Irakurzaletzeko amu

Zubia-Santillana argitaletxeak haur eta gazteentzako literatura zigilu bat hasi du: Begiko. Nazioarteko zein bertako egileak aterako dituzte

Unai Elorriaga idazlea, Joseba Santxo Begiko zigiluaren arduraduna eta Antton Kazabon idazlea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian asko irakurtzen da, eta ongi, baina irakurtzen den gehiena eskolan aginduta irakurtzen da. Hori ez da txarra, baina ez da nahikoa». Eskola adineko irakurleak literaturara beren kabuz hurbil daitezen lortzea da Zubia-Santillana argitaletxeak martxan jarri duen Begiko zigiluaren asmoa. Joseba Santxo zigiluaren zuzendariak eman du abian jarri berri den proiektu honen helburuen berri. Nazioarteko egileen lanak itzuli etaeuskal idazleen lan berriak argitaratuko dituzte, eta hiru nobedaderen berri emanez egin nahi izan dute aurkezpen publikoa. Unai Elorriagak idatzitako Erraldoiek ez dute lagunik jaten, Antton Kazabonen Martintxo bigarrena eta Leire Bilbaoren Leiho bat, leiho bi liburuekin, hain zuzen ere.

Jadanik desagertuta dagoen Alfaguara-Zubia zigiluko katalogoa du oinarri Begiko zigiluak, eta, hain zuzen ere, bilduma zahar hartan gehien irakurri ziren liburuek osatzen dute katalogo berriaren parterik handiena. Azal eta irudi berriekin atera dituzte lan haiek zigilu berriarekin, eta urtero-urtero titulu berriak ere argitaratzea da haien asmoa. 37 titulu dituzte oraintxe katalogoan, eta hiru gehiago izan nahi dituzte urtea amaitzerako.

Berdin landuko dituzte nazioarteko lanak zein euskal idazleek sortutakoak. Katalogoan badute Roald Dahl idazlearen lan sorta garrantzitsu bat, esaterako. Baina orain arte badituztenez gainera, titulu berriak ere euskaratu nahi dituzte, eta martxan dituzte, esaterako, Michael Ende idazlearen Momo eta Historia amaigabe bat liburu klasikoen itzulpenak, eta urtea amaitu baino lehen nahi dute kalean Charlie eta txokolate lantegia liburuaren itzulpena ere. Argitaletxeko arduradunek zehaztu dutenez, zuzenean jatorrizkotik itzulita ekarriko dituzte lanok euskarara.

Euskaraz sortutako lanak ere argitaratu nahi dituzte, halere, eta euskal idazleek ere pisu handia dute zigiluaren katalogoan. Luzea da zigiluarekin lan egin duten idazleen zerrenda, eta, haien artean dira, besteak beste, Jasone Osoro, Antton Irusta, Mikel Garmendia, Jon Arretxe, Sustrai Colina, Joanes Urkixo eta Toti Martinez de Lezea. Euskal sortzaileen lanak argitaratzeko orduan, aurrerantzean ere, «kalitatea» izango da lanak hautatzeko baldintza nagusia, arduradunen hitzetan. Irizpide horri jarraituko diote jasoko dituzten originalak hautatzeko, eta enkarguak ere egingo dituzte.

Hain zuzen ere, orain aurkeztu dituzten hiru lan berriek ere kalitate hori dute komunean, Santxoren hitzetan.

Bi agure eta erraldoi bat

Kazabonek Gipuzkoan girotu du Martintxo bigarrena liburuko kontakizuna; Deba, Itziar eta Lastur inguruan, zehazki, eta aitona baten eta haren ilobaren arteko harremana du ardatz. Ilobari kosta egiten zaio aitonari bere zaletasun sekretua aitortzea, baina kontakizunak aurrera egin ahala argituz joango da misterioa. Kazabonek hamaika liburu ditu kaleratuak haur eta gazteentzako, eta, zehaztu duenez, gehienetan kontaeraren formarekin esperimentatzea izan du helburu. «Saiatzen naiz probatzen idazteko modu ezberdinak». Oraingoan, ordea, gaiarekin jolasten egin nahi izan du aproba, eta gizartean pil-pilean diren hainbat gai ere landu ditu zeharka. «Iruditzen zait idazleok izan behar dugula gure lekuaren eta garaiaren testigu», esan du. Aitziber Alonsok egindako ilustrazioak ere baditu liburuak.

Elorriagak fantasia dosi handi bat baliatu du Erraldoiek ez dute lagunik jaten idazteko. Ehun urtetik gora dituzten bi emakume errebelde xamarren eta erraldoi gizajale baten arteko adiskidetasun harremana du oinarri ipuinak, eta, sakonean, kontakizuna gizartearen arau nagusiei bizkar ematen dieten pertsonei buruzkoa da. «Gizartetik aparte xamar daude, bai», zehaztu du idazleak. Erraldoiak umeak jaten ditu, gainera, baina oharra egin du Elorriagak. «Umeak jaten ditu, bai, baina lagunak ez». Alex Orbe ilustratzailearen irudiak ditu liburuak, kasu honetan.

Etenaren osteko jarraipena

Eta zergatik sortu dute orain zigilua Santillana-Zubia argitaletxekoek? Eten bat da motiboa. 2014. urtean, Penguin Random House argitaletxeak erosi zuen Alfaguara, eta horrek eten egin zuen Alfaguara-Zubia zigiluaren ibilbidea. Bildumaren arduradunek mantendu egin zituzten, ordea, zigilu haren pean argitaratutako lanen eskubideak, eta Zubia-Santillana argitaletxearen aterkipean eman diote orain jarraipena. Berez, Santillanaren lan ildo nagusia eskolarako liburuak argitaratzea da, eta haren adar literarioa da orain martxan jarri duten Zubia-Santillana.

Adin guztietako irakurleak erakarri nahi dituzte, 4 urtetik hasi eta 16 urtetik gorakoekin buka. Adin tarte horietarako egokitutako bildumekin antolatu dute zigiluko eskaintza, eta aurreratu dute intereseko gaien araberako proposamenak ere egingo dituztela. Irakurketa errazeko liburuak ere kaleratuko dituzte.

Begikok harreman zuzena izango du beste hiru zigilurekin, arduradunek zehaztu dutenez. Kide izango ditu gaztelerazko Loqueleo, katalanezko Jollibre eta galizierazko Oqueleo zigiluak. Harreman horrek euskal idazleen lanak beste hizkuntzetara eramatea erraz dezakeela ere esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.