Jose Emilio Lafuente. Gipuzkoako Caritaseko idazkari nagusia

«Babes sistematik at daudenak artatzea erronka handia da»

Caritasek laguntzen dituen familien gizarte bazterkeria egoera gero eta konplexuagoa dela adierazi du Lafuentek; «erantzun integrala» emateko beharra nabarmendu du, eta bidean aurrera laguntzekoa.

JON URBE / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Caritasek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2017ko memoriak aurkeztu zituen atzo. Jose Emilio Lafuente Gipuzkoako Caritaseko idazkari nagusiak (Donostia, 1969) azaldu du gero eta pertsona gutxiago artatzen dituztela. «Datu objektiboa da, eta oso positiboa da». Ordea, gaineratu du gizartearen parte bat «pobreziaren eta babesgabetasunaren espiralean» geratzen ari dela. Azken horien kasuan behin-behinekotasuna «betikotzeko» arriskua dagoela nabarmendu du.

Caritasera jotzen duten familien egoera gero eta konplexuagoa bihurtzen ari al da?

Zailtasunak dituzten horien kasuan, zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta konplexuagoa da haien egoera. Hori gertatzen denean arreta handiagoa eta integralagoa behar dute: lana lortzeko, etxebizitza eskuratzeko, biziraupena bermatzeko, prestakuntza... Beraz, gero eta pertsona gutxiago artatu arren, inoiz baino diru gehiago bideratzen dugu laguntza ekonomiko handiagoa ematera. Paradoxikotzat jo daiteke, baina egoerak konplexuagoak izatearen ondorioa da.

Laguntza integrala ematearekin batera, pertsonei eta familiei bidean laguntzearen balioa goratu duzue. Zergatik?

Babes horrek bi mailatan gertatu behar du: laguntza teknikoa, laneratze eta gizarteratze handiagoa lortzeko; eta, bestetik, laguntza pertsonala, egoera zailean daudenen ondoan egoteko. Ikusi dugu pertsona asko bakarrik daudela gizarteratzeko prozesuan; ez haiek aukeratuta, baizik eta ez dutelako lagun diezaiekeen sare bat. Alde gizatiarra zaindu behar da, eta, Caritasen kasuan, borondatezko lana funtsezko oinarri bat da horretarako: balio bat gure jardueran. Ia 4.000 boluntario ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Azken urteetan Caritasera jotzen dutenen profila aldatu da?

Aldatu baino gehiago, hiru Caritasetan antzeman dugu profil bat mantentzen ari dela azken urteetan: ama bakarreko familiak. Bikoterik ez duten emakumezkoak dira, seme-alaben ardurarekin, eta gizarte babes sare txikia dutenak. Emakume horiek zailtasunak dituzte uztartzeko seme-alaben zaintza eta gizarteratze eta laneratze ekintzak.

Arreta integrala emateko orduan, EAEko etxebizitza legeak nolabait eragin dezake?

Etxebizitza da giltzarrietako bat, lanarekin eta bizirik irauteko laguntzekin batera. Alokairu sozialean sustatutako etxebizitzen alde egin dugu beti. Beharrezkotzat jotzen dugu parke hori zabaltzea, eta babesgabetasunik handiena pairatzen dutenen beharrak lehenesteko modua bilatzea. Etxebizitza legeak eskubide subjektiboa aitortzen du, baina, etxebizitzarik ez dagoenez, 250 euroko laguntza ematen zaie. Parkea handitu behar da, gure ustez. Baita informazio gehiago eman ere, etxebizitza legea ez baita behar beste ezagutzen: etxebizitzarako eskubidea duten pertsona batzuek ez dute horren berri ere.

Eusko Jaurlaritzak etxebizitzarako laguntza aipatutako legearekin lotu nahi du. Zer eragin izan dezake horrek?

Ikusteko dago zer baldintza jartzen dituzten laguntza hori jaso ahal izateko. Ordea, ikusi dugu DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzea zail dezaketen aldaketak proposatu dituztela. Egun bi elkarbizitza unitatek etxe bat parteka dezakete, eta biek DSBE jaso. Lege proposamenak hori zailtzen du, eta uste dugu eragina izan dezakeela. Izan ere, jakina da babesgabetasun egoeran dauden familia askoren estrategia etxebizitza konpartitzea dela.

Horrez gain, EAJk eta PSE-EEk lege bidez ezarri nahi diete kontrol biometrikoa Lanbideren erabiltzaileei.

Gure ustez, ezin dira neurri bereziak ezarri, baliatzen den sistemaren arabera. Errezeloa sor dezake horrek: kolektibo batzuen estigmatizazioa. Baldintza orokorrak ezarri behar zaizkie gizarte laguntzak baliatzen dituztenei.

Familia batzuk «atzean» geratzen ari direla azaldu du Caritasek. Zergatik ari da gertatzen?

Eskubide bikoitzaren sistema indartzeko eskatu izan dugu. Hau da: batetik, laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea, eta, bestetik, gizarteratzea eta laneratzea erraztuko duten tresnak abiaraztea. Gure ustez, ahalegin berezia egin behar da bigarren zatian, baliabide gehiago jarriz. Edonola ere, ezin dugu ahaztu pertsona batzuk zaila dutela epe laburrean laneratzea, bizi duten egoeragatik. Lana oso garrantzitsua da gizarteratzeko bidean, baina ezin da izan kasu guztien ardatz.

DSBE jasotzen duten langileak ere badaude?

Ematen du gero eta gehiago direla egoera horretan daudenak. DSBEa jasotzen dutenen %25 lanean ari dira. Bi interpretazio ditu horrek: laguntza jasotzen ari diren batzuek enplegu bat aurkitu dutela, eta hori positiboa da; ordea, lortutako enplegua oso behin-behinekoa dela erakuts dezake. Askotariko egoerak egon daitezke.

Zer lan ildo ditu Caritasek aurrera begira aipatutako beharrei erantzuteko?

Gizarteko babes sistema indartsu baten alde jarraituko dugu lanean: indartsua, behar gehien dutenei gizarteratzeko bidea eskaintzen diena. Aldi berean, alokairu sozialeko etxebizitza parke publiko baten beharra eskatuko dugu. Halaber, aurrez esan bezala, prozesu osoan pertsonengandik gertu egotea garrantzitsua da guretzat. Azkenik, erronka handi bat dugu.

Zein da?

Babes sistematik at dauden pertsonak artatzea; gizartean horien parte hartze erreala bermatzea.Hori da erronka nagusietako bat: gizartearentzat, gizarte zerbitzuentzat, erakundeentzat... Pertsona kopuru handi batek ez ditu betetzen babes sisteman sartzeko baldintzak. DSBEa jasotzeko baldintzak gogortu zituzten 2011. urtean, adibidez: urte bateko erroldan zegoen muga, eta hiru urtera igo zuten. Igoera horrek gure artean bizi ziren askori kalte egin zien. Baina gure artean bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.