Katalunia

Junqueras, Forn eta Sanchez ezingo dira egon parlamentuaren osaketan

Gorenak Legebiltzarreko Mahaiaren esku utzi du kartzelatutako diputatugaien botoa delegatzeko aukera. JXCren ustez, abokatuei ez baizik mahaiari dagokio ganberako arautegia interpretatzea
JXC Junts Per Catalunyako hogei bat diputatugai atzo Bruselan, Puigdemontekin —erdian— bildu ondoren.
JXC Junts Per Catalunyako hogei bat diputatugai atzo Bruselan, Puigdemontekin —erdian— bildu ondoren. S. LECOCQ / EFE

Igor Susaeta -

2018ko urtarrilak 13
Oriol Junqueras ERCko zerrendaburua, Jordi Sanchez eta Joaquim Forn JXC Junts Per Catalunyako hautetsiak kartzelatik Kataluniako Parlamentura lekualdatzeko orduan ez dago ziurtatuta, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen ustez, «istilu larririk» egon ezin daitezkeenik. Hori argudiatu du Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako kausa zuzentzen duen magistratuak. Hiru diputatugaiek, beraz, ezin izango dute parte hartu Madrilek inposatutako hauteskundeen ondorengo legebiltzarraren osaketan, datorren asteazkenean; ez eta Generalitateko presidente berriaren inbestidura saioan ere. Abokatuek helegitea jarriko diote erabakiari. Llarenak ez du onartu, gainera, Kataluniako espetxe batera tokialdatzeko Junquerasek egindako eskaera, eta, bide batez, Parlamentuko Mahai berriaren esku utzi du espetxeratutakoen botoa beste diputatugai bati delegatzeko aukera.

Mahaiaren rolaren harira, eta inbestidura telematikoa egingarria den ala ez hizpide hartuta, JXCk uste du ganberako abokatuei ez baizik mahaiari berari dagokiola parlamentuko arautegia interpretatzea. PSCk eta Ciutadansek inbestidura telematikoari buruzko txosten bat eskatu diete jada legebiltzarreko zerbitzu juridikoei. Hainbat hedabidek diotenez, horientzat ez da egingarria presidente bat Skype bidez aukeratzea. Espainiako Gobernuak, bien bitartean, inbestidura moldea hori baldin bada helegitea «berehala» jarriko duela ohartarazi du. «Oso argia da parlamentuko arautegia. Ez du jasotzen presentziala ez den aurkezpenik», nabarmendu zuen, atzo, Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak.

Eta ERCk ere botoa delegatzeaz galdetu die parlamentuko abokatuei, eta txosten bat eskatu. Carme Forcadell oraindik legebiltzarreko presidentea denak eta ganberako diputazio iraunkorrak asteazkena baino lehenago erabaki beharko dute ea onartzen dituzten unionistek eta errepublikanoek egindako eskaerak.

Junquerasen alderdiak eskatutakoari dagokionez, dena den, parlamentuko arautegiak mugak oso argi dauzka: ospitaleratuta, edo gaixo larri, edo ezintasun luzeren bat izanez gero soilik delegatu daiteke botoa. Horrek eragiten die zortzi diputatugairi: espetxeratutako hirurei eta Bruselan erbesteratutako bostei. Halere, parlamentuko arautegia aldatzea litzateke beste aukera bat botoa delegatzeko aukerak zabaltzeko.

Subiranistek 70 eserleku lortu zituzten azkeneko hauteskundeetan, eta botoa delegatzea ez ahalbidetuta ere, mahaiko presidente independentista aukeratzeko nahikoa izango dira haien 62 botoak, Catalunya En Comuk Ciutadansen hautagaiaren alde ez egitea erabaki baitu. Inbestidura saioan, ordea, haien falta gehiago nabaritu daiteke. Independentistek 62 boto lituzkete; unionistek, hautagaitza baten bueltan bat egiten badute behintzat, 57, eta Comukoen zortzi botoak erabakigarriak lirateke. Izan ere, litekeena da haiek hautagaitza independentistaren kontra bozkatzea. Horrek eragingo luke negoziazioak berriro hastea.

JXCk, baina, ez du horri guztiari buruzko adierazpenik egin. Hogei bat diputatugai Carles Puigdemont zerrendaburuarekin bildu ziren, atzo, Bruselan, eta prentsaren aurrean egindako agerraldian ez zuten zehaztu aipatu dituzten bi aukeretako zein baliatuko duten inbestiduran. Elsa Artadi diputatugaiaren esanetan, inbestidura saioaren egunean bertan erabakiko dute nola jokatu. Eduard Pujol bozeramaile eta diputatugaia «ziur dago» urtarrilaren 30ean edo 31n «katalan guztien presidentea» izango dela Puigdemont. Pentsatzen du «arautegia errespetatuz» eraman ahal izango dutela aurrera inbestidura.

Hala egingo balute, osoko bilkurara joan ala ez baloratzen ari direla esan zuen, atzo, Miquel Iceta PSCko idazkaria nagusiak. Catalunya en Comuko bozeramaile Ernest Urtasunentzat, «egingaitza» da Skype bidezko inbestidura: «Bartzelonan dagoen presidente bat aukeratu behar da».

Mendez de Vigorentzat, berriz, «engainu bat» da formula hori, «testu juridikoen kontra doan asmo egingaitz bat». Bide batez, atzo egindako agerraldian galdetu zitzaion ea Katalunian 155. artikulua mantentzea pentsatzen ari ote diren. Ez zuen «espekulazioez» hitz egin nahi izan, baina ez zuen ideia baztertu, eta ohartarazpen bat ere egin zuen: «155.a ezarri zuen gobernuak ez du zalantzarik edukiko legea aplikatzen jarraitzeko orduan».

CUPen kritika JXCri

Puigdemont modu arduragabean jokatzen ari dela iruditzen zaio Maria Sirvent CUPeko diputatugaiari. Exijitu dio JXCko zerrendaburuari azaldu dezala zein «proiektu politiko» duen Kataluniarentzat. «Arduragabekeria da modu argian ez esatea hurrengo urteetarako programa zein izango den». JXCri eta baita ERCri ere «gardentasuna»eskatu die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna