Erraietatik erakartzeko

Jone Laspiur artistak lehen lana inauguratu du Donostiako Arteztu galerian. Formari eman dio garrantzia, eta prozesu sinpleak erabili ditu

Eskulturatik abiatu da Laspiur, baina collageak ere egin ditu konkorraren forma ardatz duela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Erakargarria, baina aldi berean nazkagarria», hala aurkeztu du Jone Laspiur artistak (Donostia, 1995) Arteztu galerian ikusgai duen lana. Kontrastez bete du erakusketa: forma organikoa dute lanek, baina emaitza erabat artifiziala da; itxura basatia dute piezek, baina kolore biziak gailentzen dira. Gorputzei estu lotutako formak ageri dira albo batzuetan, baina «gozoki industrialen» pareko konkorrak ere sortu ditu Laspiurrek. Finean, postmodernitatearen berezko ezaugarri diren anbibalentzia eta muga lausoen kontzeptua ekarri du praktikara. Erraietatik egin du lan, aurretik zer sortu nahi zuen jakin gabe. Erraietatik egin du «oka», eta horren ondorio da higuingarria bezain erakargarria den lana. Apirilaren 13ra arte izango da ikusgai.

Konkorra da Laspiurren obran funtsezko elementua. Arte Ederren ikasketak egiten hasi zenetik landu du forma hori: «Nire estiloa findu nuenetik egin dut lan konkorrarekin». Kontzeptuetan baino, nahiago du molde eta itxuretan sakondu, eta konkorrak aukera ematen dio horretarako: «Batetik, irakurketa asko eduki ditzakeen elementu bat da, eta, bestetik, oso erosoa egiten zait horrekin lan egitea». Beraz, konkorra ez da beste ezeren metafora, bere horretan lantzen duen elementu bat baizik. Hala ere, Laspiurrek egin du bilakaera. Hasieran, askoz ere forma bortitzagoak eta klasikoagoak egiten zituen, eta orain, berriz, ildo postmodernoan murgildu da: «Koloretsuagoak, baina soilagoak dira orain obrak».

Teknikak ere izan du bilakaera. Orain arte eskultura erabili du gehien bat, baina Arteztu galeriako erakusketarako collageak egiten ausartu da: «Zerbait berria egin nahi nuen oraingo honetan». Horrek aukera eman dio orain arte erabili gabeko koloreekin eta formekin lan egiteko: «Gehiegikeriaz osatutako obra da azken boladakoa; kapritxoz betetakoa». Teknika digitala erabili du batik bat oraingoan.

Hortaz, azken bi urteetan egindako obren bilduma da galerian ikusgai duena. Eta, ohartu da garai ezberdinetan egindako lanak izanagatik, ez dutela galdu elkarren arteko harmonia: «Nire obrak badu ezaugarri nabarmen bat. Lan guztiek indar handiagoa hartzen dute elkarrekin jarrita, bakarka erakutsita baino». Zementuz estalitako konkorrak eta fluor kolorez betetako oihalakbortizki bezain harmoniatsu josi ditu Laspiurrek erakustokian.

Prozesuaren garrantzia

Zer sortu behar duen, ez du aldez aurretik definitzen. Aitzitik, egitearen egitez borobiltzen ditu obrak: «Nire lana erabat intuitiboa da, estetikoa». Horregatik, teknika berrietan murgiltzea eta kontzeptu berrien inguruan hausnartzea da artistari interesatzen zaiona: «Obrak sortzea esperimentatzea da, laborategi batean lan egitearen modukoa».

Obra berriekin, esaterako, jakien mundura hurbildu dela azaldu du. Orain arte gorputzari egiten zion erreferentzia gehiago. Baina janariaren estetikarekin eta organikotasunarekin lanean dabil orain Laspiur: «Zer da jangarria, eta zer zaborra? Dastatzen duguna gustatzen zaigu, ala higuingarria da? Galdera horiek transmititu nahi ditut lan hauekin», azpimarratu du.

Mahai gainean jarri du gogoeta, baina uste du ikuslea dela obrekin jolas egin behar duena: «Gure begiak berez jotzen du ezaguna zaigunaren bila, eta horregatik diot higuingarria bezain erakargarria dela, beti topatu nahi dugulako ezagun egiten zaigun irudiren bat». Forma abstraktuekin lan egiteak horretarako abantaila ematen dio.

Azaldu du, ordea, konplexutasun horren atzean ez dagoela teknika konplikaturik eta material garestiegirik: «Zalantzarik gabe, eskuragarritasuna lehenetsi dut». Artista gaztea izanda, bakarka inauguratu duen lehen erakusketa du Laspiurrek, eta aitortu du erantzukizuna sentitu duela «zerbait berria» erakusteko. Gainera, azpimarratu du zortea izan duela ikasketak bukatu eta berehala lanak ikusgai jartzeko. «Bestela zer gertatzen den lanekin? Estudioan gelditzen dira asko. Baina, tira, bada ikasketa prozesuaren parte ere».

Artista gazteen patua

Hain justu, Laspiurrek salatu du gutxi direla artista gazteek beren lanak ikusgai egiteko dituzten aukerak: «Bekak egon, badaude, baina oso gauza konkretuak eskatzen dituzte, edo bestela esperientzia izateko eskakizuna ere egiten dute, beraz, hasi berriok jai dugu». Bilbo inguruan aukera gehiago daudela ere azpimarratu du, baina uste du Gipuzkoan zaila dela aurrera egitea.

Hala ere, orain arte egindakoarekin pozik dago artista, eta bide horretan aurrera egitea espero du: «Badut proiektu berri bat buruan; lurraren eta industriaren mugetan arituko naiz». Erraietatik sortzen jarraituko du, beraz, desatsegina erakargarri eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.