioak dituela zabaldu den mezuaren aurka, kontzertu ekonomikoa eta kupoa Espainiako Konstituzioan agertzen direla gogorarazi zuen, eta sistema ez doala inoren aurka. «Ni ez naiz sartzen erregimen komuneko akordioekin, eta ez dut pentsatzen akordio horietan norbaiten alde egiten dutenik».

Azpiazuk ukatu egin zuen Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak «neoliberalismoaren eskuliburua» direla, «ahots batzuek dioten moduan». Are gehiago, gezurtatu egin zuen EAJk inoiz politika neoliberalak egin dituela. «Neoliberalismoa da dena merkatuaren esku uzten duen ideologia bat, eta horrek hondamena ekar dezake pertsonentzat eta gizartearentzat». Horregatik, Eusko Jaurlaritza «gizartea merkatuen menpe jartzen duen eredu baten antipodetan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.