Poesiaren gordelekua

Eako Poesia Egunak antolatuko dituzte uztailaren 11tik 13ra.Egitarau oparo eta askotarikoa atondu dute.Aresti gomutan hartuko dute

Castillo Suarez, Asun Landa eta Emi Larrinaga Eako Poesia Egunetako antolatzaileetako batzuk. M. RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hamarkada bat baino gehiago darama Bizkaiko Ea herriak poesiaren gordeleku eta aterpe izaten. 2004an ekin zioten estreinako aldiz jardunaldiok antolatzeari, eta, hortaz, aurtengoa 11. aldia izango da, uztailaren 11tik 13ra. Hortik dator aurten aukeraturiko goiburua: Hamaika eta bat Ea poesiari.

Hamarkada luze horretan ezaugarri batzuk garatu dituzte Eako Poesia Egunek, ekitaldia bakan eta berezi egiten dutenak, eta ezaugarri horiei leial iraun dute orain arte, HEA elkarteko Emi Larrañagak eta Asun Landak, eta Castillo Suarez poetak nabarmendu dutenez. «Auzolana» da horietako bat, «herri txikia izanik mundu guztiak laguntzen baitu modu batera edo bestera, bideak garbitzen, bazkaritarako atuna prestatzen, eta abarretan».

Auzolanarekin batera, «harremana» da beste gakoetako bat Eako Poesia Egunez berba egitean. Harremana, idazle eta irakurleen artean; harremana ekitaldietan parte hartzen duten guztien artean, izan sortzaile, antolatzaile edo ikusle soil; eta harremana, halaber, herriaren eta egitasmoaren artean. Izan ere, Poesia Egunek Eako kultur giroa aberasten dute, baina, neurri berean, Earik gabe Poesiak Egunak ezinezko lirateke.

«Literaturaren ikuspegi dinamikoa da gurea», adierazi du Landak, «homogeneotasunetik ihes egiten duena, aniztasunean eta irekitasunean oinarritua». Egitaraua da horren frogarik behinena, mota askotako ekitaldiak antolatu baitituzte, klasikoak zein «ekitaldi berritzaile eta esperimentalagoak», literatura eta bestelako arte adierazpideak elkartzen dituztenak. Baina beti poesiari «lehentasuna» emanda: «Oraindik ere, pentsatzen dugu poesiak gutxietsitako generoa izaten jarraitzen duela», azaldu du Landak. Asteburu osoan Ea «poesiaren erakusleiho» bilakatzea da antolatzaileen nahia.

ARESTI GOMUTAN

Ohikoa izaten da Eako Poesia Egunetan Gabriel Aresti gogora ekartzea. Aurten, Harri eta herri argitaratu zenetik 50 urte betetzen direla kontuan hartuta, hainbat saio antolatu dituzte. Uztailaren 11n, 20:00etan, Karmelo Landak eta Laura Mintegik elkarrizketa bat izango dute Arestiren lanaren inguruan, eta Nondik dator harria? galderari erantzuten saiatuko dira. Uztailaren 13an, 11:00etan, Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek generoaren ikuspegitik aztertuko dituzte garai hartako poetak eta poemagintza, Arestiren poema batetik abiatuta, Arestiren imajinario poetikoa eta genero eraikuntzak izeneko hitzaldian. Gainera, uztailaren 11n Gabrielen lekua sentikaria eskainiko dute, ikuskizun horren azken emanaldietako batean.

ERREZITALAK

Bi errezital nagusi izango dira aurtengo Poesia Egunetan, bi-biak uztailaren 12an. Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz azken liburuko poemak eskainiko ditu, eta, ondoren, Idazleak irakurle izeneko emanaldian, urte honetan argitaratutako poesia liburutako batzuk aletuko dituzte egileek, Joseba Irazokiren musikaz lagunduta. Mikel Etxaburuk, Mariluz Estebanek, Jule Goikoetxeak, Luis Gardek eta Felipe Juaristik hartuko dute parte.

DANTZA

Antolatzaileen aburuz, «aurtengo gutizietako bat» izango da Laida Azkonak uztailaren 12an eskainiko duen emanaldia. Ospe handiko dantzaria izaki, ez da ohikoa Azkona Euskal Herriko agertokietan ikusteko aukera izatea. Mu-To: Txinaraino tunel bat zulatu izeneko emanaldian, dantza garaikidea eta literatura uztartuko ditu Azkonak; Txina ez ezik, norberaren iraganeko bizitzak ere helmuga dituen bidaia.

MUSIKA

Hainbat kontzertu izango dira Poesia Egunen egitarauan. Uztailaren 12an bi emanaldi egongo dira: batean, Etxepare rap izenekoan, olerkiak eta rap doinuak uztartuko ditu Imanol Epeldek, eta, bestean Joseba Irazoki one man band gisa arituko da; bere ekitaldian «anabasa neurtua» sortuko duela agindu du. Uztailaren 13an Bide Ertzean-ek joko du. Ezaguna da Bide Ertzean-en eta Jose Luis Otamendi poetaren arteko harremana. Oraingoan, baina, beste zenbait poetaren testuetan oinarrituriko kantuak joko dituzte Bide Ertzean-ekoek emanaldi berezi horretan, eta «ezustekoren bat» egongo dela iragarri dute.

BESTELAKOAK

Gabriel Arestiren inguruko hitzaldiez gain, beste bat izango da uztailaren 12an, Itsasoa da bide bakarra izenekoa. Han, Eider Rodriguezek aztertuko du itsasoaren irudia, sinbolismoa eta esangura Joseba Sarrionandiaren testuetan. Poesia Egunei akabera emateko, ekitaldi berezia aukeratu dute antolatzaileek, performance eta errezitalaren erdibidean dagoen Hondakindegia emankizuna, Iñigo Astiz eta Mikel Aierberen eskutik, Astizen Baita hondakinak ere liburuaren poemak oinarri hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.