Kanpoko kamerapean

Lumiere anaiek, Orson Wellesek eta bestek Euskal Herrian filmatuak bilduko ditu 'Chez les basques' zikloak; 11 film ditu, tartean estreinaldiak

Frank Suarez, Pantxoa Etxegoin eta Oskar Alegria, zikloaren aurkezpenean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Kanpoko begiekin filmatuak dira denak, eta hortik hartu du, hain zuzen, frantsesezko izenburua egitasmoak: Chez les basques (Euskaldunen etxean). Euskal Herriaz dira dokumentalak, euskaldunak dituzte filmatzen. Baina, gehienetan, adibide bat emateko, frantsesez mintzo dira elkarrizketatuak.

Hubert Knapp zinemagilearen Le cure basque de Greciette (Gerezietako apez euskalduna) filmean adibidez, non entzuten baita Jean Elizalde Zerbitzari frantsesez. Bere beretterrek ere, filma ikustean, aitortu omen zuten bitxi kausitu zutela hizkuntzarena. Ez zutela nehoiz entzun frantsesez. Kanpoko begi hori, hortaz. Batzuetan, agian, «folklorikoa» ager daitekeena, esplikatu zuen Oskar Alegriak, zikloko programazioaren zuzendariak.

Baina horrek ez duela kentzen emaitzak «opariak» izatea, beti Alegriaren hitzetan. Baita ikusle euskaldunarentzat ere. Dela Zerbitzari beraren erreferak, Hubert Knappen galderei. Apez gisa Euskal Herriaz eman nahi duen ikuspegia ere agertzen da hor, dantzaz, mus karta-jokoaz. Besteek nola begiratzen dituzten euskaldunak, euskaldunek zein irudi eman nahi duten beren buruaz,eta, bide batez, lerroen artean errana eta errana ez dena ulertzekoa ematen dute dokumentalek.

«Opariak» izan daitezke, baita ere, irudi arraroak direlako hor agertzen direnak. Beti Hubert Knappekin segitzeko, Croquis en Soule dokumentalean (1958, Zirrimarrazki bat Zuberoan), adibidez, Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri filmatu du. Berterretx pastorala errepikatzen ari direla barruki batean. Film egileak ez du izendatzen Etxahun-Iruri. Aipatzen du Bereterretxeren kondaira, zehaztuz ez duela oraindik ulertu zein den istorioaren mamia. Baina filmatu du errepika. Eta 60 urte berantago, Etxahun-Iruri nor den dakienarentzat hor entzutea kantuz, barruki horretan, espartin zuriekin, zerbait da. Nahiz labur gelditzen den. Entzutea Bereterretxerena ematen, gainera. Eta ondotik, Satanak dantzan ikusten dira, oinutsik, lur soilean.

Berdin, Otar Iosselianiren Euskadi été82 (1983) dokumentalean. Hor, agian, Welles edo Knapp ez bezala, «senide» gisa filmatzen ditu euskaldunak sortzen georgiarra den egileak, Alegriak aztertu zuenez. Mahaian euskaldunekin jartzen du kamera. Lortzen du intimitate bat, antzerkia ez den zerbait, besteek ez dutena hain errazki lortzen. Eta hor ere badira zenbait eszena eder. Tartean, zahar bat bilobari kantu baten irakasten.

Orotara, 11 film ditu elkartuko zikloak orotara atzotik hilaren 15era arte, Ipar Euskal Herriko 11 zinema gelatan. Hamabost proiekzioren bidez ikusten ahalko direnak. Euskal Kultur Erakundeak du antolatzen egitasmoa, Alegriarekin. Iruñeko Ikuspuntu jaialditik datorren zikloaren ideia da. Jaialdiko arduradunetako bat da Alegria, hain zuzen. Iruñean proiektatuak dituzte jada Ipar Euskal Herrira ekartzen dituzten gehienak. Bilbon ere emanak dituzte batzuk.

Baina Ipar Euskal Herriko zikloak baditu bi berezitasun. Batetik, besteetan proiektatu ez diren hiru film. Eta, bestetik, film bakoitza filma filmatu zen gunetik ahal bezain hurbil dute proiektatuko. Lumiere anaien 1896ko Miarritzeko film laburra, beren lehen filmetakoa dutena, Miarritzen ikusten ahalko da.

Miarritzen, Ama Birjinaren arrokako uhinak zituzten harrapatu nahi izan. Beren xedea kamerarekin mugimendua atzematea zuten, gogoratu zuen Alegriak. Orson Wellesen Around the World. Pays basque famatua (1955, Munduan Gaindi. Euskal Herria) Donibane Lohizunen eta Ortzaizen (Nafarroa Beherea). Filmeko elkarrizketetako leku berean. Louis Dellucen Le chemin d'Ernoa (1921, Ernoako bidea), berriz, Urruñan. Bertan Azkaine eta bere bazterrak agertzen dira. Hau argiaren bilaketa lanek zuten ekarri Euskal Herrira.

Soinuaren aurkikuntzaz, Maurice Champreux egilearen Au pays des basques dokumentala (1930, Euskaldunen herrian) da ikusten ahalko. Frantzian, lehen film soinuduna da, kanpoan filmatua. Eta arte horretan, euskara ere entzuten da. Hitz bat. Erlea. Euskal Herri osoa zeharkatzen du filmak. Izanen da besterik ere, eta oro har, zinemaren historia Euskal Herritik begiratzekoa ematen dute zinemagileek, Alegriak borobildu zuenez.

Zikloa estreinaldi batekin bururatuko da Baionan. Eugene Greenen Faire la parole dokumental-fikzioa (Hitz egin) lehen aldiz proiektatuko dute karia horretara. Gaur egun euskaldun izateak zer erran nahi duen aztertu nahi izan du egileak. Sortzez amerikarra da Green, baina aspaldian Parisen bizi da. Antzerkilari, zinemagile eta idazlea aspalditik landuz doa Euskal Herriarekiko harremana.

'CHEZ LES BASQUES'

Zer da? Euskal Herrian 1896tik 2015era filmatu dokumentalen zikloa.

Antolatzailea: Euskal Kultur Erakundea.

Non? Hendaiatik Maulera, 11 zinema gelatan.

Noiz? Azaroaren 7tik 15era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.