Eulalia Perez Sedeño. Filosofoa eta irakaslea

«Inor diskriminatuko ez duen zientzia bat egin behar da»

Gaur arte egin den zientzian, emakumeen eta gizonen diferentziak aztertu dira, betiere menpekotasunean oinarrituta. Perezek liburu batean bildu ditu iruditeria kolektiboan geratu diren gezurrak.

Donostia
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Zientzian emakumeei buruz esan dena aztertu, eta liburu bat idatzi du Eulalia Perez Sedeñok (Maroko, 1954), Silvia Garcia Daiderrekin batera: Las 'mentiras' cientificas sobre las mujeres. Filosofoa da, eta CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusian dihardu irakasle. Mahai gainean jarri du neutroa eta objektiboa ez den zientzia, eta egiaztatuta dauden gauzez baliatu da froga horiek deseraiki eta berriro eraikitzeko.

Inor gutxik jartzen du egun zalantzan zientziak frogatzen duena. Noiz hasi zinen zu zientzia zalantzan jartzen?

Filosofia ikasi nuen, eta ikasketa horietan zientziaren hausnarketa kritikoa ikasten da, zientziaren hastapenetatik gaur egunera arte. Filosofian, gauzak modu kritikoan pentsatzen irakatsi digute, esaten diguten guztia ez sinesten. Zientzia, beste sistemen antzera, kritikak jasotzen ari da; zientzialariek eurek kritikatzen dute. Gainera, ez zukeen aurrerapausorik emango zientzialariek eurek kritikatu izan ez balute.

Zein da emakumeen rola zientziaren historian?

Esan eta erakutsi digutena baino askoz ere handiagoa izan da emakumearen rola zientziaren historian, baina betiere gizonena baino txikiagoa. Izan ere, XX. mende hasierara arte emakumeak ezin izan dira eskolara joan, ezta unibertsitatera ere. Baina guk uste baino emakume gehiago aritu da zientzia munduan lanean; testu liburuetan ere apenas agertzen den emakumerik. Horixe da gaur egun aldatu behar dena; emakume gehiago behar ditugu liburuetan, oraingo ikasleek eredu eta erreferente emakumezkoak izan ditzaten. Ikus dezatela zientzia ez dela soilik gizonen gauza.

Emakumeek zapalkuntza bikoitza jasaten dute zientzian: batetik, ez direlako baloratuak ikertzaile gisa; bestetik, ikerketetako subjektuak direlako.

Bai, horixe gertatzen da. Emakumeak errekonozitu gabe daudenez, bi edo hiru bider gehiago lan egin behar izaten dute gizonen pare ager daitezen. Bestalde, ikerketako subjektu izaten dira askotan, haien ezagutza kontuan hartu ere egin gabe. Adibidez, emakumeen obuluekin ikerketak egiten direnean, ez da inoiz galdetzen nondik lortu dituzten obuluak; jakina baita.

Zer dela-eta liburua idazteko ideia?

Liburu hau bi lagunek idatzi dugu, baina berez ikerketa talde oso bat dago atzean. Nik zuzentzen dut talde hori, eta jende askok egiten du lan bertan. Argitaletxeak emakumeei buruz zerbait idazteko eskatu zion ezagun bati, eta nirekin jarri ziren harremanetan. Aurretik argitaratu ditudan liburuak nahiko akademikoak dira; oraingoa publiko zabalago batengana iristea nahi nuen, eta horixe egin dugu. Irakurleren batek esan izan digu titulua gaizki dagoela, komatxoak zientzia hitzean joan beharko luketela, hori ez dela zientzia argudiatuta. Oker zegoen, idatzi duguna ere zientzia baita. Kontua da liburuan jaso dugun zientzia horrek hanka sartzeetara eramaten gaituela.

Eta zer jaso duzue liburuan?

Gezur zientifikoak jaso ditugu gehienbat. Adibidez, Darwinen teoriatik abiatuta emakumeei buruz esaten diren gezurrak, baita soziobiologiak eta psikologia eboluzionistak esaten dituztenak ere. Bereziki esparru horietan zentratu gara; azken finean, horietatik ateratakoak dira imajinario kolektiboan geratzen direnak. Esaterako, zerbait genetikoa dela eta atzera-bueltarik ez duela esateak min ematen du askotan. Medikuntzaren esparruan ere sartu gara, eta emakumeen ikusezintasunaz hitz egin dugu.

Zein da emakumeei buruz esan den gezurrik handiena?

Gezur asko esaten da emakumeen inguruan; zientzian ez ezik, egungo hedabideetan ere gehien errepikatzen den gezurra da emakumeen eta gizonen desberdintasun kognitiboari buruzkoa. Desberdintasun orokorrez hitz egiten denean, ordea, ez dira diferentziak kontatzen: menpekotasunaz hitz egiten da.

Emakumeei buruz esaten diren gezurrez hitz egin duzue liburuan, baina baita ahaztu diren gauzez edo ezkutuan daudenez ere.

Ikerketa zientifiko bat egiten denean, oro har, bide bat hartzen da, eta bide horren ingurua ikertzen da; kontua da horretarako beste bide batzuk baztertu behar izan direla, eta ikertu gabe geratu direla. Bide horiek aurkikuntza batzuk ezkutatzen dituzte askotan, eta lekuz kanpo uzten gaituzte, jarritako ordena hausten baitute. Adibidez, liburuan emakumeen prostatari buruz idatzi dugu; medikuntzako liburuetan orain gutxi arte ez da aipatu ere egin, baina XIX. mendetik ezagutzen dute zientzialariek.

Zientzia egiteko beste modu batzuk planteatu behar al dira?

Egin beharreko lehen pausoa da binarismoa alde batera uztea, horixe baita egiten den lehen kategorizazioa. Kontuan hartu behar da gizon eta emakumeez gain aldagai askoz ere gehiago daudela, baita gure artean oso ezberdinak garela ere. Zientzialari batek orain gutxi esan zuen ez zaizkiola gizonen eta emakumeen arteko diferentziak gustatzen, hari interesatzen zaiola ea zergatik diren pertsona batzuk hain azkarrak eta beste batzuk ez hainbeste. Nire ustez, sexismorik gabeko mundu batean ez lirateke emakumeen eta gizonen arteko diferentziak aztertuko, zeren diferentzia horiek erabili izan dira justifikatzeko emakumeak, homosexualak eta beltzak gizon zuriak baino gutxiago garela.

Liburuaren amaieran aipatu duzue: «Hau da eginda dagoen zientzia, baina beste zientzia bat dago egiteko». Zein da zientzia hori?

Emakumeak, beltzak eta homosexualak diskriminatuko ez dituen zientzia bat egin behar da, inor baztertuko ez duena; orain arte aintzat hartu ez diren alderdi asko kontuan hartuko dituena. Horretarako, joera batzuk saihestu behar dira, eta gida moduko bat egin dugu liburuaren amaieran: erabilgarria izango litzateke arazoen identifikazioetan, hipotesien formuletan eta laburpenetan, eta egiaztatzeetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.