Indartzeko moduan

Korsikan bozak egingo dituzte bihar eta datorren igandean, eta, irabaziz gero, koalizio abertzaleak autonomiaranzko bidean sakontzeko asmoa du

Igor Susaeta -

2017ko abenduak 2
Korsikako abertzaleentzat egun historikoa izan zen 2015eko abenduaren 13a. Bat egin zuten Femu a Corsica alderdi autonomistak eta Corsica Libera independentistak, eta, XVIII. mendeaz geroztik aurreneko aldiz, abertzalez osatutako gobernu bat eratu ahal izan zuten Korsikako Asanblean. Ganbera hori berritzeko hauteskundeak egingo dituzte bihar eta datorren igandean, eta duela bi urte lortutako posizioa indartzeko moduan dira abertzaleak. Pe a Corsica koaliziopean aurkeztuko dira independentistak eta autonomistak.

Bozetara deitu dituzte, Korsikak estatus berria izango baitu 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. Abertzaleak boterera heldu aurretik Frantziako Gobernuarekin kostata adostutako aldaketa da, eta, horren ondorioz, Goi Korsika eta Hego Korsika departamentuak desagertuko dira. Bi probintziak bateratuta, lurralde kolektibitatearen estatusa izango du uharteak. Ganberako 63 legebiltzarkideak aukeratzea dagokie bozkatzeko aukera duten 234.227 korsikarrei.

Azken urteotako joerari eutsiz gero, nazionalisten koalizioa da irabazteko hautagai nagusia. Horixe diote, gainera, hango komunikabideek. Areago joan da Pierre Poggioli 1984 eta 1998 artean Accolta Naziunale Corsa alderdiko burua izan zena: «Jokoan dagoena da nazionalistek gehiengo osoa lortzea».

2014ko udal hauteskundeetan emaitza onak lortu zituzten; 2015eko eskualdekoetan garaipena; eta pasa den ekainean Frantziako Legebiltzarrerako egindakoetan ordezkaritza atera zuten historian aurreneko aldiz, eta lau eserleku eskuratu Parisen. «Garai baten bukaera da; muturreko aldaketa gertatu da», nabarmendu zuen Gilles Simeonik. Hainbat adituren iritziz, emaitza horiek lortu dituzte 1976an sortutako FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea klandestinitatetik atera zelako 2014an, eta Korsikako ezkerrak eta eskuinak ez dutela haien diskurtsoa berrirtu.

Autonomiaren aldekoa da Simeoni, Femu a Corsicako burua zena, Pe a Corsicaren zerrendaburua bozetan. Jean-Guy Talamoni Corsica Liberako liderra bosgarrena da zerrendan. 2015eko bozetako bigarren itzulian elkartu ziren bi korronteak, eta autonomismoa gailendu da koalizioan —gehiago dira botoetan—.

Autonomiaranzko bidean jarraitu nahi dute. Jakinarazi dutenez, haien helburua da Korsikak hiru urteren buruan autonomia estatusa edukitzea eta hori hamar urteko epean garatzea. Uhartearen eskari nagusiak dira korsikeraren ofizialtasuna —Frantziako Konstituzioa aldatu beharko litzateke horretarako—, egoiliar estatusa, eta, azkenik, «preso politikoen» auzia eta ikerketapean daudenena. François Hollande presidente zenean, Frantziako Gobernuak baztertu egin zituen, eta Simeonik leporatu zion «garai historikoak» behar zuen mailarik ez edukitzea. Emmanuel Macron ere ez da azaldu adostasun bat lortzearen alde. Izan ere, Parisek joera zentralista eduki izan du beti. 2018tik aurrera estatus berria edukita ere, eskumenei begira ez da aldaketarik izango. Talamonik pentsatzen du, baina, gobernatzeko modu «eraginkorrago bat» ahalbidetuko duela.

Eta Pe a Corsicaz gain, beste zazpi hautagaitza aurkeztu dira hauteskundeetara. Rinnovu Nazionale ezkerreko mugimendu independentistak ez du autonomista-independentistekin bat egin nahi izan, eta Core in Fronte izenpean aurkeztuko dira. Apustu askoz ere muturrekoagoa da haiena, 2032rako autodeterminazio erreferendum bat planteatzen dutelako Paul-Felix Benedetti buru duten hautagaitzakoek. 2015eko bozetan ez zuten eserlekurik lortu. Poggioliren hitzetan, Korsikako nazionalismoa ezin da «ideologia bat» kontsideratu. «Herriaren garapena eragozten duen estatuaren politikari aurre egiteko erresistentzia da».

Eliseoaren pentsamendutik gertuen daudenak ANDA por Dumanekoak dira. Bestalde, komunistak, eta beste talde alternatibo batzuk L'avenir, la Corse en Commun koalizioan bildu dira. Berdeen aliantza ekologistak ere parte hartuko du, eta Voir Plus Grand pour Elle hautagaitzak errepublikanoak bildu ditu. Erregionalisten burua Jean-Martin Mondoloni da, eta Fronte Nazional xenofoboarena Charles Giacomo. Simeonik gehienei leporatzen diena ez dutela proiekturik. «Haien asmo bakarra da nazionalisten berrikuntzaren bidea blokeatzea».

Egonkortasun ekonomikoa

Ekonomikoki Frantziako eskualde probreenetarikoa da Korsika. Garapen ekonomikoa bultzatzeko ahaleginean, abertzaleak ahalegindu dira, azken bi urteotan, Korsikako ondare kulturala eta naturala indartzen. «Baina ez dugu turismo masiborik nahi», azpimarratu du Talamonik. Hain zuzen ere, pentsatzen du «egonkortasun ekonomikoa» ezinbesteko baldintza dela «independentzia lortzeko». Kataluniako prozesu subiranistari erreparatu dio, ezinbestean, azken hilabeteotan: «Baina Korsikak atzerapen handia du Kataluniarekiko». Bozek ez dute ikusmin gehiegi sortu uhartean. Abertzaleak haien posizioa indartzeko moduan daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna