Mikel Orbañanos. Hondarribiako entrenatzailea

«Kirolari batentzat, garaipena ezin da izan estimulu bakarra»

Tostetatik lehorrera jauzi egin zuela bigarren urtea beteko da, eta lehen bezalako emaitzak ari da lortzen Orbañanos: bikain ari da Hondarribia. Baina garaipen guztiei neurria jarri zalea da. Oreka du gustuko.

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Lau bandera irabazi ditu Hondarribiak San Miguel ligan, eta lehen postuan dago. Mikel Orbañanos entrenatzailea (Orio, Gipuzkoa, 1973) eta emaitza onak elkarri lotuta daude aurten ere. Baina, gozatu, ez omen du garaipenekin gozatu gehien: «Poz handia hartu dut irabazi ez dugunean taldea zein ondo aritu den ikusita».

Iazkoa baino hobea al da aurtengo Hondarribia?

Ez dut gustuko konparatzen ibiltzea. Liga hasieran iaz baino azkarrago ibili gara, eta erregularragoak gara. 2006an ere erregularrak izan ginen, eta gero liga irabazi genuen. Estropada txarra eginda ere, ez ginen jaisten hirugarren edo laugarren lekutik, eta oso garrantzitsua izan zen hori.

Aurten ere ez zarete ari postu horietatik behera sailkatzen.

Ez, eta esango nuke beste datu batek ere eragina duela: erdialdeko taldeen maila jaitsi egin da ligan, eta, guk estropada txarra eginda ere, zaila da postu asko galtzea.

Liga ari da, oro har, maila galtzen?

Ez. Banderak irabaztea beti bezain garesti dago aurten ere.

Liga irabaztea helburu nagusia da oraintxe bertan?

Gure mailari eusten badiogu, helburu posible bat da. Eskura jarri zaigu irabaztea.

Uda hasieran ere helburua zen?

Esan genuen pausoz pauso joan nahi genuela, eta helburuak zehaztuz joan estropadak jokatu ahala. Liga ondo hasi nahi genuen; lortu genuen hori, eta lasaitasuna eman zigun bide horretatik segitzeko. Gero ikusi dugu estropada onak egiten ditugunean aurrean ibiltzen garela.

Ligan larunbat eta igande bete-betean ibili beharrak ahuldu egingo du Hondarribia irailera begira?

Lanak hor izaten dira, oreka hori lortzen. Ez da oso erraza izaten asmatzea. Gure plangintza irailean ondo egotera bideratuta dago, baina arrauna ez da matematika; egoera asko ezin izaten dira menderatu denboraldian, eta prestakuntza baldintza dezakete.

Zein dira plangintza horren zutabeak?

Saiatzen gara, negutik hasita, arraunlarien estimuluak bizi edukitzen. Hau da, arraunlariek ez dituzte bi estropada jarraian jokatzen neguan eta udaberrian. Denentzat aukera izateko da hori, eta estropadak ondo banatzen ditugu urtean. Urte askoan ari gara gauza bera egiten, eta emaitzak onak ari dira izaten orain artean. Aukera denei emanda, taldea batuta egoten da; arraunlari guztiak daude motibatuta estropadetan aritzeko, eta, nola ez, horrela ez dituzu erretzen: fresko eta sasoiko egoten dira beti.

Hori eginda, ez al dago arriskurik taldea okerrago aritzeko?

Arriskua hor dago, eta entrenatzaileentzat zailena horixe da: aldaketak egin eta taldea ondo aritzea. Horrela lan egitea gustatzen zait, eta emaitzak ere hor daude. Ona da arraunlari guztiek parte hartzea, baita hurrengo urteetarako ere, arraunean egiteko aukera ikusten dutelako gurekin.

Baina heldu dira denboraldiko estropada garrantzitsuenak, eta horietan talde finko samarra aukeratu behar, ezta?

Hala da, bai. Talde finkoagoa izateko aukeratzen dugu arraunlari multzo bat, baina ez pentsa alde handirik egoten denik talde finko horretan sartzen ez direnen eta sartzen direnen artean. Alderik ez izatea ona da traineruarentzat: aldaketekin ondo goazen seinale.

Joan zen igandean ikusi zen zuen kasuan, behintzat, alde handirik ez dagoela arraunlari batetik bestera.

Hori da. Pozgarria da gazte hauek ondo ibiltzea. Maila onarekin datoz, eta pazientzia behar da haiekin, baina luzera begira ondo aritzen dira.

Bigarren trainerua edukitzeak zer-nolako garrantzia dauka horretan?

Izugarria. Entrenatzaileak oso lan ona ari dira egiten, eta maila onarekin egiten dute goiko trainerurako jauzia.

Aulki mugikorra lantzea hobea al da traineruko arraunlari izaten ikasteko?

Nire ustez, gazte mailako arraunlariak osatzeko eta egiteko, egokiagoa da aulki mugikorra. Urte gehiago behar izaten dute gero trainerura egokitzeko, baina pazientziarekin hartzen ditugu gauzak hemen, eta luzera begira onerako da arraunlari gazteak mugikorrean heztea.

Filosofiak utzita, Zarauzko estropadak asteburuan...

Oso berezia da. Denoi gustatzen zaigu Zarautzen irabaztea, eta gogo berezia daukagu guk, inoiz ez dugulako irabazi han.

Presioa areagotzen dizue horrek?

Ez. Badakigu aurten ez bada laster irabaziko dugula.

Bandera irabazteko hautagaiak lau bakarrik zarete?

Edozeinek sar dezake muturra, eta irabazleak gauzak ondo egin beharko ditu bi egunetan.

Gauza bera al da traineru barruan joanda irabaztea eta kanpotik irabaztea?

Poza berbera da, edo are handiagoa kanpotik. Asko bizitzen ari naiz garaipen hauek. Hori bai, kirolari batentzat garaipena ezin da izan estimulu bakarra; bestela, porrot asko izango genituzke eta. Estimulu bakarra garaipena bada, gaizki gabiltzala uste dut. Ez irabazteari ere balioa eman behar zaio; onerako ere izan behar du galtzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.