Garaiak itotako talentua

Roberto Rodet margolariaren bilakaera laburbiltzen duen erakusketa atondu dute Bilboko Ondare aretoan. Artistak landu izan zituen genero guztietako margolanak bildu dituzte

Margolanez gain, horiek ontzeko Roberto Rodetek erabiltzen zuen materiala ere ikusgai dago Bilboko Ondare aretoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Gizartea garai ilunetan murgiltzen denean, artea eremu mortubihurtzen da. Halako garaiak bizitzea tokatzen zaien artistek oztopo ugariri egin behar izaten diete aurre. Horren adibide izan zen Roberto Rodet (Balmaseda, Bizkaia, 1915-1989). Ekoizpen artistiko oparoa izan zuen, bai kopuruz, bai kalitatez, baina Francoren diktadurak ezarritako muga artistikoek ez zioten bere talentua ezagutzera emateko aukerarik eskaini. Horri buelta emateko asmoz, artistaren atzera begirako erakusketa bat prestatu dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoan. Apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Rodeten margolan garrantzitsuenak biltzen ditu erakusketak, baita margotzeko erabiltzen zuen materiala eta bukatu gabeko zenbait proiekturen zirriborroak ere.Erakusketa generoka antolatu dute; izan ere, Rodetek hainbat estilo landu zituen bere ibilbidean. Pilar Mur komisarioak azaldu duenez, garai hartako mugek bultzatu zuten artista genero eta estilo ezberdinekin esperimentatzera: «Diktadurak ezarritako errealismoaren aurka borrokatu zen, eta, horretarako, gerra aurreko euskal artea abiapuntu hartuta, estilo ezberdinei heldu zien». Komisarioaren esanetan, Paul Gauguin eta Paul Cezanne izan zituen inspirazio iturri. «Hala ere, haren lanetan badago Artetaren klasizismoaren ukitua», gaineratu du.

Haren lehen lanekin hasten da erakusketa, eta, haien ondotik, generoaren arabera daude lanak antolatuta. Lehen atalean erretratuak dira nagusi, gero datoz natura hilak, paisaiak eta marrazkiak, eta, azkenik, bukatu gabeko proiektuen zirriborroak bildu dituzte. Murrek azaldu duenez, 1940ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitarte egindako lanen hautaketa bat da erakusketa: «Ez zion inoiz margotzeari utzi, eta bilduma osotik esanguratsuenak aukeratu ditugu».

Ordena kronologikorik ez egoteak, baina, ez du esan nahi ez denik nabari margolariaren lanen bilakaera. Izan ere, estilo ezberdinak lantzearen eta nahastearen ondorioz, Rodetek estilo propio bat garatu zuen. «Esperimentazio plastikoak ekarri zuen haren lanak abstrakzioaren bidetik sinplifikazio formal batera iristea», azaldu du Murrek.

Bereziki nabaritzen da hori paisaiak ageri dituzten margolanetan. Enkarterri dute oinarri guztiek, baina hasierakoetan paisaia errealistak dira nagusi. Azkenekoetan, ordea, irudikapen errealistak albo batera utzi, eta kolore ezberdinen nahasketen bidez interpretatzen ditu paisaiok.

Natura hiletan ere patroi bera errepikatzen da. Hasierakoetan, Cezanneren eragina nabaritzen da: espresionismo osteko irudiak eta tonalitate bereko koloreak dira nagusi. Ondoren etorri ziren lanetan, berriz, kubismora pasatzen da: oreka bilatzea helburu duten irudi geometrikoak eta kolore biziak nabarmentzen dira.

«Errealitateari indarra ematetik errealitate horrek jariatzen duen esentziara pasatzen da», azaldu du komisarioak. Bilakaera horren atzean, «urte askotako lana eta talentua» dagoela nabarmendu du Murrek. Ez dago ziur zein zen Rodeten lan egiteko teknika, baina uste du margotzeko orduan akuarelekin marra lodiak egiten zituela lehenik, eta, gero, horiek zehazten eta mugatzen joaten zela. Hala ere, argitu du «estilo sinple baten aldeko hautuak» ez zuela marrazkilari kaskar bihurtu: «Konposizioen arkitektura oso onak egiten ditu, eta bikainki antolatzen du espazioa».

El mantel blanco margolana da horren erakusle. Zortzi neskato ageri dira mahai zapi bati eusten. Diktadurak inposatutako kanonei jarraituz, eszena etxetiar eta kontserbadore bat irudikatzen du margolanak. Estiloari dagokionez, ordea, Rodetek errealismoarekin apurtzen du. Margolaneko elementuekin osatzen dituen lerroen bidez, eta koloreen erabilerari esker, errealismoaren espazio antolaketari eusten dio, baina bere inspirazio iturriari helduz, inpresionismoaren ezaugarriak gehitzen dizkio: kolore biziak, barreiatutako formak eta margotu gabe utzitako tarteak.

Margolaria baino gehiago

Erakusketak Rodeten ekarpen artistikoa laburbiltzen badu ere, ez du bere ibilbidean egin zuen guztia erakusten. Izan ere, pinturatik harago, hainbat proiektutan parte hartu zuen. Poesia idatzi zuen, zinema ikasketak egin zituen Madrilen, eta artelanen zaharberritzean ere aritu zen. Urte luzez, Bilboko Arte Ederren Museoan ere jardun zuen. Museoaren antolaketan aritu zen, eta artelanen katalogazioa abiarazi zuen. «Ez zen gelditu, beti ibili zen lanean», gogorarazi du Murrek.

Haatik, Balmaseda izan zen haren ekintzen onuradun nagusia. Jaioterriari «oso lotua» zegoela azaldu du komisarioak. Alkate izan zen 1970eko hamarkadan, eta Balmasedako Pasio Biziaren zuzendari artistiko gisa, indarberritu egin zuen Aste Santuko antzezlana. Bere ekarpen ugariek, ordea, ez zioten Balmasedatik kanpo osperik eman. Erakusketarekin berreskuratu nahi dute Bizkaiko margolari oparoenetako baten memoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.