Estefania Jimenez. EU Kids Online ikerketa taldeko kidea

«Interneterako sarrera bermatu behar zaie gazte kalteberei»

Teknologia berriak aukera berdintasuna ziurtatzeko lagungarri direla esan du Jimenezek. Hala ere, Interneten arriskuez ohartarazi du, eta esan du horiek handiagoak direla adingabe kalteberenen kasuan.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko otsailak 7
IKT Informazio eta Komunikazio Teknologien erabilera okerrak adingabeetan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du Unicefek. Bereziki egoera kalteberan dauden gazte taldeetan ipini du arreta. Eten digitaleko haurrak izeneko txostena egin dute, EHUko EU Kids Online taldearen laguntzarekin. Horretarako, sei multzotako neska-mutilak elkarrizketatu dituzte: ijitoak, etorkinak, elbarriak, adingabeen zentroetan daudenak eta LGTBI kolektibokoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez ezik, beste erkidego batzuetan ere egin dituzte elkarrizketak. EHUko irakasle Estefania Jimenez (Bilbo, 1979) izan da proiektuan parte hartu dutenetako bat. Talde horietako umeek IKTak erabiltzeko dituzten zailtasunez ohartarazi du, sarri familien egoera ekonomikoarekin lotuta daudelako. Halaber, esan du teknologia horiek erabiltzeak eragin ditzakeen arriskuak handitu egiten direla taldeotako kideetan.

Zertarako erabiltzen dituzte adingabeek IKTak?

Oro har, egoera kalteberetan dauden umeek eta gainontzekoek erabilera igualtsua egiten dute: komunikatzeko, sare sozialetan ibiltzeko, aisialdirako. Bazterketa egoera larrian daudenak izan ezik, gainontzekoek erabilera bera egiten dute. Baina arazoa da kalteberagoak direla, askotan ez dutelako behar besteko ezagutzarik arriskuen aurrean jokatzen jakiteko. Adibidez, gorroto jarreren aurrean ageriago daude.

Ikerketarekin, baieztatu duzue ez dakitela euren burua babesten. Berdin gertatzen da kolektibo kalteberetako kide direnekin zein besteekin?

Ez dakite euren burua babesten, ez batzuek, ez besteek. Oro har, erabiliz ikasten da babesten; heldutasunak eta esperientziak irakasten dute. Horregatik, kontuz: adingabeak IKTen erabileran gehiegi babestea ere ez da ona. Gehiegi babesten baditugu, ez dute jakingo nola jokatu etorkizunean agertuko zaizkien arriskuen aurrean. Babesten ikasi egiten da, eta, horretarako, erabiltzeko nolabaiteko lasaitasuna ere eman behar zaie. Beste kontu bat da enpresei eskatzea erabilera arauak ulergarriak izatea, eta familiei eskatzea seme-alaben erabilera gertutik zaintzeko. Alfabetizazio digitala ezinbestekoa da adingabeentzat.

Nork hezi behar ditu?

Familiek eta ikastetxeek, noski. Ezin da batzuen edo besteen esku utzi: biek esku hartu behar dute. Arazoa da familia guztiak ez direla igualak: familia desegituratuetan, beste gabezia batzuen artean, hori ere badute. Baina, oro har, gurasoek badakite gai garrantzitsua dela. Horrekin lotuta, azpimarratu nahi nuke adingabeen egoitzetan ohartu garela prebentzio lan handia egiten dutela. Berebiziko arreta jartzen diote IKTen erabileran hezteari.

Guraso guztiek ez dituzte teknologia horien inguruko behar besteko ezagutzak. Alfabetatu gabeak direla esan daiteke. Halakoetan, zer?

Duela bost urte galdetu izan bazenit, onartuko nizuke baieztapen hori. Baina gaur egun ez nuke esango arlo digitalean alfabetatu gabeko gurasorik dagoenik. Gutxi-asko, denok dakigu aplikazioak erabiltzen, mezuak bidaltzen Whatsappez edo posta elektronikoz, sare sozialak erabiltzen. Egia da familiaren maila ekonomikoa zuzenean lotuta dagoela ezagutza digitalarekin, eta badirela familia batzuk ezagutza eskasagoak dituztenak. Hala ere, gurasoek esan dezakete seme-alabek eurek baino gehiago dakitela teknologiak erabiltzen. Esan dezakete aplikazio bat edo programa bat jartzeko orduan seme-alabek laguntzen dietela, eta ea eurek zer irakatsiko dieten. Tira, bai, hori izan daiteke, baina ez gara ari ezagutza horretaz. Beste irizpide batzuk dira gurasoek eman beharrekoak: enpatiari lotutakoak, errespetua, norbere burua kontrolatzen jakitea... Azken batean, pertsona legez heldu bihurtzen irakatsi behar diete, teknologia berrietara egokituta.

Zelan egin beharko litzateke irakasteko prozesu hori ?

Bakoitzak ahal duen moduan egingo du, baina nik ez nuke hobetsiko gehiegizko kontrola. Nik uste dut seme-alabekin batera erabili behar direla teknologia berriak, eta kasuan-kasuan arriskuei elkarrekin aurre egin, etorkizunean bakarrik ibiltzen direnean gazteek zelan jokatu eredu bat izan dezaten.

Eta ikastetxeetan?

Akaso, ez zaie behar besteko zukurik ateratzen gaur egun eskolan dauden baliabide teknologikoei. Baina, kontzientziazioari dagokionez, lan ona egiten dela esango nuke.

IKTen arriskuez ohartarazi duzue, baina onurak ere badituzte. Zeintzuk dira?

Ohartu gara ijitoak direla Internet erabiltzeko aukera gutxien duten adingabeak. Eta teknologia berriek ghettoetatik irteteko aukera ematen diete, euren talde itxitik kanpoko erreferenteak aurkitzeko. LGTBI komunitateko gazteei informazio leiho itzela zabaltzen die; baita elkar ezagutzeko ere. Egia da erasoak jasotzeko ere ageriago geratuko direla. Etorkinei, baliagarri zaie jaioterrian bizi diren familiekin harremana izateko. Hori lagungarri da euren kultura mantentzen laguntzeko. Horregatik da garrantzitsua neurriak hartzea egoera kalteberan dauden umeei Interneterako sarrera bermatzeko.

Espainiako Unicefen #noseasestrella (ez zaitez izarra izan) kanpainako bideo bat ipini duzue txostenaren aurkezpenean. Adingabeak agertu dira, pertsonaia ezagunen pare, prentsa agerraldi batean. Ustezko kazetariek gazteon sare sozialak erabili dituzte galderak prestatzeko. Zer gertatu zaie?

Ohartu dira zenbateraino ipini duten euren bizitza pribatua agerian. Askotan, inertziaz jokatzen dugu: edozer kontatzen dugu sare sozialetan. Eta horrek gure identitatearen parte garrantzitsuak publiko bihurtzea dakar. Batzuetan, ondorio arriskutsuak izan ditzake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna