Donetsk eta Luhansk larrialdi egoeran, eta Ukraina osoa «alertan»

Kievek beste 60.000 erreserbista mobilizatu ditu, eta, gerraren gogortzearen ondorioz, «larrialdi batzorde bat» eratuko du

Mariupoleko , larunbateko erasoak utzitako kalteak inguruan dituztela. ANASTASIA VLASOVA / EFE.
Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Azken asteotan erasoak gogortu egin dira Ukrainan, eta gerra egoera indartu dela argi gelditu da. Horren adibide asteburuan Mariupoli hirian gertatutako erasoa —30 zibil hil ziren—. Ukrainako Gobernuak herrialde osoan «alerta gorena» ezartzea erabaki du. Horrekin lotuta jakinarazitako neurrien artean, beste 60.000 erreserbista mobilizatuko ditu. Bihar hastekoa da armadara deitutakoak biltzen. Donetsken eta Luhansken, gerran dauden Ukrainako eremuetan, «larrialdi egoera» ezarri du Kievek.

Viktoria Kuxhnir Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi du asteazkenetik ostiralera mobilizatuko dituztela. «Ukrainako eskola militarguztietara eman dugu mobilizazioaren berri, eta dagoeneko lanean hasita daude».

Kievek Ukrainan «alerta gorena» ezarri eta gutxira eman dute armadaren mobilizazioaren berri. Arseni Jatseniuk lehen ministroak azaldu du hartu berri dituzten erabakien helburua «herritar guztien segurtasuna» bermatzea dela. Donetskerako eta Luhanskerako «larrialdi batzorde» bat eratuko dutela esan du Jatseniukek, eta hori, «gatazkako eremuak» gainbegiratzeko erabiliko dutela.

Gobernuaren iragarpena matxinoen asmoei emandako erantzuna izan da. Aleksandr Zakhartxenko Donetskeko Herri Errepublikako buruak armadaren esku dauden herriak «berriz hartzeko» asmoa jakinarazi zuen. «Borrokek jarraitu egiten dute, orain Luhanskeko Herri Errepublikarekin bat egin nahi dugu fronte bateratu bat sortzeko».

Horren berri eman eta gutxira, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluak Ukrinform Ukrainako berri agentziari esan dio armada «defentsa aktiboa» egitera igaroko dela.

Kiev eta matxinoak defentsa edo erasorako taktiken berri ematen ari diren bitartean, dolu egunak dituzte Mariupolen. Donetsk eskualdeko kostaldeko hiria da Mariupol, eta bere kokapenagatik hiri estrategikoa da. Ekialdean matxinoek hartuta dituzten herriak eta Krimea ditu —iazko martxotik Errusiaren parte da—.

Larunbatean artilleria bidez eraso zioten eta 30 hildako eta ehunka zauritu eragin zituzten Mariupolen. Iazko ekainetik Kieven esku zegoen hiria, hala ere, larunbateko erasoa inork ere ez dubere gain hartu, eta, ohikoa duten eran, elkarri leporatzen diote. Ukrainako Gobernuak errusiazaleei egotzi die erasoa, hori gertatu baino lehenago «beste erasoaldi bati» ekingo ziotela esan zutelako. Zakhartxenkok, ordea, ukatu egin du hori. «Egia da beste erasoaldi bati ekin diogula, baina heriotza horien ardurarik ez daukagu».

Asteburuko borroketan armadak zazpi soldadu hil direla adierazi du Vladislav Selezniov Ukrainako armadako bozeramaileak. Borroketako batean botatako obus batengatik 500 meatzari lur azpian harrapatuta geratu ziren. Donetskeko Kievski auzoko meatzearen inguruko zentral elektriko bat jo zuen obusak. Langile guztiak onik ateratzea lortu dutela azaldu dute matxinoek.

Liskarrak bileretan

ESLAko begiraleak Mariupolen izan dira erasoaren inguruko datuak biltzen. Horien arabera, hiriaren «ekialdetik» eta «ipar-ekialdetik» bidalitako misilek jo zuten hiria. 15 eta 19 kilometroko distantziatik bota zituztela ere uste dute. Inguru horiek matxinoek kontrolatzen dituztenak dira ESLAren arabera. Erakunde berak bilera egin zuten atzo. Daniel Baer AEBtako ordezkariak ESLAtik «erabat kanpo» egotea egotzi zion Errusiari: «Mundu osoak ikusten du Errusiak zerikusi zuzena duela azken bonbardaketan». Andrei Kelin Errusiako ordezkariak, berriz, ondorioak ateratzeko «goizegi» dela nabarmendu du. «Donetskeko trolebusaren aurka egindako erasoak Ukrainako indarren aurkako giroa sortu zuen, eta hori kontrolagaitza da».

NATOko agintariek ere bilera egin zuten atzo. Jens Stoltenberg erakundeko idazkari nagusiak adierazi du taldeko kide guztiek gatazkari amaiera baketsua eman nahi diotela: «Minskeko itunetan oinarrituta emango zaio amaiera gatazkari, eta horretarako, indarrak metatu behar ditugu». Vladimir Putin Errusiako presidenteari «matxinoei laguntza emateari» uzteko agindu dio idazkari nagusiak. Putinek, aldiz, Ukrainako armadari esan dio NATOren «atzerriko legioa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.