Ebolari buruzko segurtasun protokoloak berrikusteko aukera aztergai du Bruselak

Espainian kutsatu den erizainak onartu du eskularruekin aurpegia ukitu zuela babes jantzia kentzean.

Lur-emaileak greban dira Sierra Leonan
Sierra Leonan ebola gainditu duten herritarrak, senda-agiria jasotzeko ekitaldi batean, astelehenean, Freetownen.
Sierra Leonan ebola gainditu duten herritarrak, senda-agiria jasotzeko ekitaldi batean, astelehenean, Freetownen. EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 9
Liberia, Ginea eta Sierra Leonan ebolarekin kutsatutako herritarrak Europara eta AEBetara eramaten hasi zirenean, Afrikan baino arta egokiago bat jasoko zutelakoan, epidemia zabaltzeko arriskua hutsaren hurrengoa zela esan zuten agintariek. Baina Madrilgo Carlos III.a ospitalean Teresa Romero erizain laguntzailea kutsatu delarik —Afrikan gaixotutako bi misiolari zaindu zituen, eta babes jantzia kentzean eskularruekin aurpegia ukitu izana onartu zuen atzo—, gaitzaren prebentziorako protokoloak berrikusteko aukera mahai gainean jarri du Europako Batasunak.

Osasun Segurtasunerako Europako Batzordeak atzo egin zuen ostiraleroko bilera —Madrilgo kutsatzeagatik asteazkenera aurreratu zuten—, «zer gertatu den ulertu eta gaixoen arta hobetzeko», EBko Osasun bozeramaile Frederic Vincentek argitu zuenez.

Telekonferentzia bidez hitz egin zuten estatu kideetako nahiz ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroko, Medikamentuen Europako Agentziako eta OME Osasunaren Mundu Erakundeko ordezkariek. Erizain laguntzailea nola kutsatu den eta bakartuta dauden osasun langileen egoera argitu ondoren, ECDCk «arrisku analisiak» berrikustea litekeena dela esan zuen Vincentek, «bereziki ospitaleei dagozkienak».

Hala ere, Europan Afrikan bezalako ebola izurrite bat gertatzeko arriskua oso txikia dela nabarmendu du Vincentek: «Osasun sistema eraginkorrak dauzkagu, eta segurtasun neurriak ezartzen direnean, bereziki ospitaleetan, arriskua kontrolpekoa da».

Lehen hildakoa AEBetan

Thomas Eric Duncan, Afrikatik kanpo ebola diagnostikatu zioten lehen gaixoa, atzo hil zen Dallas hiriko ospitalean (Texas). Irailaren 20an iritsi zen Duncan Liberia jaioterritik AEBetara, eta irailaren 25ean Dallasko Ospitale Presbiterianora joan zen sukarrarekin eta tripako minarekin. Medikuek antibiotikoak eman, eta etxera bidali zuten, Liberiatik iritsi berria izan arren, baina hiru egunetara ospitalera ebola sintoma nabarmenekin itzuli zen, eta bakartu egin zuten.

Monrovian hegazkina hartzeko unean eta AEBetara sartzean, ebolarekin kutsatutako inorekin ez zuela kontakturik izan ziurtatu zuen Duncanek. Liberian gaixo bati ospitalera lagundu ziola jakin zen gero, eta Monroviako eta Dallasko agintariek hura auzipetzeko asmoa agertu zuten, zinpean gezurra esateagatik. Izan ere, AEBetan ehun bat lagun kutsatze arriskuan jarri zituen Duncanek: lau bakartuta dauzkate ospitalean, eta 45 zaintzapean. Halakorik berriro ez gertatzeko, ebola dagoen herrialdeetatik AEBetara iristen diren hegaldietan kontrolak zorroztu eta bidaiariei tenperatura hartzen hasiko dira.

Txakur bat, bi ikasle, Afrika

Erresuma Batuan eta Frantzian bi ikasle izan dira ebolak eragindako egonezaren biktima. Kofi Mason-Sesay, Erresuma Batuko nazionalitatea ere baduen Sierra Leonako 9 urteko haurra, St. Simon eskola katolikoan sartzekoa zen urrian, Stockport hirian; lehen ere han ikasitakoa da. Baina beste gurasoen «histeriagatik» tokia ukatu dio ikasketaburuak; hala salatu du haurraren amak. Parisen, berriz, Gineako haur bat eskola batean hasi delako beste gurasoek protesta egin dute, ebola sintomarik ez zuen arren. Ez diote tokia ukatu, eta hiru familiak beren haurrak eskolara ez eramatea erabaki dute.

Madrilen, bestalde, mobilizazio jendetsu bat egin zuten atzo ebolarekin kutsatutako erizainaren txakurra sakrifikatzea saihesteko: Twitterren #salvaraexcalibur trending topic bihurtu zen herenegun. Atzo hil zuten, azkenean, Madrilgo Gobernuaren aginduz. Aldi berean, eta halako oihartzunik jaso ez arren, Sierra Leonan arriskua dago ebolarekin hildakoen gorpuak kalean eta etxeetan pilatzeko eta, horrenbestez, ia 7.500 pertsona kutsatu eta 3.500 hil dituen izurritea are gehiago zabaltzeko.

Freetown hiriburuan, izan ere, greba hasi zuten herenegun gaitzak hildakoak lurperatzeaz arduratzen diren langileek, aurreko asteko soldata ez zutelako jaso. Sierra Leonako Gobernuaren soldatapeko langileak daude greban, eta Gurutze Gorriarekin ari diren lur-emaileek, Osasun Ministerioarekin lankidetzan, jardunean jarraitu dute.

Lur-emaileen greba estualdi batean egokitu da Sierra Leonan, epidemiari aurre egiteko Gobernuak agindutako hiru eguneko itxialdia amaitu eta 200 ebola kasu berri atzeman baitituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna