Italiako Giroa

Behar bezala ospatua

Mikel Nievek irabazi du Dolomitetako azken etapa. Froomek ondo eutsi die Dumoulinen erasoei, eta lehen aldiz nagusituko da Giroan

Behar bezala ospatua.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Opari ederra egin zion atzo Mikel Nievek (Mitchelton) bere buruari, 34 urte betetzen zituen egunean: ihesaldia helmugaraino eraman, eta Giroko 20. etapa irabazi zuen. Kontrol lanerako tropeleko ziklistarik onenetakoa da, baina ehiztari sen fina ere badu, eta badaki garaipenaren arrastoan izaten lanerako atorra kentzen duenetan. Lasterketa kutuna du Giroa: atzokoarekin, hiru etapa irabazi ditu bertan. Sky taldearentzat, berriz, madarikatuta zegoen proba italiarra, baina bolada etetear da Chris Froome. Ondo aritu zen azken etapa menditsuan, eta, ondo bidean, arrosaz jantziko da Erromako podiumean. Hirugarren koskara Thibaut Pinot (FDJ) zen igotzekoa, baina makalaldi latza izan zuen atzo, eta Miguel Angel Lopezek (Astana) hartu du haren tokia.

Etapa hasieran 26 txirrindulariko ihesaldia sortu zen, eta bertan sartu zen Nieve. Galbahe lana egin zuen eguneko aurreneko mendateak, lehen mailako Tsecorek, eta multzoa are gehiago xehatu zen leitzarrak Saint Pantaleonen estutua eman zuenean. Gianluca Branbillak (TFS) eta Felix Grosschartnerrek (Bora) baino ez zioten eutsi. Atzerago ziren Robert Gesink (Lotto Jumbo) eta Giulio Ciccone (Bardiani). Bada, helmugatik 30 kilometrora aurkari guztiak atzean utzi zituen Nievek. 7.30era zegoen tropela; alde horretatik, seguru zen. Cerviniako igoera luzea gelditzen zitzaion oraindik, baina inork ez zuen mehatxatu haren garaipena.

Nieveren erakustaldiak azken egunetako nahigabeak goxatuko zizkion Mitcheltoni. Simon Yatesek elastikoa arrosa galdu zuen herenegun, eta atzo ere ezinean gelditu zen aldapan gora hasi orduko. Edonola, hori ez zen izan eguneko makalaldi bakarra. Leherketen Giroa izan da aurtengoa sailkapen nagusiaren lehian: Esteban Chaves (Mitchelton) indar hustu zen lehenik, eta Fabio Aru (UAE) eta Yatesen txanda iritsi zen gero. Bada, atzo Pinotek izan zuen txakalaldia, eta ez edonolakoa. Saint Pantaleonen gelditu zen, azken-aurreko mendatean, eta helmugan 45 minutu galdu zituen. Horrek eskura utzi zion hirugarren postua Lopezi.

Pello Bilbao, seigarren

Edonola, Cervinia gelditzen zen oraindik, eta asko zegoen jokoan. Maglia arrosaren lehia 40 segundoren baitan zegoen, Froome eta Dumoulinen artean, eta Lopezek 47 segundoren abantaila zuen Richard Carapazekin (Movistar) podiumaren eta gazteen sailkapenaren borrokan. Ordea, Froomek ezerezean utzi zituen Dumoulinen ahaleginak, eta Carapazen erasoek patu bera izan zuten. Hala, Froome igoko da podiumeko koskarik gorenera, eta aldamenean Dumoulin eta Lopez izango ditu. Pello Bilbaok (Astana) inoizko itzuli handirik onena egin du, eta seigarren postuan bukatuko du. Atzo postu bat igo zen, Pinoten beheraldiaren eraginez.

Gaur bukatuko da Giroa, Erroman hasi eta bukatuko den 115 kilometroko etapa lauarekin. Azken aukera izango dute esprinterrek, eta bukatzeko, gorazarre egingo zaie irabazleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.