HAZKURRI KONTUAK

Artikulurik zailena

2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
1985eko irailean eman genion hasiera Ase eta Gose honi, ilusio-iturri zen Egunkari zoragarri hartan.

Halaz ere, hogeitxo urte honetan batzuen eta besteen erasoa dela bide, ez gara gauza izan gauza asko lortzeko, hala nola:

- hizkuntza nazional den heinean, euskarari aitortu behar zaion maila ostalaritzan betetzea: hotel, goi mailako jatetxe, elikagaien «euskal» banatzaile handiak, dendak… Taberna, harategi, arrandegi eta janari-denda xumeei, berriz, zorionik beroenak, adorea erakutsi duten bakarrak direlako;

- gizarte likido honetan kontsumitzaileak halakoaren kontzientzia hartzea: eskubideez (ordaintzen ditugun zergekin erositakoak, besterik ez bada ere), iruzurrez (legal zein ilegalez) eta antzekoez ari gara;

- herritarrak, dela kontsumitzaile, dela alor horretako profesional, jan-edan inbaditzaileen aurrean neurriak hartzea, hemengo produktuak bazterrean utzita; ez gara ari erakunde ofizialek beren probetxurako sustatzen dituzten labeldun horietaz, ez;

- eskola curriculumean elikadura sartzea (eskola-ume eta gurasoek zeregin horri behar duen garrantzia eman diezaioten, prefabrikatuak erosi eta jan ordez),

- profesionalek euskara maila duina agertzea eta horretaz harro egotea: badirudi euskaraz ere jakitea eta horretan aritzea lotsagarria dela oraino;

- goi mailako irakaskuntzan Euskal Herria aintzat hartzea: Unibertsitateak (pribatuak batez ere) badaki egiazko eta balizko ondasun prosaikoen aurrean lurra mingainez milikatzeraino makurtzen…

- aditu eta profanoen, profesional eta afizionatuen ipar-orratza izan litekeen elikadura alorreko hiztegi serio bat osatzeko laguntzarik izatea. Ez dago horretarako sos ofizialik; inaugurazioetako catering, parrilleroen lehiaketa, makailu konkurtsu eta halakoek lehentasun absolutua izan dute.

Bestetik, egunkari honek geroz eta baliabide (espazio, etc) gutxiago duenez, alde egiteko garaia iritsi zaigula erabaki dugu denon artean.

Eskerrik asko, irakurle maitagarri, zuen iradokizun, kritika eta animoengatik. Ez adiorik. Ase eta Gose web orrian izango gara aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.