Zozoen elean (I). Jules Stewart. Kazetaria

«Ez dut aldaketa dramatikorik espero Nafarroan»

Kazetari zaildua da Jules Stewart. Han-hemengo lekuetan izan da, baina Afganistan ezagutu ahal izan du hobekien. Hura bezain etxe ditu Espainian Madril eta Nafarroan Iruñea.

Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

Iruñean zaitugu, AEBetan sortua, Londresen bizi zarena…

Maite dut Iruñea, baita Londres ere, baina han bizitzea bezainbat maite dut hura utzi eta Iruñera etortzea... New Yorken sortu nintzen, Londreseko alkatea bezala, eta hiri handian sortu nintzelako naiz, menturaz, landaren kontrakoa… Hogei urte ere ez nituela alde egin nuen New Yorketik, 1966an. Madrilera joan nintzen, Complutense unibertsitatera, master bat egitera. Garai gogorra Madrilen! Errepresio urteak ziren. Egunero genituen grisak unibertsitatean, zaldi gainean igota eta ikasleei erasoka… Madrilen bertan ezkondu nintzen. New Yorkera joan, emazteari gustatu ez —niri ere ez—, atzera Madrilera itzuli eta han egin genituen kasik hogei urte.

Frankismoaren lekuko izan zinen. Diktaduraren hondar urteak, Francoren heriotza, ondoko aroa, Trantsizioa…

Bai, bai. Reuters agentziarentzat lan egin nuen lehenengo, eta freelance, berriz, gero. Zenbait hedabidetan kolaboratzen nuen, eta Ingalaterrako nahiz AEBetako egunkari eta aldizkarietan argitaratzen nituen artikuluak. Hamar urte egin nituen Reutersen lanean, baina nik liburuak idaztea nuen amets. Eta nola idatzi libururik, egun osoa idazmakinaren aurrean idazten eman eta gero! Reutersen, bulegoko lanean iraun nuen umeak hazi eta etxearen hipoteka ordaindu artean, eta, halako batean, hutsean jauzi egitea erabaki nuen. Banuen kezka, baina ongi atera zitzaidan. Ekonomia saileko kazetari izan nintzen, arloan lan asko baitago, eta lan ongi ordaindua da… inork ez duelako ekonomiaz idatzi nahi! Gerrako berriemaile izan nahi dute denek!

Ekonomia sailean batean eta bestean kolaboratzen jardun zenuen, baina zure lana Afganistani loturik dago…

Hein batean! Aldizkari batek Pakistanera bidali ninduen. Herrialdeari buruzko erreportajea agindu zidan: ekonomia, banka eta beste. Horrela, presidentea elkarrizketatzera heldu nintzen eta, honek, Khyber iraganbidera joateko era guztietako erraztasunak eman zizkidan. Iraganbide horri buruz hainbat kontu aditu nituen txikitan, etaikuspegi erromantikoa ere banuen hartaz. Pakistanen nengoela, jakin nuen inork ez zuela mugako errejimendu horren gainean idatzi. Hortaz, urte eta erdian gaiaz dokumentatu nintzen. Dokumentatu, Londresen, horratik!, lekuan bertan ez baitago agiri zaharrik, eta dagoena egoera tamalgarrian baitago, alferrik galduta. Horrela idatzi nuen The Khyber Rifles liburua duela hamar urte. Artean Pakistanen, mugaren bestaldera igaro nintzen, Afganistanera, eta gerra anglo-afganoez interesatu nintzen. Iraganeko akatsetatik ikastekorik asko zegoela iruditu zitzaidan, eta, egia esan, horrela da. Tartean behin hitzaldiak egiten dizkiot armadari, oraindik ere soldaduak bidaltzen baitituzte mugako alderdi hartara, nahiz eta gaur egun ez diren gerrako soldaduak; matxinadak kontrolatzea dute eginkizun, gehienbat. Baina mugako jende haren historia jakin nahi dute, haien bizimodua, zer nahi duten… Eta, egia esan, berandu dabiltzan arren, hobe da berandu, inoiz ez baino.

Eta zer nahi du Afganistango jendeak?

Denok nahi duguna! Ezagutu nuen pakistandar bat, tribuetako familiei zer nahi ote zuten galdezka ibili zena: «Zein dira zuen lehentasunak?». Eta, guri harrigarria iruditzen bazaigu ere, munduko gauzarik normalenak nahi dituzte: «Lehenik, bizi hobea gure seme-alabentzat. Bigarrenik, ur edatekoa etxean. Hirugarrenik, argia, prezio eskuragarrian». Haien hitzetan ez dago ez jihad, ez islam, ez bestelakorik.

Zein da Mendebalde esaten den horren jarrera Pakistan, Afganistan eta gisako herrialdeekiko?

Ezjakintasuna. Ez dakigu haien historia… Afganistan, esaterako, inoiz ez da kolonia izan. Hobeto entenditzen ditugu India, Bangladesh, Pakistan bera… kolonia izanak eta gurekin nola-halako harremanetan izan direnak, Afganistan baino. Afganistan arrotz eta estrainioa zaigu, beti izan da herri isolatua. Inork ez du Afganistan bereganatu nahi, ondokoa hartaz jabetzea galarazi nahi dute herrialde guztiek. Oroz gain, Pakistan Afganistanen sartzea galarazi nahi dute denek… Gure jarrera zein den? Mesfidantza, ezjakin hutsak garelako. Korapilo bihurria da, gero! 2001ean, Dorre Bikien erasoa izan zenean, Bush ergelaren erreakzioa Afganistan bonbardatzea izan zen. Inor bonbardatzekotan, Saudi Arabia jo behar zuen, terroristen artean afganorik ez baitzegoen! Ez dugu talibanen mugimendua entenditzen. Talibanei ez zaie interesatzen herrialdeaz kanpokorik, ez dute jihad esportatzeko asmorik. Esaterako, gaizki konpontzen dira Al Khaedarekin, atzerrikoak zaizkielako. Eta, zinez, oraingo Estatu Islamdarra ere gorriak ikusi beharrean dago Afganistanen. Borroka latzak izan dituzte, eta afganistandarrek atzera eginarazi diete. Borroka hori galdu egingo du Estatu Islamikoak.

Mendebaldean nekez dugu Afganistango egoera entenditzen…

Zonalde hura guztiz estrategikoa da Mendebaldearentzat. Beti izan da. Herrialdea bera ez da ezer. Hori esanagatik ere, estatubatuarrek mea aberastasun handia aurkitu dute Afganistanen, bilioi bat dolarreko balioa baino handiagoa duen aberastasuna! Azpiegiturarik ez dago, ordea, segurtasunik ez, bakerik ez, eta, honenbestez, mea horrek ez du deusetarako balio! Bestalde, hor da beti mitoa: «Afganistan ezin konkistatu daiteke!». Gezurra, askotan konkistatu dute! Okupatu, aldiz, inoiz ez! Bertako jendeak egonarri handia du, eusteko gaitasun handia, eta ez dute okupaziorik toleratzen. Afganistan okupatzen saiatzen denak disgustua izango du goiz ala berant. Ingelesek, esaterako, bitan huts egin dute, sistema tribala eta bertakoen balioak ez entenditzeagatik. 1838tik 42ra, adibidez, ingelesak bertan sartu eta txikitu egin zuten herrialdea. Kasik erresistentziarik gabe sartu ziren Kabuleraino. Orduko erregea kendu eta beste bat jarri zuten. Hainbestean, ezta?



Bada, ez. Ingelesak bertan geratu ziren eta, akabuaren akabua, senideak ekarri eta Kabulen jarri ziren bizitzen! Afganoek, bitartean, ikusmiran: «Etorri dira, egin nahi zutena egin dute, baina hauek ez dute lekutzeko asmorik!». Orduan, armada britainiarraren kontrako errebolta hasi zuten, eta 16.000 lagun hil zituzten lau egunean. Alferrik da indarrez saiatzea… Zonaldeko testuinguruan ikusi behar da Afganistan. Batetik, aintzat hartu behar da talibanekin negoziatu ezinik ez dagoela, adinekoekin batik bat, kokoteraino baitaude beti borroka egiten. Bestetik, talibanetan gazteenak pakistandarrak dira; suizida kontu hori gertakari pakistandarra edo arabiarra da, ez afganoa; jihadista beroenek Pakistanera jotzen dute.... Horregatik diot zonaldeko testuinguruan aztertu behar dela egoera. Errusia, Txina, Iran eta Indiaren arteko nazioarteko ituna egin behar da, nahitaezko da akordioa. Hori gabe, deusetarako da aberastasun mineral handi hori.

Zein etorkizun opa diozu Afganistani?

Optimista naiz. Pakistanek gehiago kezkatzen nau Afganistanek baino. Afganistanek hobera egingo du, ez belaunaldi honetan, baina hurrengoan. Hiriak ongi daude. Duela bi urte izan nintzen Kabulen azkena: neska gehiago ageri ziren praka bakeroak jantzita, burka jantzita baino. Jendeak abegi ona egiten dizu… Baditut 70eko hamarkadako Kabuleko argazkiak, neskak minigona jantzita. Kabulen zuten Asia erdialdeko unibertsitaterik onena ere! 50eko hamarkadan, dirua zuen jendeak familia autoan sartu eta Kabulera joaten zen asteburu pasa, erosketak egitera, zinera, afaltzera… Leku aurreratua zen Kabul 50eko hamarkadan! Sobietarren inbasioa izan zenean, dena aldatu zen. Askotan galdetu izan diot neure buruari zer izango ote zen Afganistan sobietarrek alde egin izan ez balute: seguruenera sobietar errepublika izango zen, laikoa, oraingo arazorik gabe… baina sobietarrak arrotzak ziren, eta afganistandarrek ez zituzten onartzen, besteak beste basakeria handiak egin zituztelako herrialdean. Arrazoi estrategikoengatik zeuden sobietarrak Afganistanen. Berez, NATOren kontra borrokatzeko entrenatuta zeuden sobietar soldaduak, ez gerrillaren kontra ekiteko. Esperientzia gaitza izan zuten Afganistan… Azkenean, hamar urte odoletan!

Hogeita hamar herrialdetan baino gehiago ibilia zara baina Afganistan beti izango duzu Afganistan…

Hogeitaka herrialdetan, baina astebeteko joan-etorrietan, ez besterik! Baina Afganistanekin geratzen naiz, Pakistanera joan nintzenean mugalde mitiko hura ezagutzeko aukera izan nuelako. Bertakoa da nire lehen liburua ere [The Khyber Rifles, 2005] hori. Atsegin dut hango jendea ere, oso libertigarria da. Pakistanen eta Indian ere asko ibilia naiz, baina aukeran nahiago dut beti Afganistan. Umore handiko jendea da, ironia ere erraz baliatzen duena. Behar ere dute ironia, bizian aurrera egin nahi badute. Oro har, ongi hartzen zaituzte, errespetatzen badituzu, haien izaera entenditzera heltzen bazara.

Errespetua…

Giltza da errespetua, baita Nafarroan ere! Hemengoa ere gizarte tribala da, Nafarroaren erresumaren eta konkistaren kondairari buruzko kontzientzia kolektibo hori eta. Bestalde, nafar gehienek, lehenik, nafartzat daukate bere burua. Ez dira Euskal Herrikoak, ezta Gaztelakoak ere. Ez dira Burgos edo Zaragozakoak. Oso ezberdina da. Batzuk euskaldunak dira, euskaraz ere mintzo dira, Nafarroako mendialdean batik bat, eta Gipuzkoako herri asko baino euskaldunagoak ere badira! Hegoaldean bestela da.

Nik baino lehen, zeuk hartu duzu Nafarroa hizpide. Zer diozu gure lurralde zabalaz?

Biztanleria gutxi du, lurralde zabala izanagatik ere. Hor du beti Volkswagen lantegia, gazteen langabezia nola edo hala arintzen duena, zuzeneko lanpostuen eta ondoko industria laguntzaileen bidez. Horrekin batera, hor dituzu nekazaritza, eta turismoa. Bidenabar, nire ustez behar baino turismo gutxiago du Nafarroak. Ez dute potentziatzen. Iaz, zaldi gaineko ibilaldia asmatu zuten Leire inguruan. Zergatik ez joan urrutiago, kanpoko kazetariak gonbidatu eta «Ibilaldi bat zaldiz Nafarroan barrena», idatzarazi Times, The Telegraph edo inportantzia handiko egunkariren batean?... Nafarroa, sanferminak salbu, zeharo ezezaguna da Europan. Ez zait iruditzen agintariak askorik saiatzen direnik. Ez dakit aurrekonturik duten edo ez duten, nahi duten edo ez duten. Baina atera egin beharko lukete Nafarroa Europara.

«Hemingway efektua» ditugu sanferminak?

Duda matazarik gabe. Hogeiko hamarkadako argazkiak erakutsi zizkidaten behin, eta han, entzierroan, hogei, hogeita hamar lagun baino gehiago ez ziren. Oraingoa jendetza da, desatsegina ere bai. Gu, esaterako, inoiz ez gara lehen egunetan etortzen sanferminetara. Jendetza, batetik, eta zikinkeria, bestetik. Txiza putzuak zapalduz ibili beharra ere! Nire neskalagunak ideia bikaina izan zuen, eta idatzi ere egin nuen nik egunkari batera. Zioen udaltzainek atxilo hartu behar zituela kaleko txizagileak, Iruñetik hogei kilometrora eraman, eta oinez itzularazi! Kar, kar… Sanferminetan ere, Txantreako mendizale taldearekin ibilaldiak egiteko baliatzen dugu tartea: Lantz inguruan izan ginen udaberrian, eta zoragarriak dira hango bazter eta herriak. Nafarroako herririk ederrenak, inondik ere!

Aldaketa etorri da politikara…

Nik ez dut aldaketa dramatikorik espero. Politikariak politikari, hor dira beti teknikari koadroak, gobernua funtzionarazten dutenak, alegia. Oraintxe bi hilabete erreportaje bat egin nuen kanpoko aldizkari batean, atzerriko inbertsioak Nafarroan zertan diren ikertuz. Maila jakin bateko jendearekin hitz egin nuen, eta jende hori bakean uzten badute, aurrera aldaketa. Ez dut uste erreforma politiko gogorrik behar denik Nafarroan, ez Espainian. Agintari berriek orain arte ez bezala gobernatuko dute Nafarroan, baina ez dut uste aldaketa dramatikorik izango denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.