Ahmed Najm. Irakeko Metrography argazki agentziako burua

«Itxaroten ari gara zein erakundek hartuko duen Daexen lekua»

Najmen ustez, Estatu Islamikoaren sorrera eragin zuten kausak bizirik daude Iraken. «Umeak nagusi egingo dira, eta hilko dituzte euren gurasoak hil zituztenak». Arlo sozialetan inbertitu behar dela uste du.
JON 'USUAL' RODRIGUEZ

Aitor Aspuru -

2018ko ekainak 13
Ahmed Najm da Metrographyko zuzendaria, Irakeko argazki agentzia bakarrekoa. Kameran Najm anaiaren lekua hartu behar izan zuen 2014an, Estatu Islamikoak Hawijan zauritu eta bahitu ostean. «2014ko ekainaren 12tik, Daex [EI Estatu Islamikoaren] agertu zenetik 3 egun igaro zirenetik, ez dakigu ezer hari buruz». Najmek azaldu du EIren aurkako borroka «esperientzia izugarria» izan dela Metrographyko argazkilarientzat. Kurdua da Najm, eta Iraki, Kurdistani eta kazetaritzari buruz mintzatu zen Basque Dok Festivalen. Kalean, Bilboko EHUko Bizkaia aretoaren aurrean, hainbat argazkiz osatutako erakusketa izango du ikusgai ekainaren 30era arte.

Non eta nola egiten duzue lan?

Metrographyk Irakeko eta Kurdistango lurraldeko komunitate gehienetako argazkilariak ditu. Gairen bat dagoenean eta beharra daukagunean haren berri emateko, komunitate bereko argazkilariei eskatzen diegu informatzeko, hobeto ulertzen baitituzte euren arazo nagusiak. Ezin zara independentea izan argazkilari komunitate guztiak islatu gabe. Gure lana da komunitate bakoitzean argazkilaria bilatzea eta trebatzea independente izan dadin.

Zein da zuen helburua?

Egunero borrokatu behar dugu joera errepikakorrarekin: Mendebaldeko hedabideetan Irak agertzen denean, soilik odola, indarkeria, gatazkak eta leherketak ikusten ditugu! Ezin dut ukatu arazo horiek guztiak ditugula, baina zer gertatzen da Irakeko edertasunarekin? Zer pentsatzen du Irakeko belaunaldi berriak? Non islatzen dira gure itxaropenak Irak hobetzeko egunero argazki-kazetaritzaren bitartez?

Iraken hauteskundeak izan dira duela gutxi. Uste duzu zerbait aldatuko dela?

Ez dut uste, Europako eta Amerikako zenbait herrialdek egoera dagoen moduan mantentzea nahi dute. [Moqtada] Sadr edo [Haider] Abadi babestuko dituzte Iran botatzeko Iraketik; PUK eta PDK alderdi kurduak oraindik hegemonikoak dira Kurdistanen, eta Bagdaden politika egiten jarraituko dute. Egoera desegonkorra izango da irailera arte. Orduan izango dira Kurdistango Parlamentuko hauteskundeak, eta PUK eta PDK saiatuko dira presidentetza lortzen. Hauteskunde garaian atentatuak areagotuko dira.

Kurdistan aipatu duzunez, eta kurdua zarenez gero, zein da egungo egoera politikoa Irakeko Kurdistanen?

Iraken inbasioaz geroztik, egoera ez da egonkorra. Urriaren 16an, [independentziarako] erreferenduma egin eta 21 egun geroago, beldurra eta gatazka egoera nagusitu zen Kirkuken eta Kurdistanen. Kurdistanen sortu diren alderdi berriek leporatu diete Kurdistango Gobernu Autonomoari eta horren alderdiei [PDK eta PUK] Kirkuken gertatutakoa [pexmerga gehienek alde egin zuten Irakeko armadari aurre egin gabe], eta eremuak bizi duen egoera ekonomiko zein politikoaren errudun izatea.

Orain Turkiako armada sartu da Iraken, Qandil, PKKren gotorlekuari erasotzeko.

Gatazka horren berri ematen dugu, kontrabandisten errealitatea muga artean jasotzen dugulako. Edonola ere, zenbait arazo ditugu. Alde batetik, horrelako egoeretara bidaltzen ditugunean argazkilariak, ez dugu espero itzultzea. Polizia bat zauritua edo bahitua denean, argi dago poliziaren burua dela arduraduna, baina gure kasuan? Gainera, guri ez zaigu axola nor dagoen alde zuzenean, PKK edo Turkiako armada, gure lana da historia independenteak kontatzea. Gu biktima zibilen aldean jartzen gara.

Zer uste duzu gertatuko dela gatazka horrekin?

Argi dago hurrengo liskarrak PKKren eta turkiarren artean izango direla, baina itxaroten ari gara zein erakundek hartuko duen Daexen lekua. Lehenik eta behin, Ansar izan zen, gero Al-Qaeda, horren ostean ISIS [EI], eta ziur gaude beste talde terrorista bat egongo dela etorkizunean. Ez bakarrik gure lider politikoen ondorioz, baita hezkuntza gabeziagatik ere. Guk kontatzen ditugu gizartearen eguneroko arazoak, emakumeenak, klima aldaketa, unibertsitate eskasak, ingurumena... horrek guztiak sortzen du ISIS. Estatu Islamikoa ez du jainkoak egin. Jakina, atzerriko herrialdeen estrategia ere egon da horren atzean; nik ezin dut frogatu, baina entzun dut.

Kirkukekoa zara. Hori da Kurdistango eta Irakeko gobernuek bereganatu nahi duten hiria.

Nire senideak Kirkuken zeuden. Erreferendumaren ostean, denak pozik zeuden; uste zuten independenteak izango ginela laster; inork ez zuen espero gertatutako desastrea. Hala ere, jendea ez da zoriontsu izan erreferenduma baino lehen edo geroago; leherketak ez badira egon, bahiketak izan dira. Kirkuken ez dugu bakea izango: turkmenak, arabiarrak eta kurduak daude, eta guztiek esaten dute beren hiria dela.

Kirkuken ere Metrographyk badu bulego bat. Nola ari zarete han lanean?

Urriko gertakarien ondoren bulegoa itxi genuen, argazkilariak armadaren eta Poliziaren beldur ziren eta. Orain dela gutxi berriro ireki dugu argazkilariak trebatzeko, batzuk galdu baititugu. Europara joan dira edo oso deprimituak daude, eta ez dute lanik egin nahi. Kirkuken jende oro saiatzen da ahalik eta diru gehien irabazten, baina ez dago zerbitzurik herritarrentzat. Irakeko hiririk txiroena dela ematen du, nahiz eta aberatsena izan. Turkmenek zerbitzuak garatzen badituzte, kurduekin liskarrak dituzte, eta kurduek egiten badute saiakera, lanpetuegiak daude berehala arabiar eta turkmenei aurre egiten.

Egoera zaila ikusten duzu, hortaz.

Behin 14 urteko Daexeko kide batekin hitz egin nuen, Ali izenekoa. Galdetu nion zergatik moztu zien burua bost pexmergari. Azaldu zidan talde terroristek bere gurasoak erail zituela, eta mendekua nahi zuela. Bizi zirenean Play Stationarekin jokatzen ematen zuen eguna, eta ez zekien ezer talde terroristei buruz. «Hiltzen banaute, zoriontsu izango naiz, gurasoekin elkartuko naiz zeruan eta», esan zidan. Europako eta Amerikako herrialdeei esan nahi diet hurrengoa: armak bidaltzen dituzue Irakera, baina ez duzue inbertsiorik egiten hezkuntzan edo irakasleetan. Bi urte barru, zer gertatuko da? Botatzen dituzuen bala guztiak bueltan etorriko dira. Umeak nagusi egingo dira, eta hilko dituzte euren gurasoak hil zituztenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna