Eztanda giroko egunak

Karlos Linazasorok '6012' eleberri laburra plazaratu du, 1978an gertutik bizi izan zuen tren istripu bat abiapuntutzat hartu eta fikziora eramanda

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Karlos Linazasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) nerabea zela, tren istripu batek hankaz gora jarri zituen haren sorterria eta inguru guztia. 1978ko martxoaren 28a zen. Goizaldeko ordu bata eta erdiak inguruan, 6012 zenbakia zeraman merkantzia tren bat errailetatik atera zen Tolosan, eta lehergailu arriskutsu bat utzi zuen trenbidearen erdian: 55 tona azido zianhidriko zeramatzan zisterna bat. 15 urte zituen Linazasorok, eta, aita herriko udal batzordeko presidentea zuenez, gertaeraren ondorengoak lehen lerrotik bizi izan zituen. «Etxean bizi izan genuena dramatikoa izan zen», gogoratu du, egun haietatik ia 40 urte betetzear direla. Aspalditik zekien inoiz kontatuko zuela istorio hura, eta kontatu du: ehun orrira iristen ez den 6012 eleberri laburra kaleratu du, Erein etxearekin.

«Bonba atomiko txiki bat». Halako efektua izan zuen errailen erdian gelditu zen lehergailuak herritarrengan, Linazasororen arabera. «Errealitatea da 50 tona azido zianhidriko zeramatzan zilindro hura ez zela lehertu. Zorionez, Tolosa eta Tolosaldea birrintzeko indarra baitzeukan bonba hark. Benetan arriskutsua zen, eta Tolosa erdi-erdian geratu zen, geltokiaren eta apeaderoaren artean».

Lehertu ez bazen ere, egoera «ia-ia kaotikoak» ekarri zituen: azido zianhidrikoaren ihesak egon zitezkeela zabaldu zen, jende askok alde egin zuten herritik, geltoki ondoan bizi zirenen etxeak hustu zituzten... Gezurrek, zurrumurruek, mehatxuek eta bestelakoek giroa gaiztotu zuten herrian, eta kaleko kaosari etxe barrukoa gehitu zitzaion linazasorotarrenean. Aitak eta udaletxeko beste kargudunek herritik ihes egin zutela zabaldu zenean, esaterako. «Aitari istripuaren ondorengo erabaki asko hartzea tokatu zitzaion, eta trenbidean pasatu zituen bizpahiru egun, oso larriak». Egun haietako argazkiak eta paperak karpetetan gordeta eduki ditu urte luzez egileak.

Istorio «zinematografikoa» da 6012 trenak utzi zuena, egilearen iritziko, eta, horregatik, istripuaren tentsioak dakarren suspensea eta intriga bihurtu ditu kontakizunaren hari nagusia; batez ere, egoera hartan hartu behar izan ziren erabakien katean oinarritu du narrazioa.

Neurri txikiago batean, garai hartako giro soziopolitikoa ere islatu nahi izan du idazleak; ez sakon, zenbait zertzelada emanez baizik. «Aitak borrokak izan zituen militarrekin, Gobernu Zibilarekin... Oso giro frankista zegoen», ekarri du gogora. Iñaki Aldekoa editoreak ere gehitu du errailetan geratu zen zisterna leherkor hark balio lezakeela garai haren metafora gisa ere: «1978ko garaia leherkor samarra izan zen; lehertu ez dakit lehertu zen, hemen bezala, baina egon ziren noraeza eta arriskuak». Elkarrizketa bidez eta, beraz, erritmo azkarrez kontatu du istorioa Linazasorok; batik bat, udal batzordeko presidentearen eta tren geltokiko ikuskatzailearen arteko elkarrizketen bitartez. Hala, «bizi-bizi»doan nobela bat dela dio egileak.

Terreno propiotik kanpora

Obra oparoa du argitaratua Linazasorok, baina berea ez den terreno batean sentitu da 6012 idazten. Honela azaldu du:«Errealismoa ez da nire eremua. Nire buruak, beti bezala, distopiara jotzen du, gauzak muturrera eramatera. Hemengo edozein harik ematen dizu aukera dena ia disparateraino eramateko, baina ez dut gehiegi urrundu nahi izan trenbideko gertakaritik». Lehenengoaldiz argitaratu du gertakari historiko batean oinarritutako lan bat, eta azken aldia izango dela ere aurreratu du. «Gauzak nik sortzea gustatzen zait, eta, kasu honetan, oinarria hor zegoen. Eskuak lotuago dauzkazu, eta sormena askoz ere mugatuagoa ikusten dut. Badaude arau batzuk bete beharrekoak: batez ere, egiazkotasuna. Esaten duzun guztiak sinesgarria izan behar du, eta hori asko kostatu zait».

Ez da hau istorioa kontatzen saiatu den lehen aldia. Baina aurreko saiakeretan beti geratu izan da formarekin trabatuta. Bada, bi data jarri ditu testuaren amaieran: 2014koa lehena, eta 2017koa bigarrena. 6012 gidoi bat izan zen aurretik, antzerki lan bat gero, eta hirugarrenean bihurtu da nobela.

Liburuaren berri izan duten tolosarrengan jakin-mina igarri du Linazasorok; berriz 1978ko pasadizo hura gogora ekartzeko gogoa. Edonola ere, egileak nabarmendu du ez duela eleberriaren oinarritzat baino hartu gertakaria, ondoren fikzioaren bidez kontatzeko kontatu nahi zuena. Errealitatearekiko fidelitatea, batik bat, xehetasun teknikoetarako utzi du. «Ez dut lan periodistikorik egin. Literatura egin dut; nobelatxo bat». Konforme geratu da emaitzarekin; batik bat, zor bat kitatu duela igartzen duelako. Aitari «omenaldi moduko bat» egin izanaren gorputzaldia ere utzi dio, eta aspalditik kontatu nahi zuena kontatu izanaren gogobetetzea: «Bukatu dut, kontatu dut, eta errealismoa, berriz ere, pikutara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.