Taula federazioa aurkeztu dute Lapurdiko hamazazpi konpainia profesionalek

Indarrak eta zailtasunak banatu, eta kultur politiketan eragitea du asmoa. Manifestu bat plazaratuta eman dute elkartearen berri
Federazioa osatzen duten hainbat kide, manifestuaren berri emateko atzo antolatu agerraldiko argazkian, Baionako Atalante zineman.
Federazioa osatzen duten hainbat kide, manifestuaren berri emateko atzo antolatu agerraldiko argazkian, Baionako Atalante zineman. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko apirilak 24
Bada ia urtebete hainbat konpainia Taula federazioan biltzen hasi zirela. Zenbait ekitaldi ere antolatu izan dituzte. Atzokoa bere burua aurkezteko eta mugarri bat pausatzeko ekinaldia izan zen, federazioaren manifestuaren berri emanez. Taularen balioak eta defendatzen duena zer den zehazten duen manifestua. Nolabaiteko abiapuntua, baldin eta kide berriak hurbiltzen badira. Baldin eta zalantzak sortzen badira. Baldin eta, sinpleki, norbaitek jakin nahi badu zer den zuzen.

Gaur egun, hamazazpi konpainia ditu elkartzen federazioak. Antzerki, dantza, zirku edo musika arloan, ikuskizun munduko adierazpideetako konpainiak dira. Hamazazpiak Lapurdin kokatuak. Hendaiatik Luhusora. Ipar Euskal Herri guztiko konpainientzat atea irekia da, baina mementoko, ez dute Baxenabarrekorik, ezta zuberotarrik ere. Konpainien gehiengoa frantsesez ari da. Manifestuaren liburuxka bera bakarrik frantsesez dute inprimatua. Euskarazko bertsioa irakurri zuten atzoko agerraldian. Baina itzulpena ez zuten oraindik inprimategitik pasarazia, liburuxka bihur dadin.

Hori bai, denak profesionalak dira. Hori ere bada federazioaren berezitasuna. Manifestuan ez da zehazki horrela emana. Baina, batetik, berez, hamazazpi konpainiak hala dira, eta, bestetik, bere manifestuko puntuetako bat hori du: «Sektorearen profesionalizazioa eta estrukturazioa» du defendatzen federazioak. Enpleguak sostengatzea baita.

Profesionala, Ipar Euskal Herriaren panoraman. Erran nahi baita, beren artea ogibide dute. Federazioko konpainietako artista kasik guztiek intermitentzia estatutua daukate. Estatutu horren bidez, urtean 507 lan ordu deklaratzearen truke, langabezia kutxatik lanik gabeko garaiak ordainduak izateko aukera dauka artistak. Horiek zehazturik, agian balio du federazioaren sorrera kultur eragileen munduko azken urteetako perspektiban kokatzeak.

Izan ere, profesionalizatze bide bat hartzea, hori izan da luzaz Frantziako politika publikoek gomendatu dutena. Artista zenbaitek ere nahi izan dutena. Baina artea ogibidetzat ez duten artistek bultzatua izan dela euskal kultura, eta gaur egun ere horrela dela, hori arazo bat bezala agertu da. Koadroetan ezin sartuz.

Eta, aldi honetan, berriz, artistek berek dute federazio hau sortzen. Hau da, profesionalizazio prozesu hori egonkortzeko, saretzeko indar egiten dute. Atzo berean, manifestua irakurri eta egin zen galderetako bat, hauxe: ea erakunde batek xuxurlatu ideia izan ote den federazio hori. Ezetz ihardetsi zuten. Haiek berek sentitu behar batetik direla abiatu.

Elkartzeko beharra

Guztiak arazo berberei aurre egiten ari zirela, eta bakoitza bere aldetik eta bere txokoan galtzeko ordez, elkarrekin trukatzeak indartuko zituela pentsatzen hasi, eta hortik da sortu federazioaren ideia. Lan administratiborako bateratzeko ideia, adibidez. Beste adibide bat: konpainia bakoitzaren materiala biltzeko leku eskasa izan daiteke, eta bakoitza bere aldetik aritzeko ordez bilatze lanetan, hori ere elkarrekin eramateko ideia badute. Hamazazpi konpainietatik gehienak konpainia txikiak dira, nahiz eta hor diren ere handiagoak, dela Le Petit Theatre de Pain dela Hecho en Casa.

Hori, beraz, lehen ardatza. Baina argi dute ere bigarren ardatz nagusia instituzioei eta sektoreko profesionalei begira dutela. Kultur politiketan eragiteko nahia aipatzen du manifestuak. Solaskide izan nahi du federazioak. Ez da kasualitatea orain sortu izana. Noiz eta Euskal Elkargoa oraindik antolatzen ari denean kultur saila. Funtsean, jadanik bilduak dira Elkargoko kultur sailaz arduratzen direnekin federaziokoak. Eta atzoko agerraldian bertan hainbat egituretako ordezkariak bazeuden. Tokiko kultur egituretatik Pirinio Atlantikoetako Departamendura.

Laguntza eskatzen badu federazioak, indar ekonomiko gisa ere agertu nahi du. Federazioko konpainien argazki bat eskaini zuten, hain zuzen, atzo. Iazko negozio zenbakia 1.272.937 euro izan zuten. Diru laguntzek %29 zutelarik irudikatzen. Orotara, 134 langile elkartzen dituzte federazioko konpainiek; artistez gain, hamabost administrari eta 22 teknikari. Iaz 574 emanaldi eskaini zituzten, 40.342 ikuslerekin. Euskal Herrian bertan, 262 emanaldi. Ikastetxeetan 107 esku hartze izan zituzten iaz, 3.181 ikaslerekin. Ikastetxeetatik kanpo 37 tailer zituzten antolatu, 634 parte hartzailerekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna