Ukraina ekialdeko gatazka. Bizitza bonba artean (III)

Borroka frontea berotzen ari da

Errusiako tropak Ukrainan sartu direla salatu du NATOk.

ESLAk egiaztatu du Minskeko bake plana ez dela betetzen ari.

Kievek argi dauka gerra beste eraso fase batean sartuko dela aurki
Ukrainar tanke bat, suntsituta, Luhansk eta Slabianoserbskeko frontearen arteko errepidean.
Ukrainar tanke bat, suntsituta, Luhansk eta Slabianoserbskeko frontearen arteko errepidean. LUR GIL

Lur Gil, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 13
«Errusiako tankeak, Errusiako artilleria, Errusiako aire defentsak eta Errusiako borroka tropak» atzeman ditu aste honetan NATOk Ukraina ekialdean, Philip Breedlove jeneral estatubatuarrak atzo Bulgarian adierazi zuenez. NATOk Europan dituen tropen arduraduna da Breedlove. Errusiak ukatu egin du tropak Ukrainara bidali izana, eta Defentsa Ministerioko eledun Igor Konaxenkovek argudiatu du NATOrena «errutinazko salaketa bat» dela, «Breedlovek aurrez egin dituenen gisakoa, batere frogarik eman gabe».

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundeak ere Ukraina ekialdean «markarik gabeko konboiak» ikusi dituela jakinarazi du aurreko egunetan. Eta, atzo goizean, artilleria astunez eginiko erasoak izan ziren Donetsk hirian, nahiz eta ez dagoen argi Kieven aldeko tropenak edo matxinoenak izan ziren.

«Zintzoak izan gaitezen, Minskeko akordiorik ez dago indarrean. Ez dute funtzionatzen lurraldearen zati bakar batean ere, eta akordioetan adosturiko puntu bat bera ere ez da bete», esan berri du Andrei Purgin Donetskeko Herri Errepublikako lehendakariordeak, NATOren salaketen berri izan aurretik. Bielorrusiako hiriburuan sinatutako bake planak su-etena, bereizketa lerro bat eta bi aldeen arteko segurtasun eremu bat ezartzea jasotzen zuen, baina ordu gutxi iraun zuen indarrean, eta gerrak ez du etenik izan.

Bi errepublikak bereiztea

Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliketan azaroaren 2an egindako hauteskundeen ondoren, Pietro Poroxenko Ukrainako presidenteak TAO Terrorismoaren Aurkako Operazioaren indartzea iragarri zuen, aste bat lehenago Ukrainako hauteskundeak irabazi ondoren. Kievek indar militar handia bildu du herri errepubliken arabera, borroka frontetik gertuko herrietan, eta beste erasoaldi bati ekin dio Donetsk eta Luhansk arteko errepidean, Stahanov inguruetan; bi errepublikak bereizteko asmoz. Herenegun gauean Nerbomaisk hiriaren aurkako erasoa jo zuen armadak: gutxienez hiru biztanle hil zituzten, eta zauritu ugari eragin.

Donetskeko aireportuan ere etengabeko borrokak daude uda hasieratik, gune estrategiko horren kontrolerako. Luhansk inguruan, berriz, gogortu egin dira bi aldeen erasoak; Slobianobsersk, Stxastie eta Stanitxa Luhanskaiako fronteetan artilleria hotsa eta sua dira nagusi egun osoan. Herri miliziek segurtasun neurriak indartu dituzte, eta Luhansketik frontera doazen errepideetako kontrolguneetan bertatik igarotzen diren auto guztiak ikuskatzen dituzte; gau eta egun egoten dira han, defentsarako eraikitako barrikaden atzean.

Pietro Poroxenkok eta Joe Biden AEBetako presidenteordeak kezka adierazi dute, bien arteko telefono elkarrizketa batean, Errusiatik sartu bide den militar kargamentuaren inguruan. ESLAk astelehenean salatu zuen Errusiatik errepublika matxinoetara «gerra artilleria pisutsuarekin» doazen bi konboiren presentzia. Herri errepubliketako ordezkariek, ordea, gezurtatu egin dute informazio hori.

Markain Lubkibskik, Ukrainako Nazio Segurtasun eta Defentsa Kontseiluaren aholkulariak, iragarri du Poroxenkok «erabaki zailak» hartu beharko dituela «matxinoak Ukrainako Gobernuari atxikitzeko». Beste erasoaldi bat ere iragarri du: «Orain arte Minskeko akordioak betetzen saiatu gara, baina berandu baino lehen zerbait egiten hasi beharko dugu». AEBek esan dute Minsken adostutakoaren «urratze zurruna» dela Ukrainako armadak matxinoei udan irabazitako lurraldea berreskuratzeko saio oro.

Ukrainako lehendakaritzak Joe Bidenen bisita iragarri du azaroaren 21erako, Maidaneko protesta europazaleak hasi zireneko urteurrenerako. Viktor Janukovitx gobernuburua agintetik botatzea lortu zuten Kieveko Independentzia plazan, Maidanean, hasi ziren protesta horiek, eta estatu kolpe bidez gobernu berria eratu zuten otsailean.

Matxinoen preso eskaintza

Frontean borrokak eteten ez diren bitartean, herri milizietako bozeramaileak atzo iragarri zuen Luhanskeko ospitalean sendatze lanetan ziharduten Aidar Ukrainako batailoi ultranazionalistako hiru presoren kaleratzea. Urriaren 15ean Smeloie herrian matxinoek egin zuten ezusteko erasoan, Ukrainako juntaren dozenaka tanke suntsitu eta Aidar batailoiko hainbat kide hil zituzten. Vitali Voktorovitx Kommunist herri milizietako ordezkariak esan du osasun egoera «oso txarrean» hartu zituztela batailoiko hiru kide, eta ospitalean eduki dituzte sendatu arte.

Luhanskeko ordezkariek asteartean eraman zituzten hiru presoak Ukrainako lurraldera, ESLAk eta Gurutze Gorriak egiaztatutako operazio batean. Ikusmina sortu du gertaerak Errusiako eta tokiko hedabideetan, matxinoen alde bakarreko erabakia izan baita, preso trukerik gabekoa.

Aidar batailoiko kide batek, komunikabideei emandako elkarrizketa batean, adierazi du «ukrainar abertzalea» dela eta abertzalea izaten jarraitu nahi duela. Gaitzetsi egin ditu Aidar batailoiak egindako sarraski, lapurreta, bortxaketa, fusilamendu eta gisa horretako ekintzak: «Badakit beste brigada batzuek egiten dituztela, baina nik ez dut inor halakorik egiten ikusi. Hilda egon beharko luke horrelakoak egiten dituen jendeak. Ni Ukraina batu baten alde borrokatzen naiz». Presoak gaineratu du ez zekitela batailoiak erasotako lekuetan jendea bizi zela. BERRIAk ezin izan du argitu zer baldintzatan eman duten elkarrizketa.

Elkarrizketa eman duen bigarren presoak esan du Aidar eta Azov batailoien eta Guardia Nazionalaren laguntzailea dela, ez dela soldadua. Ospitalean ongi zaindu dutela gaineratu du: «Inork ez nau jo; errespetuz tratatu naute, eta sendatuta nago». Gatibuak adierazi du Kievek engainatu egin duela sentitzen duela: «Matxinoak terroristak direla esaten digute, haurrak eta emakumeak jipoitzen dituztela; hona etortzean, ordea, nire gobernuaren maltzurkeriaz ohartu naiz. TAO gobernuak sortua da, anai-arrebak borroka daitezen, eslaviarren arteko zatiketa lortzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna