Katalunia

Carme Forcadell ERCren zerrendan aurkeztuko da hauteskundeetara

Rovira idazkari nagusiak lidergoa hartu beharko lukeela erran du Junquerasek eskutitz batean. Fachinen plataforma ez da aurkeztuko

Oriol Junqueras presidenteordea eta Carme Forcadell parlamentuko presidentea, artxiboko irudi batean. TONI ALBIR / EFE.
mikel rodriguez
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Bihar amaitzekoa da Katalunian hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea, eta kanpainako giro betean murgilduta dago herrialdea, ofizialki hasi ez bada ere. Zalantzetako bat atzo argitu zen: Carme Forcadell parlamentuko presidenteak aurkeztea erabaki du. Duela egun batzuk hainbat hedabidek argitaratu zuten ez zuela hala eginen, baina ERCrekin laugarren izanen da Bartzelonako zerrendan. «Modu baketsuan eta demokratikoki defendatu dut beti nire herrialdearentzat onena dena uste izan dudana. Abenduaren 21ean hori egiten jarraituko dut ERCren hautagaitzan», jakinarazi zuen Twitter bidez. ERCk zeresana eman zuen atzo, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde eta errepublikanoen zerrendako buruak espetxetik idatzitako eskutitz bat argitaratu zuelako. Bertzeak bertze, Marta Rovira alderdiko idazkari nagusia goraipatu zuen, eta hainbat hedabidek interpretatu dute Generalitateko presidentegai izateko proposatu duela.

Forcadell behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak joan den ortzegunean, baina 150.000 euroko bermea ordaindu, eta biharamunean aske utzi zuten. Espetxean eta erbestean dauden Generalitateko kontseilariei bezala, matxinada, sedizioa eta diru publikoa oker erabiltzea leporatzen diote Forcadelli. ERCk preso dauden Generalitateko lau ordezkari sartu ditu zerrendan: Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa eta Carles Mundo.

ERCk atzo argitaratutako eskutitza Junquerasek alderdiko militanteei bidalitakoa da. Rovirari buruz errandakoek sortu dute zeresana, hauteskundeak irabaziz gero Generalitateko presidente hark izan beharko lukeela iradoki duela uste baitute Kataluniako hedabide batzuek. «Bada garaia herrialde honetan emakume bat paratzeko buruan, inoiz amore ematen ez duen emakume bat, determinazioz eta konbentzimenduz jokatzen duena beti. Zentzuduna, ausarta, kaskagogorra eta tematia da, baina elkarrizketarako eta akordiorako prest dago beti. Denak haren ondora, ez utzi inoiz bakarrik. Errepublikak emakume izena du», idatzi du Junquerasek.

Azken egunotan ordezkari independentista anitzek egin bezala, autokritika ere egin du; «inozoak» izan direla erran du, ez zutelako pentsatu Espainiako Estatuak «errepresio maila hori» erabiliko zuenik, eta uste zutelako Europako Batasunak ez ziola baimenik emanen. Mezu horiengatik, ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteak ordezkari independentistei aholkatu die autokritika ez dezatela bihurtu «norbere atean sartutako gola».

Puigdemonti keinua

Hauteskundeei begira, Junquerasek keinu bat egin dio Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari, hura ere «kontseilari guztiekin batera» hautagaitzat duela «argi eta ozen» erran baitu. Horrekin batera, adierazi du En Comu-Podemi akordiorako eskaintza bat egin behar zaiola, nahiz eta haren ordezkariek errandakoek independentistei batzuetan «min egin».

Bihar arteko epea dute alderdiek zerrendak ixteko. PDECaten kontseilu nazionala atzo elkartu zen, Bartzelonan, eta, NacioDigital webgunearen arabera, Puigdemonti «botere osoa» eman dio zerrenda osatzeko. CUPek ere ofizialki atzo aurkeztu zuen hautagaitza —Carles Riera parlamentaria da burua—. Albano-Dante Fachinek sortu duen plataforma berriak, Som Alternativak, ez du parte hartuko hauteskundeetan, dioenez, «Espainiako Gobernuak inposatutako egutegiak» ez duelako uzten «gehiengoak osatu eta erantzuna koordinatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.