Euskal presoak. Urtarrilaren 13a. Xochitl Karasatorre. 'Haur motxiladuna' izandakoa

«Aitak badaki galdu egin duela nire haurtzaroa»

El Salvadorren jaio zen, eta aita espetxeratu zutenean iritsi zen Etxarri Aranatzera. Zazpi urte zituenetik dabil errepidean bidaian. Madrilgo, Parisko eta Castelloko espetxeak ezagutu ditu, besteak beste. Ongi daki zer den 'haur motxiladuna' izatea: «Haurtzaroa lapurtu digute. Eta aita, ama, edo biak».

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Etxarri Aranatz
2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zazpi urterekin sorterria utzi, Ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Etxarri Aranatzera (Nafarroa) iritsi zen, amaren eskutik, Xochitl Karasatorre (Cojutepeque, El Salvador, 1994), aita Frantzian kartzeletu berri zutelako, etakidea izatea egotzita. Ordutik, errepidean milatik gora kilometro egitea bihurtu da hileroko errutina. Aita preso du oraindik.

Zazpi urte zenituenetik, haur motxiladun. Zenbat kilometro egingo zenituen...

Zazpi urte nituenean atxilotu zuten aita. Parisen zegoen hasieran, eta hamar bat urte eman zituen han. Madrilen urtebete pasatxo bete zuen gero, eta orain Castellon daukate [Herrialde Katalanak], 500 kilometrora.

Ohitu egiten da bat hainbeste kilometro egitera?

Zazpi urte nituenetik nabil errepidean, eta bai, bat ohitu egiten da. Begira, aurreko batean Bartzelonara oporretan joan ginen, autoan. «Zein urruti!», zioten besteek, eta, niretzat, ez zegoen hain urruti. Ohitu egiten zara: badakizu hilabetean behin asteburu oso bat eskainiko diozula bisitari, kilometro ugari egingo dituzula.

Orain 23 urte dituzu, eta normaltasun osoz hitz egiten duzu egoeraz, baina horrek barneratze prozesu bat eskatuko zizuen. Ez du erraza izan behar.

Ez dut ondo oroitzen txikia nintzenekoa, baina gogorra da. Nire kasua, gainera, berezia da. El Salvadorren jaio nintzen, gerra garaian. Aita hara joan zen, militatzera, eta ama ezagutu zuen. Sei hilabete nituenean itzuli zen Euskal Herrira, «borrokan jarraitzera». Zazpi urte nituenean atxilotu zuten, eta orduan erabaki zuen amak hona etortzea bizitzera; bestela, ezingo zuen aita ikusi. Nire bizilekua aldatu zuen horrek, «gizon gaiztoek» kartzelan sartu zutelako aita, eta bisitatzera joan behar genuelako.

Nola azaldu zioten zazpi urteko neskato hari aita preso zuela? Haur baten logikan, gaizkileak daude kartzelan. Beraz, aita da gaiztoa? Edo preso dutenak?

Etxarri Aranatzera etorri ginen, eta, hemen, beti egon dira presoak. Bestelako ikuspegia dago, eta ez nuen aita gaiztoa izatearen irudipena. Lehen bisitan ama, aitona-amonak —aitaren gurasoak— eta ni joan ginen. Bigarren bisita bat zegoen, baina hura seme-alabentzat zen soilik, eta bakarrik sartu behar nuen. Emakume batekin utzi ninduten; nik ez nuen frantsesa ulertzen; kartzela barruan nengoen, bi orduz, bakarrik, aitarekin egoteko.

Oraindik ia ezagutzen ez zenuen aita ikusteko.

Aitak esan zidan bi orduak eserita eman nituela, jostailuekin, ia hitzik egin gabe. Ez dut oroitzen zer sentitu nuen, baina atera nintzenean esan nuen ez nuela berriro itzuli nahi kartzelara. Eta sei hilabete eman nituen joan gabe, lehengusuekin-eta bidaiatzen hasi arte. Bisita horiek galdu egin genituen; aitak nahi zituen, baina ez zuen pentsatu izutu egingo nintzenik.

Oso leku arrotza da kartzela, are gehiago haur batentzat...

Gizon gaiztoak ikusten nituen!

Eta zure hizkuntza hitz egiten ez zuen emakume gaizto batekin bakarrik utzi zintuzten.

Nire aita ikustera nindoan, bai, baina ez nuen ezagutzen orduan. Orain, bai.

Noiz hasi zinen egoera ulertzen?

Zazpi urterekin ez duzu ezer ulertzen, ez duzu ulertu behar zer gertatzen den Euskal Herrian, baina haziz zoazen heinean gaiari buruz hitz egiten hasten zara aitarekin.

Eta konturatzen zara etxetik gertuago kartzela ugari daudela, ez zenukeela zertan hainbeste kilometro egin. Amorrua sortzen al du horrek?

Bai, noski! Orain ulertzen duzu, baina txikitan… Ikastolako festara zoaz? Agian ez, bisita duzulako asteburuan.

Egoera noiz da bereziki gogorra, nerabezaroan?

Bai. Askotan esaten zidan aitak: «Nirekin haserretzen zara; ezin baduzu, nahiago dut ez etortzea, nirekin haserre egotea baino». Baina beti joaten nintzen. Orain, 23 urterekin, nik aukeratzen dut zein asteburutan joan; lehen, amak egiten zuen, eta agian ez zen konturatzen asteburu hori ez zela egokiena.

Sentizen zenuen amorru hori aitarekin askatzen zenuen?

Amak esaten dit astebete lehenago urduri nengoela jada. Baina, bai, haserrea aitarekin ordaintzen nuen.

Errudun sentitu zinen noizbait?

Ez dakit errua den, baina sentitzen duzu zerbait, bai.

Ez zinen Etxarri Aranatzeko haur motxiladun bakarra. Babesa ematen zizun horrek?

Hori da. Ikastolan guztiek zekiten, baina institutura joan nintzenean, pentsatu nuen ea irakasleei kontatu behar nien. Izan ere, bisitetatik igande gauean itzultzen ginen askotan, eta hurrengo egunean ez nintzen joaten klasera.

Gizarteak ba al daki benetan zenbaterainokoa den presoen senideen esfortzua bisita bakoitzean?

Jakin bai, baina bizi duzun arte ez duzu buruan izango. Jabetzen da, badaki sekulako esfortzua dela, baina gaiari buruz irakurtzean gogoratzen da. Ez du astebururo tetris bat egin behar erabakitzeko nor doan noiz, bisitak antolaten eta abar. Adibidez, kristalik gabeko familia bisitak hilabete lehenago eskatu behar dira Espainiako Estatuan. Baina, gero, agian, oso gaizki datorkizu egun hori...

Haur motxiladuna izateak eragiten du norberaren nortasunean?

Nik ez dut asko nabari, baina ez gara jabetzen zenbateraino eragin digun. Ez dakit desberdina izango nintzen hau gertatu ez balitz, baina seguru eragin handia izan zuela. Ez dakit nola adierazi, baina txikitatik ikasi duzu egoera berriei aurre egiten.

Haurtzaroa lapurtu dizuete?

Hein batean, bai. Aita, ama edo biak lapurtu dizkigute, denbora lapurtu digute, nekea, dirua… Oporrak bisitaren barruan aprobetxatzen genituen, eta Parisen egiten genituen. Gorrotoa diot Parisi. Egon naiz gehiagotan, eta ezin izan dut txipa aldatu.

ETAren armagabetzea izan zen arren, 500 kilometro egin behar dituzu aita ikusteko. 113 haur motxiladun daude oraindik. Nola ikusten duzu egoera?

Mendeku gisa. Izorratu nahi dute barruan dagoena, eta izorratu ahal izateko, senideak izorratzen dituzte. Aita Iruñean preso balego, niri ez zidan hainbeste eragingo. Haurrak tartean daudenean, zigorra gogorragoa da. Aitak badaki nire haurtzaroa galdu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.