Zinpeko epaimahaiak. Iñaki Subijana. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidentea

«Epaimahaikideekin komunikazio jarraitua izatea ezinbestekoa da»

Euskal Herrian zinpeko epaimahaien errealitatea hobekien ezagutzen duten epaileetako bat da Subijana. Sentimenduek gidatutako erabakiak baztertu, eta arrazoitutako epaiak exijitzen dizkie epaimahaikideei.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hogei urtean, zinpeko epaimahai askorekin lan egitea egokitu zaio Iñaki Subijanari (Donostia, 1963). Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentearentzat «esperientzia onuragarria» izan da, eta eredua hobetu daitekeela onartzen duen arren, justizia erakundeak herritarrengana hurbiltzeko modu bat dela uste du.

Zinpeko epaimahaien aldekoa zara. Zergatik?

Bada, funtsean, herritarren parte hartzea sustatzen duten erakundeak direlako. Nire esperientzia, azken bi hamarkadetan, positiboa izan da, batez ere, epaimahaikideekin komunikazio bideak zabalik mantentzeko ahalegina egin dudalako. Finean, errespetuz hitz egitea da epailearen eta epaimahaiko kideen artean sor litezkeen arazoak ekiditeko modurik egokiena.

Hala ere, zinpeko epaimahaiak polemika iturri izan dira zenbait kasutan...

Bai, eta gehienetan, oihartzun mediatiko handieneko auzietan gertatu ohi dira eztabaidak. Nire ustez, bi ardatz dira epailearen eta epaimahaiaren arteko harremana baldintzatzen dutenak. Alde batetik, epaimahaiko presidente den magistratuak prozesuko elementu guztiak ulertarazi behar dizkie epaimahaikideei: lekukoen, perituen eta akusatuen arteko ezberdintasunak zeintzuk diren, bakoitzak auzian jokatzen duen rola, agertoki judizial bat zer den... Bigarren ardatza epaiaren gai nagusia zehaztea da: epaituko dena ongi definitu behar du magistratuak, epaimahaikide guztiek ulertzeko moduko galdera sorta baten bidez.

Hilketak eta bestelako delitu larriak epaitzeaz arduratzen dira zinpeko epaimahaiak. Nolakoa izaten da epaimahaikideen erreakzioa?

Lehen unean, inork ez du prozesuan parte hartu nahi. Hori egia da. Beldurra ematen die, zalantza asko dituzte eta, oro har, pentsatzen dute ez dutela behar bezalako prestakuntza jaso.

Eta horrela al da?

Tira, neurri batean bai: inork ez du epaimahaikide izateko ikastarorik egiten, horretarako beharrik ez dagoelako. Epaimahaikideei ez dagokie zuzenbidean adituak izatea, magistratuaren galderei zintzotasunez erantzutea eta gertakariak frogatuta dauden ala ez ebaztea baizik. Hala ere, beldurrak jota etortzen dira asko. Esperientziak erakutsi dit, ordea, epaiketak aurrera egin ahala, jendeak zalantza eta kezka guztiak uxatzen dituela, eta gogotsu heltzen diotela auziari. Konpromiso eta inplikazio itzela agertzen dute gehienek prozesuaren bukaeran. Ordezko epaimahaikide batzuek, adibidez, haien beharrik ez dugula esaten diegunean, ez dute etxera joan nahi eta aretoan gelditzeko baimena ere eskatzen digute. Esperientzia aberasgarria da gehienentzat.

Odol delituak epaitzeak, ordea, jendearen sentimenduak azalera ditzake. Ez al zarete erabaki irrazionalen beldur?

Halakoak saihesteko, ezinbestekoa da magistratuaren eta epaimahaikideen arteko komunikazioa etengabea izatea, elementu guztiak argi eta garbi azaltzea, eta batez ere, epaia ongi arrazoitua egotea. Akusatua erruduna ala errugabea den esan behar didate epaimahaikideek, ados, baina ez hori bakarrik: zergatiak ere azaldu beharko dizkidate. Hori eskatzen diet nik, erantzunak arrazoitzea oso lagungarri delako erabaki irrazionalak baztertu eta legean oinarritutako epai bat emateko tenorean.

Hedabideek eta kaleko iritziak asko eragiten al dute epaimahaikideen irizpideetan?

Bai, baina gaur egungo gizartean zaila da errealitate hori aldatzea. Sistema hobetzeko neurriak hartu bai, baina ezin ditugu kanpotik datozen iritziak, albisteak edota irudiak errotik erauzi. Saiatzen gara auziarekin zerikusia duen informazioaren trataera hobetzen, aurreiritziak sor ez daitezen. Errugabetasun presuntzioak ez baitio soilik epaiari eragiten, baita informazioaren kudeaketari ere. Esparru horretan, ustezko hitza idaztea ez da nahikoa. Esate baterako: akusatua eskuburdinak jarrita eta poliziez inguratuta erakusten duen argazki bat publikatzen badugu, erruduntasun ideia zabaltzen ari gara; aldiz, akusatua eskuburdinik gabe, bere abokatuaren ondoan eserita agertzen bada, irudi neutroagoa emanen dugu. Dena den, eztabaida gogorra dago horren inguruan, kasu odoltsuenetan batez ere, errugabetasun presuntzioa bermatzea zaila delako.

Nolakoa izan ohi da epaimahaiaren deliberazio prozesua?

Normalean, luzeak izan ohi dira. Kasu gehienetan, bi egun irauten du deliberazioak, eta batzuetan, gehiago ere bai. Epaileak epaiaren galdetegia entregatzen duen unetik, epaimahaikideak bakartuta gelditzen dira areto batean, eta erabaki bat hartzeko egun bat baino gehiago behar badute, hotel batera eramaten ditugu, inkomunikazioa eten ez dadin. Justizia Sailak kudeatzen eta ordaintzen du hori guztia.

Zinpeko epaimahaiak aipatzean, AEBetako zinemak eta eleberriek zabaldutako eredua da iruditeria kolektiboan gelditu dena. Horrek ba al du errealitatetik zerbait?

Badira antzekotasun batzuk, baina baita ezberdintasun ugari ere. Kontuan izan behar dugu kultur erreferente horiek eredu anglosaxoia hartzen dutela oinarri gisa. AEBetan edo Erresuma Batuan, adibidez, gizarteak oso barneratua du botere judiziala epaimahaiaren esku dagoela, eta hemen ez dugu sentimendu hori. Gure gizartean, inposizio baten gisara ulertzen dugu epaimahaikide izateko aukera; herrialde anglosaxoietan, berriz, jendea haserretuko litzateke aukera hori ukatuko baliete. Bestalde, han ohituago daude dialektikara: guk legeetan oinarritzen dugu gure jardun guztia; han, berriz, jurisprudentzia eta argudio dialektikoak erabiltzen dituzte. Horregatik, epaimahaiaren aurreko hitzaldi eta eztabaida luzeak ohikoak dira pelikuletan, baina ez hemengo errealitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.