Jean Biancucci. Femu a Corsicako hautetsia

«Ez dut uste FLNCren erabakiak egoera desblokeatuko duenik»

Ezustean harrapatu du Biancucci FLNCren armak uzteko erabakiak. Bortizkeria politikoaren amaiera albiste ona dela iritzi dio, baina gogoratu du Parisek Lurralde Biltzarreko lan guztia oztopatu duela.

Iñaki Etxeleku.
Kanbo
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 25ean, Korsikako Lurralde Biltzarrak egoiliar estatutua bozkatu zuen gehiengo osoz. Horren ezaugarri nagusia da eskatzen zaiola Korsikan etxebizitza nahi duenari bost urtez uhartean etenik gabe bizi izana. Espekulazioari eta bigarren egoitzen arazoari buru egiteko bide gisa daukate Korsikako hautetsiek. Jean Biancucci Cutuli e Curtichjatu herriko auzapeza da Korsikan, eta herriko kontseiluak erabaki du estatutua bere egitea eta betetzen hastea. Femu a Corsica alderdiko ordezkaria ere bada Lurralde Biltzarrean. Ekainaren 24 honetan Kanbon zen (Lapurdi), Lurra kolektiboak eta Autonomia Eraikik gomitaturik. Egoiliar estatutuaz gain, azken hilabeteetan Korsikako Lurralde Biltzarrak hartu erabaki desberdinak ere aipatu ditu. FLNCk jardun armatua uzteko hartu erabakiaz ere hitz egin dio BERRIAri.

FLNC talde armatuak erabaki du bere jardunaren gelditzea. Nola ihardukitzen duzu?

Lehenik aitortu behar da sorpresa bat dela. Agiria irakurri dut, eta ene inguruan iritziak bildu ditut; guztiak harriturik gaude. Zinez borroka molde demokratikoetan ibiltzeko baldin bada, poztu gaitezke, baina gertatzen dena da blokeo egoera batean gaudelarik hartzen duela erabaki hori. Parisek ezetz borobila erantzun die gure eskaera guztiei. Horregatik, nekez ulertzen da FLNCren erabakia. Korsikako ia kazetari guztiek ohar bera egiten dute. Gobernuak erran balu: «Ados, eztabaidatzeko prest gaude», eta egutegi bat finkatu, instituzio mailako bilakaeraz hitz egiteko, orduan ezkutuko erakundearen erabakia ulergarria izango litzateke. Gaur egun ez da hala. Estatuak ezetza eman dio Lurralde Biltzarrean egin dugun lan guztiari.

Erran nahi duzu Parisekiko indar harremanaren ahultze bat dakarrela FLNCren erabakiak?

Ez dut nik halako arrazoinamendurik egiterik. Gaur, gordinki hartzen bada erabakia, bortizkeria politikoaren amaiera gauza ona da. Gero, so egiten bazaio Korsikako Biltzarraren korsikarren eta Parisko gobernuaren arteko harremanen egoerari, besterik da. Badakigu ez direla gauzak beren kabuz aldatzen. Erabaki horri esker egoera desblokeatzen bada, ados, baina egun ezin da erran hala izango denik. Galdera egin behar dakieke politikoki FLNCtik gertu daudenei.

Egoiliar estatutua bidean jartzea erabaki duzue zuen herrian, baina ez zarete bakarrak; beste herri batzuek ere asmoa agertu dute.

Hala da, eta, herriez gain, herritarrek dituzte aurrerapenak eskatzen gai horretan. Jendeek ez dute ulertzen beren haurrek ez dezaten arbasoen lurrean bizitzeko aukerarik izan, herrian bizi eta lan egiteko aukerarik. Higiezinen espekulazioagatik batzuetan ezin dute beren herrian beren ondasuna eskuratu. Ez dute ulertzen eskubide naturala eta bidezkoa dena ez dadin egingarria izan. Legearen arabera, iharduki dakieke, baina jakin behar da herritarren entzuten. Gaur egun, Korsikan, Euskal Herrian eta nonahi, herritar guztien onetan da egoiliar estatutu hori, hau da, han lan eta bizi direnek eskubidea izan dezaten etxebizitza baten lortzeko.

Horrez gain, Korsikaren instituzio egituraketan urrunago joateko eskatzen duzue hautetsiek. Zuen urratsa orokorragoa dela diozu.

Urrats orokorra da, duela zenbait urte abiatu zena. Lurralde Biltzarreko batzordeetan egin lanei esker maila desberdinetako aldarrikapenak ditugu. Hizkuntzaren atalean, gehiengo guztiz zabal batekin, korsikeraren koofizialtasunaren alde agertu gara Lurralde Biltzarrean. Zerga eskumen baten alde bozkatu dugu, bestalde. Besteak beste, bigarren egoitzentzat zerga bat jartzeko, Korsikaren garapenerako diru kutxa bat sortzeko. Bada, halaber, Korsikari berezko estatutu bat emango liokeen konstituzioko 72-5 artikulu baten eskaera.

Instituzio garapen horrentzat diozu ez duzuela Frantziako lurralde erreformaren beha egon nahi. Nola lortuko duzue?

Dagoeneko bidean den eztabaida da. Bilkurak eginak izan dira Parisen, ministerio batzuetan eta ministro batzuekin. Beste batzuk izanen dira Korsikan; ondokoa, naski, heldu den uztailaren 4an, Lebranchu ministroarekin. Argi da egun lurralde erreforma orokor horrek ez dezakeela ase gurea bezalako egoera berezia, nahiz erreformak ez duen aipatzen Korsikaren estatutuari hunkitzerik.

Hizkuntzaren koofizialtasuna ez da sartzen Frantziako Konstituzioan. Horren aldaketarik ez bada izaten, pentsatzen duzu indar harreman bat sortu beharko dela? Nolakoa?

Hautetsi gisa eramaten ditugun ardurak demokraziaren eremuaren barrukoak dira. Demokraziaren eremu horretan mobilizazio herritarrak antola daitezke, mota orotako manifestazioak. Batzuei eta besteei ulertarazteko, Korsikan krisitik ateratzeko bidea aldarrikapen horien asetzetik etorriko da. Frantziako Estatuak ez badu hori ulertzen, kontuan hartuko dugu, zoritxarrez, hautetsi, militante gisa demokraziaren bideetatik egin ditugun urratsek porrot egin dutela. Ez gaude oraindik horretan.

Femu a Corsicarekin, Europaren barruko autonomia bat aldarrikatzen duzue Korsikarentzat, eta ez independentzia. Esplikatu duzu independentzien aldarrikapena zaharkitua dela gaur egun.

Nork erranen zuen duela berrogeita hamar urte gauzak gisa horretan aitzinatuko zirela. Gaur egun, elkarren menpekotasunak hain dira handiak, non mintza baikaitezke Europa federal batez eta herrien autonomiaz Europa federal horretan. Joera horri buruz doa, eta ez estatuen berriz zentralizatzeari buruz. Mundu ireki batean gaude, trukeekin. Munduko bilakaerak ez du gehiago ahalbidetzen bakarturik jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.