Dragoien biltzarra

Txinaren hazkundea eta AEBekiko lehia, eta ekonomia nagusien arteko gatazkak mintzagai nagusi direla hasi da APECen bilkura, Pekinen
Vladimir Putin, Xi Jinping, Peng Liyuan (Xiren emaztea) eta Barack Obama, atzo, Pekinen.
Vladimir Putin, Xi Jinping, Peng Liyuan (Xiren emaztea) eta Barack Obama, atzo, Pekinen. MIKHAIL KLIMENTYEV / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 11
«Gure erantzukizuna da Ozeano Barea bakearen, adiskidetasunaren eta elkarlanaren ozeano bihurtzea, eta garapena, oparotasuna eta aurrerapena ekartzea eskualdera». Xi Jinping Txinako presidenteak solas horiekin egin die harrera APEC Asia eta Ozeano Bareko Elkarlanaren bilkuran, Pekinen. Bi eguneko goi-bileran, Ozeano Bareko 21 herrialde elkartuko dira auzi ekonomikoez eta politikoez eztabaidatzeko. Munduko herritarren %40 dago ordezkatuta, eta merkataritza trukeen %44 osatzen dute herrialde horiek. Munduaren erdigune ekonomiko eta politikoa Atlantikotik Ozeano Barera aldatzen ari den seinale, Asiako dragoi ekonomikoen hazkundearen ondorio. Baina han daude, halaber, munduko dragoi nagusia, eta Europakoa ez ezik Asiakoa ere baden potentzia. Bilkuraren helburua: eskualdearen «garapen dinamikoari jarraipena» nola eman eztabaidatzea, Xiren hitzetan. Baina agendaz kanpoko gaien zerrenda luzea da: Txinaren hazkundearen inguruko jarrerak, Pekinen eta Tokioren arteko harreman gaiztotuak, AEBen eta Errusiaren arteko tentsioa...

Agintariek elkarlanerako eta harmoniarako dei handiak egin ohi dituzte APECen, baina interesak eta lehia uztartzen dituen bilkura izan ohi da. Barack Obama AEBetako presidentearen hitzaldia, horren adibide; batetik, AEBen nagusitasuna aldarrikatu du, erranez «Lurreko bertze ezein nazio baino hobeki kokatuta» dagoela «XXI. mendean lider izateko». Hala ere, Txinaren hazkundeari Obamak «ongietorria» egin dio. «AEBek Txinari lagundu diote ekonomia globalean integratzen, AEBen interesen aldekoa delako hori ere». Herriaren Egunkariak, Txinako Gobernuaren egunkari ofizialak, erronka onartu dio Obamari, baina zehaztasun argia eginez: «Asia-Ozeano Barea eskualdeak oreka berri bat behar du AEBen eta Txinaren arteko harremanetan». Hau da, nagusitasunaren aroa bukatu dela.

Eta munduko ekonomia nagusia izateko lehian ari diren bi potentzien artean, Errusia sartu da, tokia egin nahian. «Errublotan eta yuanetan egiten diren ordainketek etorkizun handia dute. Kopuru handiko truke horrek dolarraren gainbehera eraginen du energiaren sektore globalean; hori ez da txarra ez ekonomia globalarentzat, ez munduko finantzentzat eta energia merkatuentzat ere», adierazi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Maiatzean Putinek eta Xik akordio ekonomiko historiko bat egin zuten, Errusiak Txinari gasa saltzeko. Txinak lehengai kopuru handia behar du hazkunde ekonomikoa elikatzeko, eta Errusiak, berriz, lehengaiekin dependentea den ekonomia duenez, horiek saltzeko kontratu handien beharra du potentzia nagusien artean mantentzeko. Putinek oroitarazi duenez, Txina «bazkide erabakigarria» da Errusiarentzat.

Txina-Japonia, AEB-Errusia

Obamak, Herriaren Egunkariak eta bertze zenbait agintarik aipatu dute APECeko herrialdeek osatuko luketen merkataritza askerako gune erraldoi baten sorrera, baina horrek utopikoa dirudi gaurkoz. Horren ordez, merkataritza askeko hitzarmenak lehiarako gune bilakatu dira Txinaren eta AEBen artean; Pekinek, adibidez, Asiako bertze ekonomia nagusietako batekin, Hego Korearekin sinatu zuen atzo halako bat. AEBek 2007tik daukate sinatuta Hego Korearekin.

Arlo ekonomikotik kanpo, herrialdeek bilera baliatu dute haien arteko bertze zenbait auzi jorratzeko. Horrela, Xik eta Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak kameren aitzinean eskua eman diote elkarri. Diaoyu/Senkaku artxipelagoaren burujabetzaren inguruko gatazkan azken egunotan iragarritako aldaketa irudikatu nahi izan dute; bakoitzak bereari eusten dio, baina elkarrizketa hasteko prest agertu dira. Are diskretuago ibili dira Putin eta Obama. Ukrainako gatazka dela eta, Gerra Hotza bukatu zenetik inoizko une txarrenean dago Moskuren eta Washingtonen arteko harremana. Ez zen espero Pekinen elkartuko zirenik, baina Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak erran du «labur» bada ere elkartuko direla; «hemen [Pekinen] edo Australian, edo hemen eta Australian». Australian G20ko taldea elkartuko da larunbatean. Atzo, APECeko argazki ofiziala ateratzeko zain zeudenean, Obama eta Putin elkarri solasean ikus zitezkeen irudietan. Gobernu bakar batek ez du eman elkarrizketaren edukiaren berri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna