Euskal presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa. Carlos Fuentenebro. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoa

«Gertaeren sekuentziak erakutsi du atxiloketak ez zirela beharrezkoak»

Atxiloketak ez daudela aski justifikatuta dio Carlos Fuentenebrok. Dioenez, baziren auzia bideratzeko bestelako modu batzuk, eta oker egin du justiziak horiek baztertu eta abokatuak atxilo hartzen.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Asteleheneko atxiloketak ez ziren beharrezkoak, Jose Fuentenebro Bizkaiko Abokatuek Elkargoko dekanoaren iritziz (Bilbo, 1962). Ondo ezagutzen du kasua. Orain sei hilabete, babes eske joan zitzaizkion egunotan atxilotutako hamabi abokatuetariko sei. Atxilotzeko arriskuan zeudela adierazi zioten orduan, eta gutuna bidali zuen horregatik Fuentenebrok Espainiako Auzitegi Gorenera ekainean. Susmopean zeuden abokatuak epaile aurrera agertzeko prest zeudela adierazi zuen bertan. Prozedura horri jarraitu beharrean, ordea, atxilotu egin zituzten. Eta dekanoak ez du ulertzen hori.

Hamasei pertsona atxilotu zituzten astelehenean, tartean hamabi abokatu. Zein da zure iritzia?

Argi dago asteleheneko atxiloketak beharrik gabe eginak direla. 2014ko ekainean niregana etorri ziren asteleheneko operazioan atxilotutako abokatuetariko sei. Gara egunkarian agertzen zen filtrazioaren berri eman zidaten. Euskal presoen abokatuen aurkako sarekada egingo zutela adierazten zen bertan, Barne Ministerioaren iturriak aipatuz, eta zehazten zen arrazoi ekonomikoengatik atxilotuko zituztela. Kezka adieraztera etorri ziren nigana. Eta neurriak hartu genituen horren inguruan. Nik gutuna bidali nion Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehendakariari, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoa naizen aldetik. Eta beste kopia bat bidali nion auzitegiko seigarren salako epaileari ere [Eloy Velascori]. Operazioa hark zuzenduko zuela adierazi baitzidaten. Eta horrela egiaztatu da.

Zer adierazi zenuen Madrilera igorritako gutunean?

Atxilotzeko arriskua zuten legelariak aginte judizialetara jotzeko edota epaitegira deklarazioak egitera joateko prest zeudela adierazi nuen gutunean. Eta baita, beharrezkoa bazen, estatuaren segurtasun indarren aurrean agertzeko ere. Ekainaren 20an bidali nuen, eta handik sei hilabetera egin dute polizia operazioa. Atxilotu eta bi egunera, aske utzi dituzte guztiak. Eta horrek agerian uzten du atxiloketek ez dutela zentzurik izan. Azken asteko sekuentziak erakutsi du operazioa egitea ez zela beharrezkoa.

Ez zen egin behar, hortaz.

Azken egunetan behin eta berriz esan dut. Edozein delitu ikertzeko miaketak egin daitezke lokaletan zein egoitzetan, baina horrek ez du esan nahi inor atxilotu behar denik. Zigor auzibidearen araubidean jasotzen da hori: epailearen baimena behar da, baina miatuko den jabe edo bizilagunak atxilotzea ez da beharrezkoa. Gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalean zegoen makroepaiketa bat eten du operazioak. Auzipetu asko zeuden [35], eta horietako hemeretzi defenditu behar zituzten atxilotutako hiru abokatuk. Bilboko Zigor Auzitegian ere beste epaiketa bat utzi zuten bertan behera, Kepa Manzisidorrek aritu behar baitzuen defentsa lanetan. Horrelako gertakariek abokatuen eguneroko lana atzeratzea ekartzen dute.

Bulegoen erregistroan egon zinen zu. Nola joan zen?

Guardia Zibilak deitu zuen Abokatuen Elkargora. Abokatuen egoitzen miaketak egiten baldin badira, deitu egiten gaituzte, kortesiaz edo. Segurtasunaren aldetik, erregistro normala iruditu zitzaidan. Ez zituzten eraman abokatuen txostenak; kontabili- tatearekin zerikusia zuen informazioen bila zebilen Guardia Zibila.

Delitu ekonomikoak egotzi dizkiete. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Ezin dut horren baloraziorik egin. Oraindik ez dut ikerketa ezagutzen, sekretupean baitago. Ez dakit frogak dituzten edo delitu ekonomikoen zantzurik dagoen. Dena den, normalean ogasunarekin zerikusia duten delitu edo auziak ez ditu Auzitegi Nazionalak kudeatzen. Baina egozten zaizkien delituen inguruan atxilotuak izan diren abokatuek egin beharko dute balorazioa.

Defentsa eskubidearen aurkako erasotzat aurkeztu dute operazioa zenbaitek. Bat zatoz?

Argi dago atxiloketek zuzenean eragiten diotela defentsa eskubideari: atxilotuen eskubideari, batetik, eta bezeroen eskubideari, bestetik. Duela sei hilabete ari ziren abokatuak ikertzen. Lana eta familia duten pertsonak dira, eta bazekiten ez zirela desagertuko edo ez zutela ihes egingo. Hortaz, zergatik ez dituzu epaitegira deitzen? Zertarako atxilotzen dituzu? Baliteke egin dituzten balizko delitu horien frogak konfiskatu nahi izatea. Hala bada, jo ezazu miaketa egitera inor atxilotu gabe.

Kriminalizazio bat egon da?

Pertsona guztiek dute abokatua izateko eskubidea eta defenditua izateko eskubidea, egin duten delitua egin dutela. Herritarren artean abokatuekin egiten diren identifikazioak dira arduratzen nautenak. Adibidez: drogazaleen abokatua trafikatzailea da, tratu txarrak eman dituenaren abokatua tratu txarren egilea da, eta ETAko kideak defendatzen dituen abokatuak ETAkoak dira. sHorrelako berdinketak ezin dira egin.

Atxilotuei babesa agertzeko agerraldia egin zuten astelehenean 50 abokatuk.

Egin behar ez ziren atxiloketak egin dira hemen, eta gehiegikeria horren kontra salaketa egin du elkargoak. Nik badakit zuzenbide estatua egon badagoela, nahiz eta batzuetan disfuntzioak egon. Baina eskubide urraketak daudenean salatuko ditugu, zalantzarik gabe. Ziur naiz abokatuek zein bezeroek jarraituko dutela defentsarekin eta defentsan.

Babes mezuak jaso dituzue?

Argi dago gauzak ez direla ondo egin. Horren adierazgarria da ostegunean Espainiako Abokatuen Elkargoak atxiloketen inguruan agertutako salaketa. Espainiako abokatu elkargoetako dekano guztiak biltzen dira bertan, eta esanguratsua da horien salaketa. Oro har, guztiok atera ditugu ondorio berak: ez da horrelakoak egiteko momentua, ezta modu egokia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.