Egiptoko desagertuak

2011ko iraultzatik gaurdaino, 1.200 pertsonaren arrastoa galdu da.

Gehienak ekintzaile politikoak dira, protesta handietan galdutakoak

Ane Irazabal -

2014ko azaroak 19
Ehun bat herritarren izenak eta argazkiak errenkan jarrita daude Kairoko kazetarien sindikatuan. Gehienak mutil gazteak dira, eta guztiak desagertuta daude. Batzuk protesta egitera joan ziren, eta ez dira berriz itzuli. Beste batzuk, ordea, leku edo garai desegokian zeuden haien arrastoa galdu zenean. Kasuak kasu, luzea da hiru urteotan desagertutzat jo diren egiptoarren zerrenda. «Ezinezkoa da datu zehatzak izatea, izan ere, ikerketa ofizial bakarra 2011ko martxoan publikatu zen. Baina guk uste dugu 1.200 herritar baino gehiago desagertu direla», azaldu du Nermeen Yousri izeneko ekintzaileak.

Yousri, We Will Find Them (Aurkituko Ditugu) kanpainaren arduraduna da. Bi urte pasatu ditu desagertutakoen inguruko informazio bila. Haren aburuz, Tahrir plazan ikusitako guztiak bultzatu zuen egitasmoa abian jartzera: «2011ko iraultza amaitu ondotik, guraso asko ikusi nituen seme-alaben argazkiekin. Enparantza sinbolikoaren inguruetan galdu zen gehienen arrastoa».

Ahmed da guraso horietako bat. Haren semea, Yussef, 2011ko Mohamed Mahmoud kaleko liskarretan desagertu zen: «Hiru egunez itxaron genuen, baina azkenean polizia etxera joan ginen haren desagerpena salatzera». Poliziak ezer gutxi egin zuen. «Alde egin zuela esan ziguten, baina guk bagenekien hori ez zela posible», gogoratu du Ahmedek. Hala, familiak ez zuen amore eman eta Kairoko ospitale, gorputegi eta kartzeletako ateak jo zituzten. Arrastorik ez, ordea. Orduz geroztik ez dute semearen berririk. «Amesgaizto bat bizitzen ari gara; izan ere, ez dakigu Yussef bizirik edo hilik dagoen. Zer gertatu den jakin nahi dugu», salatu du Ahmedek.

Gelditasuna

Desagertutako herritar gehienek antzeko patroi bat jarraitzen dute: «Protesta handiak dauden bakoitzean desagertzen da jende gehiena. Asko, eremu marjinatuetako gazteak dira; beraz, haien familiek ez dute presio egiteko gaitasunik», irizten dio Yousrik. Gazte ekintzailearen ustez, segurtasun indarrena da ardura guztia. «Bahitu, torturatu, bortxatu eta zigor gela bakartuetan jartzen dituzte», esan du, «ofizialki ez dituzte atxilotzen edo auzipetzen. Hala, ezkutuan mantendu dezakete haiekin egiten dutena. Gerra zikin bat da».

Agintariek ere ez dute desagertutakoen arrastoa topatzen laguntzen. Yousrik kaos politikoari egozten dio konpromiso falta: «Mohamed Mursi presidentearen garaian batzorde berezi bat sortu zuten, baina ikerketen ostean egindako txostena ez zen inoiz publikatu. Ez dakigu zer gertatu zen txosten horrekin. Haatik, iazko estatu kolpearen eta Rabaa al-Adawiyako hutsaratze odoltsuaren ostetik are gehiago okertu da egoera. Oposizioarekin zerikusirik ez duten gazteak desagertzen hasi dira; besteak beste, unibertsitateko ikasleak, kazetariak eta gobernuz kanpoko erakundeetako langileak».

Horietako asko adingabeak dira, batez ere kalean bizi diren haur umezurtzak. «Iraultzaren garaian, umez bete ziren Kairo erdiguneko kaleak. Gehienek dirua eskatzen zuten, baina nagusiagoek protestetan parte hartu ohi zuten. Orain nekez ikus daiteke halako ume bat. Askori bandalismo ekintzak egotzi dizkiete, eta atxilotu egin dituzte. Beste askok, beldurtuta, erdigunetik hanka egin dute». Yousriren ustez, ia ezinezkoa da haur horiekin zer gertatu den jakitea; izan ere, gehienek ez dute haien falta salatuko duen senitartekoren bat.

Kartzela sekretuak

Edonola ere, benetan zaila da hori guztia frogatzea. «Desagertuta egondako hamar bat gazte bakarrik itzuli dira etxera. Gehienek ez dute haien esperientzia kontatu nahi, errepresalien beldur direlako», esan du Yousrik.

Batzuen testigantzek, ordea, hainbat gai argitzen lagundu dute. Amnesty International erakundeak jasotako lekukotasunen arabera, kartzela sekretuak daude Egiptoko eremu militar askotan. Ismailia hiriaren ondoan dagoen Al-Azouli atxiloketa zentroa da ezagunena; izan ere, handik pasatu dira erregimen militarraren kontrako ekintzaile gehienak. Amnesty Internationalek emandako datuek diote 400 atxilotu daudela Al-Azoulin. Eta hango tortura metodoak biziki gogorrak omen dira. «Praktika horiek argi erakusten dute Hosni Mubaraken garaiko sistemak bere horretan jarraitzen duela. Atxilotuei ez zaie haien kontrako kargurik erakutsi. Egiptoko armadak herritarren eskubideak urratzen jarraitzen du», adierazi du erakundeak prentsa ohar baten bidez.

Kairoko Tora kartzelako Al-Aqrab (eskorpioia) da beste atxiloketa gune sekretu bat. Segurtasun handiko eremutzat jotzen da, eta lur azpian dago, bertan egon diren herritarrek azaldu dutenez. Egiptoko armadak kartzela sekretu horren existentzia ukatu du, baina giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, 100 bat pertsona daude zentro horretan bakartuta. Ahmedek uste du bere semea ere halako kartzela sekretu batean egon daitekeela: «Desagertuak ez dira gobernuarentzat existitzen, baina guk ez dugu etsiko Yussef non dagoen jakin arte».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna