Koska bat gehiago

Gaur zortzi hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa.Sei bertsolari onenek final handia jokatuko dute martxoaren 21ean, Gasteizen

Arabako Bertsolari Txapelketa aurkezteko, Langraiz Okan bildu ziren bertsolariak, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
«Bertsoan eta txapelketan bertan ipini nahi dugu arreta, desbideratu gabe». Horrela dio Arabako Bertsolari Txapelketako koordinatzaile Asier Lafuentek. Aurreko urteetan parte hartzea indartu du Arabako Bertsozale Elkarteak, baina aurtengo txapelketan urrats kualitatiboa egin nahi dute. Hemezortzi bertsolarik baino ez dute parte hartuko, bertso gehiago izango dira puntuagarriak, eta saio guztiak aretoetan jokatuko dira. «Bertsolariak, gai- jartzaileak eta epaileak ondo kontzentratzea nahi dugu». Arabako bertsogintzak koska bat igo nahi du bere bidean.

Bertsolariak sortzea izan zen lehen pausoa, gero jendaurrean abestea, eta orain kalitatean sakondu nahi du Arabako Bertsozale Elkarteak. «Kuadrilla arteko txapelketekin 2010ean hasi ginenean, parte hartzea igotzea lortu genuen». Azken urteetan Araban bertsolari eta kuadrilla artekotxapelketak tartekatzen dira urtez urte. Hala ere, bertsolari txapelketan bertan, parte hartzeko aukera nabarmen zabaldu zuten 2011 eta 2013. urteetan. Lafuentek uste du une egokia dela orain txapelketa berriro mugatzeko. «Aurreko txapelketetan hasiberriak zirenek orain esperientzia dute. Beraz, parte hartzea murriztuz bertsolariari kontzentratzeko eta gogoz ekiteko aukera emango diogula uste dugu».

Heldu den igandean hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa, Dulantzin. Datozen bi hilabeteetan bertsoa izango da nagusi Arabako kultur agendan. Hiru saioko bi itzuli egingo dituzte, eta bertsolari bakoitzak bi aldiz abestuko du. Oreka lortzeko asmoz, 2013ko txapelketa eta 2014ko kanporaketa fasearen arabera osatu dira saioak. Lehenengo fasea bukatzean, puntu gehien lortzen duten lehen sei bertsolariek parte hartuko dute finalean.

Bertsolari guztiek txapelketa osoa jokatuko dute; inor ez da zuzenean finalera sailkatuko. Hori bai, aurreko txapelketan finala jokatu zutenek ez dute parte hartu kanporaketa aurrekoetan. Finala martxoaren 21ean izango da, Gasteizko Principal antzokian.

Oihane Pereak jantzi zuen 2013ko txapela. Aurten, parez pare izango ditu 2013ko finalean lagundu zuten bost lagunetatik lau, Asier Otamendik ez baitu txapelketan parte hartuko. Hura da Arabako txapel gehien irabazi duen bertsolaria. Halaber, Perearekin lehiatzeko prest egongo dira, besteak beste, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza.

Erronka handia da Arabako Bertsozale Elkartearentzat bertsolari txapelketa antolatzea, lan handia eskatzen baitu. Baina, aldi berean, elkarteak indarra hartzen duela dio Lafuentek: «Antolakuntza aldetik erronka handia da. Elkarteak %100ean funtzionatu behar du. Baina lan horrek guztiak elkartea indartzen du, sare indartsuak sortzen baitira». Komunikabideen arretagatik txapelketan inoiz baino ageriago daude bertsolariak. Lafuenteren ustez, bertan parte hartzeak hausnarketa eskatzen du, eta ez du uste plaza erraza denik.

Oinarri zabala

«Arabako bertsolaritza gaztea da», ziurtatu du Lafuentek. Orain 32 urte gazte talde bat hasi zen Araban bertsolaritza berreskuratzen. Ordutik aurrera, eta tradizio faltagatik, gazte belaunaldiek eraman dute aurrera herrialdeko bertsogintza. «Hemen beteranoenak oraindik gazteak dira». Parte hartzaileen ia erdiek 30 urte baino gutxiago dituzte. Peru Abarrategi da gazteena, 17 urterekin. Añana, Trebiñu eta Mendialdekoak izan ezik, gainontzeko kuadrilletako bertsolariak daude txapelketan. Araba osoan dauden hamaika bertso eskolen lanaren emaitza da hori.

Hemezortzi bertsolarik parte hartuko badute ere, 35ek eman dute izena. Horiez gain, Lafuenteren arabera, badira Araban beste hamar-hamabost bertsolari arrazoi ezberdinengatik txapelketan izena eman ez dutenak.

Duela bi urteko finala jokatu zutenek ziurtatua zuten txapelketan parte hartzea. Gainerakoek, berriz, kanporaketa aurrekoak egin zituzten urriko lehen asteetan. Hamahiru bertsolarirentzako tokia baino ez zegoen; beraz, erronka handia zen lehiatu behar zuten 30 bertsolarientzat. Paula Amilburuk jaso zuen puntu gehien kanporaketa aurrekoetan, eta Asier Rubiok lortu zuen txapelketarako azken txartela.

Bidea eginez

Gero eta bertsolari gehiago sortzen ari dira Araban. Egun, 50 bat bertsolari inguru lehiatu daitezke plazetan. Lan handia egin dute bertsozaleek 1984an lehen bertso eskola sortu zutenetik. Geroztik, bertso eskolak ugaritu egin dira, eta Arabako biztanle gehienak Gasteizen bizi badira ere, lurralde osoan zabaldu da elkartea. Txapelketako sei partaide baino ez dira gasteiztarrak.

Bertsolariak gazteak badira ere, elkartean nahasketa berezia dagoela uste du Lafuentek. «Hainbat belaunaldi batzen gara elkartean. Badaude beteranoak, baina baita ardurak hartzen ari diren gazteak ere». Lafuentek itxaropenarekin begiratzen dio etorkizunari. Arabako bertsolaritza osasuntsu dagoela uste du, eta gainerako herrialdeekin elkarlanean bide luzea egin dezaketela uste du. Orain, txapelketa hastear dago, eta bertsozaleek gozatzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.