Judith Jauregi. Pianista

«Konpositorearen igorle izan behar dugu, ez protagonista»

Europako piano jotzaileen esperantza gaztea da Judith Jauregi, adituen irudiko. 'Aura' diskoa aurkezteko, Donostian kontzertua emango du gaur. Liszt, Debussy eta Mompouren obrak joko ditu.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza Guallar -

2014ko abenduak 12
Errusiako piano eskolaren ukitua dauka, Alemanian ikasi badu ere eta sortzez donostiarra den arren. Askotariko estiloa du Judith Jauregik (Donostia, 1985). Ertzez beteriko piano jotzailea da. 5 urterekin hasi zen teklatu aurrean, eta 11 urterekin egin zuen lehenengo emanaldia. Geroztik, batetik bestera ibili da musika ikasketak egiten eta mundu osoko aretoetan jotzen. Orain, Europako musika klasikoaren gazte erreferente nagusietariko bat da. Gaur, Donostiako Viktoria Eugenia aretoan Aura hirugarren lana aurkeztuko du.

Berriz ere sorterrira bueltan.

Izugarria da Donostian jotzea; hemen hazi nintzen musikaren amets horrekin batera. Ikaragarria da ikustea borrokatu ostean emaitzak lortzen dituzula. Gozatzeko asmoz noa kontzertura.

Nolakoa da Aura diskoa?

Arimari egiten dio erreferentzia: purutasuna da, esentzia. Barne bidaia da, baltsamoa. Bildutasunerako deia da, intimitaterakoa, norbere buruarekin aurkitzeko proposamena. Liszt, Debussy eta Mompouren bidez inpresionismoaren barruan egindako joanaldia da.

Inpresionismo musikala islatzeko, hiru autore hautatu dituzu. Zerk erakarri zaitu bakoitzarengandik?

Liszt ez zen inpresionista bere horretan; intuizioa izan zuen, ordea. Intuizio horretatik abiatu nahi izan dut. Askok salatu dute autore friboloa izan zela, azalekoa. Baina hark argia bilatzen zuen, jainkoa topatu nahi zuen. Kontsolamenduak idatzi zituen, eta Uraren jolasak. Horietan espiritualtasun handia dago.

Debussyrengandik, iradokizunak egiteko ahalmena maite dut: koloreak, soinuak, pianoaren ehundurak...

Eta, azkenik, Mompouren sinpletasuna, eta haren egia gordina, haren poesia itzela... Mompou behar dut. Beti erreferentziazko autorea izan da niretzat.

Umetan hasi zinen musikan. Diozunez, ordutik interpretatu dituzu Liszt eta Mompouren piezak. Zer aldatu da?

11 urte nituela Liszten sorkuntzak jotzen nituen, baina ez zuten zerikusirik gaur egun interpretatzen ditudan bertsioekin. Normala da; orain egiten dudan Beethoven batek ere ez du antzik izango 60 urterekin interpreta dezakedanarekin. Musikari bat zure eskuetatik pasatzen denean, ezin da gezurrik esan. Ez dago zintzotasunik gabe jokatzeko aukerarik. Konpositorearen igorlea izan behar duzu, ez protagonista. Zorrotza izan behar duzu; haiek dira jenioak, ez gu. Fidela izanez baino ezin diozu aurre egin partiturari.

Diskoetxe propioa sortu duzu zure musika plazaratzeko: Berlin. Zergatik?

Diskoetxe propioa izateak aske izateko aukera ematen dizu, aukeratzeko eskubidea. Hain zuzen, berli hitza libre hitzarekin egindako hitz-jokoa da. Ikusita zer eskain ziezadaketen egiunezko diskoetxeek, nire bidea egitea hautatu dut. Arriskatu egin nintzen; izan ere, arriskatzen ez den horrek ez du inoiz irabaziko. Eta ongi atera zait.

Diskoaz gain, bestelako proiektu bat daukazu esku artean: Chopin, Chopin. Musika eta jazza nahasten ditu, ezta?

Bai, Pepe Rivero piano jotzailearekin batera egiten dut. Chopinen obrak jotzen ditut, eta hark ihardetsi egiten du, jazz ukituarekin. Ping-pong partida baten antzekoa da. Bat egiteek lagundu egiten dute musika jende gehiagorengana zabaltzen.

Jendea musika klasikora hurbiltzeko estrategiak dira, ezta?

Musika klasikoaren inguruan aurreiritzi gehiegi sortu dira. Askok, ezagutzen ez dutelako, musika klasikoa aspergarria dela diote. Jendeak etortzera ausartu egin behar du; hau ez da elite batentzat, ez da musikaz ulertzen duten horientzat soilik. Musika klasikoa sentitzeko da, beste edozein arte adierazpide bezalaxe, bizitza bera bezalaxe. Belaunaldi berriko musikariok gogoa daukagu, suhartasuna, gugana bestelako entzule batzuk erakartzeko.

Erregistro ezberdinetan moldatzen den sortzailea zara; bakarka, laguntzaileekin, taldeka... Non egoten zara erosoen?

Bakarlari kontzertua da pianistaren espazio naturala; halakoetan dena dago gure esku, dena kontrola dezakegu. Dena dela, horrek ez du esan nahi musika sinfonikoa ez denik oso interesgarria. Are gehiago, beharrezkoa eta derrigorrezkoa da, ia. Asko ikasten da. Taldean jotzean, konplizitatea sortzen da, eta hori oso polita da.

Kritikariek diote Europako piano jotzaileen esperantza gaztea zarela. Zein diziplinarekin lan egiten duzu?

Ahal bezainbeste ordu pasatzen ditut pianoaren aurrean. Lanbide honetan ezin zara erlojuari begira egon. Diziplina handia behar da. Horrek ez du esan nahi, nolanahi ere, sakrifikatu egiten garenik. Garrantzitsua da bizitzeko denbora izatea. Izan ere, musikari buruz ari gara, eta musikaz solas egitea sentipenez solas egitea da, zirraraz. Halakoak sentitu behar dituzu, ondoren kontatu ahal izateko.

Gauza askori uko egin behar izan diozu musikari izateko?

Gauza batzuk zailak dira: bidaiak, hoteletan bakarrik pasatutako gauak... Baina merezi du. Hauxe nahi dut. Ez da lanbide huts bat; bizimodu bat da, mundua ikusteko era bat.

Zure bizitzaren ardatza da musika, beraz?

Musika nire hitzik onena da; esan dezakedan guztia musika bidez transmiti dezaket. Musika nire eskuak dira, nire zentzumenak, nire begiak... Nire hedabidea da.

Diskoa kaleratu berri duzu, eta, hala ere, aurrera begira jarri zara jada. Badakizu nolakoa izango den zure hurrengo diskoa?

Buruan ideia mordoa daukat, baina ez dut deus zehaztu. Ekialdeko musika dut gogoko, Amerikakoa, Europa iparraldekoa... Hilabete batzuen buruan erabakiko dut zer egin. Barne prozesu bat da; sentitu egiten dut zein izan beharko litzatekeen hurrengo urratsa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna