Katalunia

Objektibotasun falta egotzi diote epaileari Sanchezek, Cuixartek eta Junquerasek

Aldebakarreko independentzia deklarazioaren ostean, Traperok Justiziaren esku utzi zituen mossoak, haren abokatuak azaldu duenez
Manifestazio jendetsua egin zuten herenegun, Bartzelonan, preso politikoak libre uzteko eskatzeko.
Manifestazio jendetsua egin zuten herenegun, Bartzelonan, preso politikoak libre uzteko eskatzeko. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko apirilak 17
Kataluniako buruzagi independentisten aurka urtea amaitu baino lehen egingo den epaiketari begira, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarena azken pauso formalak ematen hasi da. Epaiketaren data jakinarazi aurretik, 25 auzipetuei auzipetze autoaren berri emango die, eta atzo abiatu zuen prozedura hori: haren aurretik igaro ziren Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua, Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunyaren presidentegaia eta Jordi Cuixart Omniun Cultural elkarteko presidentea, zein deliturengatik prozesatuko dituzten jakiteko. Hirurek egotzi zioten epaileari orain arte izan duen objektibotasun falta, eta salatu zuten beren ideologia eta ideiengatik epaituko dituztela, mugimendu independentista «kriminalizatzeko».

Llarenaren aurrean deklaratzen lehena Junqueras izan zen, 40 bat minutuz; haren abokatuaren galderei erantzun zien soilik. Kataluniako presidenteorde kargugabetuak argudiatu zuen erreferendum bat antolatzea ez dela delitua: «Independentzia defendatzea eta aukera hori sustatzea guztiz legezkoa da». Horrekin batera, Kataluniako prozesu independentistaren izaera baketsua defendatzeaz arduratu zen, eta epaileak egozten dizkion matxinada eta dirua bidegabe erabiltzearen delituak egin izana ukatu zuen. Iazko urriaren 1eko independentzia erreferendumari buruz, ezeztatu zuen Kataluniako aurrekontuaren parte bat bideratu izana galdeketaren finantzaketara; Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak ideia hori baieztatu zuen, El Mundo egunkariari emandako elkarrizketa batean: «Ez dakit nola ordaindu zuten U-1a, ez zen diru publikoarekin izan». Junqueras iazko azaroaren 2tik dago preso, behin-behinean.

Haren ostean deklaratu zuen Sanchezek, hark ere bere abokatuaren galderei soilik erantzunda. Diskurtso gogorragoa erabili zuen: Llarenari egotzi zion prozesu independentistaren «epaile eta biktima» izatea, azken hartu emanetan eta erabakietan izandako objektibotasun faltagatik. Akusazio horrekin, JxCren presidentegaiak erreferentzia egin zion epailearen azken ebazpeneko 54. orrialdeko esaldi bati, pluraleko lehen pertsona erabili baitzuen testua idaztean —«pairatzen dugun estrategia»—. Junquerasen eta Sanchezen ildoei jarraituz, Cuixartek Kataluniaren autodeterminazio eskubidea defendatu zuen, eta kritikatu Llarena auzipetuen «oinarrizko eskubideak» urratzen ari dela. Sanchez eta Cuixart espetxean dira behin-behinean, iazko urriaren 16tik.

Gainontzeko auzipetuei dagokienez, gaur igaroko dira epailearen aurretik Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetua, Josep Rull Lurralde Antolaketa kontseilari kargugabetua eta Raul Romeva Atzerri kontseilari kargugabetua; Jordi Turull Generalitateko bozeramaile kargugabetuari, Dolors Bassa Lan kontseilari kargugabetuari eta Carme Forcadell parlamentuko presidente kargugabetuari bihar jakinaraziko die Llarenak auzipetze autoa. Gaur-gaurkoz, kartzelan dira auzipetu horiek ere, behin-behinean, epaileak uste duelako delituak berriz egin ditzaketela.

Lamelaren auzipetze autoa

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak ere bere auzipetze autoaren berri eman zion atzo mossoen buruzagitza ohiari. Sedizio delitua egotzi die Josep Lluis Trapero mossoen maior ohiari, Teresa Laplana intendente ohiari, Pere Soler mossoen zuzendari ohiari, eta Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari ohiari.

Traperoren abokatuak aurkezturiko alegazioek argitara eman zuten aldebakarreko independentzia deklarazioaren ostean mossoak Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenaren eta fiskaltzaren esku utzi zituela maior ohiak, ez zekielako «zeintzuk izango ziren aldarrikapen horren ondorio juridikoak».

Gobernu osaketari begira, PDeCATek gobernua osatzeko apustuari eutsi zion atzo ere, hauteskundeak saihestea helburu, eta horretarako ez zuen «formularik» baztertu, tartean presidentetza legea aldatzea, Carles Puigdemont inbestitzeko. Hain justu, Puigdemontek aukera hori gogorarazi zuen igandean, TV3 kateari emandako elkarrizketan. Alderdi independentistek maiatzaren 22ra arteko epea dute presidentea hautatu eta gobernua osatzeko, egun horretan amaitzen baita bi hilabeteko epea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna