Jakinak bai, bilduak ez

Maialen Morenok liburu batean bildu ditu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortutako herri kontakizunak, doktoretza tesitik abiatuta

gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Kontatu, kontatzen zituzten. Ezagutu ere, ezagutzen zituzten. Zenbaitek bai, behintzat. Edonola ere, orain artean bildu gabeak izan dira. «Duela gutxi arte, ahozko literaturako beste genero batzuen aldean irri-kontakizunak ez dira azterketa askoren helburu izan. Ipuin miresgarri eta elezaharrei buruz egin diren azterketen aldean, eguneroko bizitzako pertsonaiak protagonista dituzten irri-kontakizunak, askotariko eta ugariak, ez dira gehiegi kontuan hartu».

Hala uste du eta hala idatzi du Maialen Moreno filologoak, Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa liburuaren egileak, lan argitaratu berriaren hitzaurrean bertan. Lehenik, Morenok izenburu bereko doktoretza tesia ondu zuen, Xarles Bidegain euskaltzaina izanik tesi zuzendaria; orain, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du, Euskal Literatura Sailaren baitan. Filologoa izateaz gain, ahozko tradizioaren eta kontakizun umoretsuen zalea da Moreno.

Istorio laburrak irakurtzea gustuko duenak horietako asko topatuko ditu liburuan, baina ez da mugatzen istorio horiek kontatzera. «Liburuaren lehen zatian, kontakizunen deskribapena, bilketarako oinarriak eta kontakizunetako irriaren adierazpen moduak aztertu dira». Horren ostean dator kontakizunen corpusa, atalka banatua. «Edukia aztertzean, sailkatzeko proposamena ere egin dugu, orain arteko ikertzaileek egindako definizioan oinarrituta. Horrela, kontakizun errealistak, txisteak, ateraldi edo arrazoiak, ipuin miresgarriak, elezaharrak eta bestelako materiala banatu ditugu».

Morenok Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bildu ditu ahozko kontakizun horiek. «Batez ere Nafarroa Beherean eta Zuberoan». Egileak hainbat egonaldi egin zituen leku horietan, bertoko jendearekin harremanetan: «Haiekin hizketan hasi eta neronek kontatzen nuen istorioren bat. Kontuzalea denak, normalean, entzuteko joera izaten du, eta gero bera hasten da istorioak kontatzen. Hala identifikatu nituen kontalari onak, eta, gero, haiei entzundakoa jasotzea izan da nire egitekoa. Herriz herri jendearen ahotik ateratako kontakizunak bildu dira, eta gero transkribatu, sailkatu eta aztertu».

Liburuaren egileak «errealista» gisa definitzen ditu kontakizun asko; «hau da, eguneroko pertsonaien eta gertakarien berri ematen dute». Kontakizun errealista horietako protagonistak apaizak, medikuak eta laborariak dira askotan, eta gaiak ere jakinak dira: «Kontakizun gordinak, ergel-argien ingurukoak, emazteekin eta ezkonbizitzarekin lotutakoak, akats fisikoei buruzkoak...».

Corpusaren zati handi bat irri istorioek osatzen dute, eta egileak frogatu ahal izan du istorio horietako asko ez direla berri-berriak: «Ikusi dugu zenbait gai behin eta berriro errepikatzen direla irri kontakizun horietan; esate baterako, antiklerikalismoa, emakumeen argitasuna senarrak engainatzeko... Mundu ikuskera baten berri ematen diguten pertsonaia tipoak ere aurkituko ditugu: diagnostiko irrigarriak ematen dituzten medikuak, laborari ergelak...».

Ondorioak

Irri kontakizun asko eta asko ez dira gertakizun bakunak, egilearen hitzetan, «tradizio batetik eratorritakoak», baizik: «Konturatu gara badirela Erdi Arotik hasita errepikatzen diren antzeko gai irrigarri batzuk. Baliokide zaharren artean garbienak, adibidez, XV. mende hasieran Poggio Bracciolini latinista italiarrak jasotako kontakizunak dira».

Narrazio horietako askotan «emakumeez egiten den irudikapena ezkorra da», ikertzaileak dioenez: «Emakumearen adulterio jarrera azpimarratzen duten istorioak dira ardatz. Urteak joan eta urteak etorri, irri kontakizun horiek idatziz ere jaso dira zenbaitetan, eta Europako ahozko tradizioan gorde dira, dela exenpluen bidez, dela bestelako ipuinekin tartekatuta, edota debekatutako kontakizunen bildumen barruan. Pentsatzen dugu istorio gordin horietako gaiak, mendeetan mantendu badira, gizartearen arauek ezartzen dituzten mugak hausten zituztelako izan dela».

Irri kontakizunen ezaugarriei erreparatuta, «laburrak izaten dira», eta horrek «efektu komikoa areagotzea dakar». Egiturari erreparatuta, berriz, «errealisten» atalean sailkatutako gehienak «degradazio prozesu batekin amaitzen dira», eta horrek komikotasuna sortzen du. «Adibidez, apaizak gelariarekin oheratzen direla jakiten da; konfesatzera joaten denak penitentziatik libratzea lortzen du, eta apaiza irrigarri geratzen da; behartsuak aberatsari lapurtzen dio...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.