Victor Gaviria. Zinemagilea

«Tamalez, egia asko ezkutuan dago Kolonbian»

Sorterrian, Kolonbian, genero indarkeria kasuen aurrean dagoen «isiltasunak» kezkatzen du Victor Gaviria zinemagilea. Errealitate horren isla da 'La mujer del animal' filma, eta Iruñean aurkeztu du.

Naiara Elola.
Iruñea
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Batez ere sorterrian, Kolonbian, kritika gogorrak jaso ditu Victor Gaviria zinema zuzendariak (Liborina, Kolonbia, 1955) La mujer del animal (Animaliaren emaztea) bere azken filma dela eta. Margarita Gomezek bizi izandakoaren kontakizuna da, eta «odoltsu» eta «gogor» definitu du kritikak. Indarkeria matxistaz eta horren inguruko gizartearen «konplize izaeraz» mintzatu da Gaviria bere lanean. Ia hamabost urte behar izan ditu finantzaketa lortzeko, «ekoizleek errentagarritasunari bakarrik begiratzen diotelako».

Sumas y restas filma 2005ean estreinatu ondotik, ia hamar urte pasatu duzu filmik aurkeztu gabe. Zer dela eta?

Madrilen film bat filmatzekotan egon nintzen, Latinos [Latinoak]. Immigrante latino eta kolonbiarren errealitatea lantzeko asmoa nuen. Baina, filmatzen hasi ginenean, pikutara joan zitzaigun proiektua. Izan ere, testuingurua goitik behera aldatu zen. Krisi ekonomikoaren eraginez, immigrante gehienak Kolonbiara itzuli ziren. Ondorioz, filmak ez zuen inolako zentzurik. Bestalde, Kolonbiako bidelapur bati buruzko filma egiteko asmoa nuen, baina arazoak nituen ekoizleekin. Batzuetan, kosta egiten zait produktoreekin elkar ulertzea. Nik egiten dudan zineman aktore naturalek antzezten dute, hau da, aktoreak ez diren pertsona arruntek. Casting-ak ez dira egun batetik bestera egiten. Hala, casting luzea finantzatu behar izaten dute, aktoreak aukeratzeko denbora luzea behar izaten dudalako. Ekoizleekin akordiorik ez zenez izan, orain aurkezten ari naizen lanean murgildu nintzen.

Azken lan horretan ere arazoak izan zenituen dirua lortzeko.

Bai, ez da afera erraza izan. Filma aurkezten nienean, ez zitzaien ekoizleei gustatzen. Sarritan, ekoizleek errefusatu egin dute filma, mindu egingo balitu bezala. Zinemako gainontzeko kideek ere ez dute ulertu. Oro har, filmaketa gogorra izan zen, baina emaitzarekin pozik nago.

Margarita Gomezen bizitza kontatu duzu; une latzak bizitzea tokatu zitzaion.

Istorio basatia da Margarita Gomezena. Bidelapur baten inguruko ikerketa bat egiten ari nintzela izan nuen bere berri. «Animaliaren emaztea naiz», esanez aurkeztu zen. Egiazki, ez zen animaliaren emaztea izan. Horrek erakusten du Kolonbian, tamalez, genero indarkeriak duen trataera normalizatua. 18 urte zituela ezagutu zuen senarra deitzen zuena. Festa batean bahitu, eta, burundanga emanez, bortxatu egin zuen. Medellindik hamar orduko bidaia egin, eta senide batzuei aurkeztu zien emazte modura. Denbora bat igarota, Medellina itzuli ziren, eta mundu guztiak senar-emaztetzat hartzen zituen.

Inork ez zizkion kontuak eskatu gizon hari?

Hain zuzen ere, halako galderei erantzuten die filmak. Zergatik ez du Margarita Gomezek ihes egiten? Zergatik ez dio inork laguntzen? Ikuslea, filma ikustean, tratu txarren lekuko da. Gomezek ere ideia hori helarazi zidan niri. Etengabe jasotzen zituen jipoiak, bortxaketak, irainak eta gutxiespenak. Inoiz ez zuen piztia gizatiartu.

Protagonistak inolako laguntzarik ez izatea gogorra egiten zaio ikusleari?

Bai, egia esan errealitate hori oso gogorra egiten zaio ikusleari, oro har. Izan ere, sarritan pentsatzen du uneren batean protagonistari laguntza eskainiko dion norbait azalduko dela. Argumentuaren norabidea noizbait aldatuko delakoan egon ohi da. Istorioa kontatu bezala islatu dut filmean, eta, tamalez, inork ez zion lagundu nahi izan Margarita Gomezi. Hain justu, hori zen nire nahia: genero indarkerian lekukoek duten garrantziaz ikuslea ohartzea. Lekukoak anbiguotasuna sortzen du, egoera normal bilakatzen du. Isilik egonda, emakumeak bizi den labirintotik ateratzeko aukerarik ez izatea eragiten du. Bizitokia espetxe bilakatzen du isilik egonda.

Egia esan, genero indarkeriari dagokionez, Kolonbiako datuak oso larriak dira.

Nire herriko errealitatea ezagutzen ez dutenentzat beti adibide bertsua jartzen dut. Bada psikologo bat izugarri miresten dudana: Lucrecia Ramirez du izena. Medellingo alkate izan zen Sergio Fajardoren bikotekidea da. Senarra alkatetzan zegoenean, hiriko hormak genero indarkeriaren datuez ohartarazteko kartelez bete zituen. Oraindik niri sinesgaitza egiten zait, baina izugarrizko kritikak jaso zituen, turistek alde egingo zutelako. Beti lelo berarekin ibiltzen dira. Autoa hartu eta norabait nindoala, kartelak ikusitakoan, errealitatearekin lotsatu egiten nintzen.

Film odoltsuegia eta gogorregia egin izana leporatu dizute. Ados zaude?

Filma egitean, arrisku hori hartu nuen nire gain. Horregatik, nahiko urduri egon naiz. Baina, aldi berean, emakume asko etorri da niregana filma ikusi ondoren, eta zoriondu egin naute genero indarkeria ikusgarri egiteagatik. Gainera, nik erakutsi dudan indarkeria erreala da; funtsean, matxismo kolonbiarra eta latinoamerikarra dago. Animalia existitu da, eta oraindik existitzen da. Emakumeen isiltasunean ezkutatu da, eta Kolonbiako txoko guztietan dago. Nire herriko lurralde askotan, emakumeen aurkako zitalkeria asko dago.

Gai sozialetan oinarritutako filmak egiten dituzu. Horrek finantzaketa bilatzerako arazorik sortzen dizu?

Bai,noski! Filmak egiteko zergatik behar dudan horrenbeste denbora galdetzen didatenean, erantzuna azkarra izaten da: ekoizleek ez dutelako gai sozialen inguruko filmik egin nahi. Azken lan honetan, zortea izan dut, Vladimir Peñaren bidez, dirurik irabazi ez arren, ez didatelako ezer erreklamatu. Izan ere, jakin badakit film honen ibilbidea luzea izango dela, areto handietan baino gehiago, herri eta auzoetako elkarteetan ikusteko pentsatua dagoelako.

Zergatik ez dituzu aktore profesionalak erabiltzen zure lanetan?

Tamalez, egia asko ezkutuan dago Kolonbian oraindik. Hori azaleratzeko modu bakarra aktore naturalen bidez gauzatu daiteke. Izan ere, bizi duten errealitatea irudikatzen dute. Egia esan, baliabide honekin oso pozik nago. Aktore naturalen bidez, humanitatea da azaleratzen dena, eta lagin garrantzitsua ikus daiteke nire lanetan. Horregatik bakarrik merezi dute filmak egiteko izaten ditudan buruko min guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.