Europa gerrara doa

Erresuma Batuko eta Belgikako parlamentuek onartu dute Iraken Estatu Islamikoaren aurka bonbardaketak hastea, eta Frantziari batuko zaizkio
Erresuma Batuko gerra hegazkin bat, atzo, Zipren. Handik aterako dira Irakerako hegazkinak.
Erresuma Batuko gerra hegazkin bat, atzo, Zipren. Handik aterako dira Irakerako hegazkinak. KATIA CHRISTODOULOU / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 27
Aurki, Frantzia ez da izanen IS Estatu Islamikoaren aurka bonbardaketak egiten ibiliko den Europako herrialde bakarra. Erresuma Batua eta Belgika ere hasiko dira, atzo bakoitzaren parlamentuak gobernuari hartarako baimena eman ondoren. Danimarkak eta Herbehereek ere prest dituzte hegazkinak, parlamentuek erasoekin bat egiteko baimena emateko zain. Europako bertze zenbait herrialde, EB Europako Batasunekoak ia denak, armaz hornitzen ari dira Kurdistango Eskualde Autonomoa eta Irakeko armada. Alemaniak, adibidez, adierazi du bonbardaketak babesten dituen arren, ez dela «hagitz probablea» aire erasoak egiten hasiko denik. Dena den, AEBek abuztuan Iraken bonbardaketak hasi zituztenetik, Europako herrialde batzuk jarrera aldatuz joan dira, eta urriaren hasierarako zenbait Ekialde Hurbileko azken gerran nahasita egonen dira jada.

Erresuma Batuko parlamentuan gehiengo argiak eman dio oniritzia ISren aurkako erasoetan parte hartzeari: 524 diputatu alde, eta soilik 43 aurka. Belgikan ere erabatekoa izan da aldea: 114 diputatu alde, soilik bi kontra eta hamar abstentzio. «Estatu Islamikoa mehatxu zuzena da Erresuma Batuarentzat, eta ez dut utziko Britainiako karriken segurtasuna bertze herrialde batzuen aire indarrekin azpikontratatzea», erran du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentarien aitzinean.

Bai Londresek, bai Bruselak bi baldintza argi utzi nahi izan dituzte: bata, ez dutela lurreko troparik bidaliko —Barack Obama AEBetako presidentearen aldarri nagusia da hori—; eta, bertzea, soilik Iraken eginen dituztela erasoak, Sirian sartu gabe. ISren aurkako koalizioa sustatu duten herrialdeek, ordea, hasieran haien buruari paratutako baldintza irmoak malgutu egin dituzte denbora aitzinera joan eta gertakari esanguratsu batzuk izan ahala. Obamak, adibidez, ISk bahituta zeukan kazetari estatubatuar bat hil ondoren erabaki zuen aire erasoen kanpaina zabaltzea Siriara, eta baita Iraken bertan ere. Cameronek, adibidez, abuztuan adierazi zuen ez zuela asmorik bonbardaketetan parte hartzeko, baina ISk hilaren 13an giza laguntzaile eskoziar bat hil ondoren, mezua aldatu zuen, aire erasoak sustatzeraino. Frantzia bonbardaketekin hasi den Europako lehenbiziko herrialdea izan da. François Hollande presidenteak behin eta berriz nabarmendu du soilik Irakera mugatuko direla, baina asteon talde islamista batek Aljerian Frantziako herritar bat bahitu eta hil ondoren, Jean Yves Le-Drian Defentsa ministroak Sirian ere esku hartzeko aukera aipatu du, nahiz eta zehaztu egitekotan ez dela «epe motzean» izanen. Cameron ere Sirian esku hartzeko prest agertu zen atzo, «legezkoa» dela iritzita, baina hori agintzeko berriz ere parlamentuaren baimena beharko du.

EBko 3.000 herritar ISrekin

Danimarkak zazpi gerra hegazkin prest ditu Iraken bonbardaketekin hasteko. Hellen Thorning-Schmidt lehen ministroak erran duenez, espero du hurrengo asterako parlamentuaren babesa lortzea. Herbehereak ere erasoetan parte hartzeko prest daude, eta Europako bertze sei herrialde laguntza militarra ematen ari dira Kurdistango Eskualde Autonomoari eta Bagdadi. Alde horretatik, Errusia ere aipatu beharko litzateke, Iranekin batera Siriako Gobernuaren nazioarteko makulu nagusia baita, eta Iraki ere saldu dizkio armak.

ISren aurkako erasoetan parte hartzea justifikatzeko argudio nagusietako bat izan da muturreko islamistekin bat egin duten europarren mehatxua, jatorrizko herrialdeetara bueltatzean atentatuak egin ditzaketelakoan. EBren Justizia eta Barne Gaietarako zuzendari Gilles de Kerchoveren arabera, 3.000 dira Sirian eta Iraken ISren alde borrokan ari diren EBko herritarrak. «Aire erasoekin hasteak handitu eginen du Europan mendekuzko atentatuak pairatzeko arriskua», ohartarazi du De Kerchovek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna