Aroa Arrizubieta. Eskolarteko bertsolari txapelduna

«Txapela arabar guztiona da; besteei esker eskuratu dut»

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi berri du Aroa Arrizubieta gasteiztarrak, Saran. Zeresana eman du horrek, Euskal Herriko bertso txapel bat lortu duen lehen arabarra izan delako.

Gasteiz
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hamar urte zituela ekin zion bertso ibilbideari Aroa Arrizubietak (Gasteiz, 2001). Ikastetxean ezagutu zuen bertsolaritza, Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik. Ezagutu bakarrik ez, interesa piztu zion, eta hiriko bertso eskolan jarraitu zuen bidea. Etenik ez du izan harrezkero. Arabako Eskolarteko txapela eskuratu zuen iaz, baita aurten ere. Bidea borobiltzeko, Euskal Herriko Eskolarteko txapela lortu berri du, Saran (Lapurdi). Arabar guztiei eskaini die saria.

Mugarri bat izan al da zuretzat txapela eskuratzea?

Nire ustez, bai. Ez txapel bat delako, Arabako errealitatea argitara eramateko baizik. Honekin ez da dena aldatuko, baina lehen pauso txiki bat izan daiteke bertso munduan arabarren rola normaltzat hartzeko.

Eskolarteko Txapelketak garrantzirik ba al dauka bertso ibilbidea hasteko?

Bai. Eskolartekoari esker ateratzen gara plazara, eta horri esker ezagutzen gaitu jendeak. Eskolartekoan ezagutu zaituztelako deitzen zaituzte abestera. Plazara lehen saltoa emateko balio du.

Presiorik igartzen duzue lehen aldiz plazan abestuta?

Nik Arabako Eskolarteko Txapelketan izan nuen presiorik handiena. Batez ere, iazkoarekin alderatzen zutelako. Txapela irabazi nuenez, ongi egingo nuela espero zuten. Ingurukoei esaten nien gaizki eginez gero mundua ez zela bukatuko. Euskal Herrikoan ez neukan inongo presiorik. Inork ez zuen ezer espero, ezta nik ere. Lasai-lasai abestu nuen, eta horrek asko lagundu zidan. Beste bertsolari batzuek bazuten beste presio bat.

Orain, Euskal Herriko txapelduna zara. Horrek presiorik sortzen al du?

Uste dut nahiko presio sortzen duela. Orain, edozein tokitan abestean, ondo egin behar dudan sentsazioa daukat. Badakizu txapela merezi duzula erakutsi beharra daukazula denbora guztian; bestela, zorte kontuagatik irabazi duzula pentsatuko dute. Horrenbeste banaizela erakutsi nahi dut, baina, aldi berean, zaila da.

Zeresana eman du lehen arabarra izateak Euskal Herriko bertso txapelketa bat irabazten.

Niretzat, arraroa da beste arabar batek lortu ez izana azken 29 urteetan. Akaso, gehiago prestatu dira plazetarako txapelketetarako baino. Nik uste dut hasiera bat dela. Ni izan naiz lehenengoa, baina izan zitekeen Aitor Ugarte aramaioarra, edo Arabako txapelketan azkena gelditu dena. Uste dut hemendik aurrera beste era batera agertuko direla arabarrak agertokietan.

Txapeldunaren agurrean hau bota zenuen: «Ta kritikatu gaituzten denak izorratu daitezela / arabar batek lortu duela Euskal Herriko txapela». Kritika asko jaso al dituzue?

Komentario asko entzun ditugu, ikasgelan eta arabarren partetik. Ez da gutxietsi gaituela gipuzkoar batek. Ikasgelan Arabako txapelduna gutxiesten dute. Sarri entzuten dira, adibidez, «bosten artean zaila ere ez zen izango txapela lortzea» gisako esamoldeak. Uste dut euskal munduan orokorrean gertatzen dela. Ni, adibidez, txikitan Lekeitiora [Bizkaia] joaten nintzen aitona-amonei bisita egitera. Lekeition denak entzuten nituen euskaraz; Gasteizen, berriz, inor ere ez. Familia bizkaitarra neukala esaten nuen, eta bizkaitarra nintzela. Orain, guztiz kontrakoa da: arabarra naiz, euskaraz hitz egiten dut, bertsotan nabil, eta oso harro nago.

Zure lorpena Araba osoarena ere badela esan duzu. Zergatik?

Ni izan naiz, baina ez dut uste ezer berezirik daukadanik besteekin alderatuta. Arabarrekin ikasi dut bertsotan; plazetan ere Araban ibili naiz, hau da, ez naiz hemendik atera. Beraz, txapela arabar guztiona da; besteei esker eskuratu dut.

Arabako bertso aro berri baten hasierako ikur gisa jarri zaituzte. Belaunaldi berri bat al zatozte?

Gogotsu ikusten ditut Arabako bertsolariak. Gainera, lan berezi bat egiten dabil Arabako Bertsozale Elkartea: gazteentzako bertso saioak antolatzen dituzte, baita hainbat txapelketa ere. Nik uste dut hortik indartsu datorrela jendea. Guk ikastolan daukagun taldetxoa ere oso gogotsu ikusten dut. Orain irits daiteke aurrera egiteko garaia.

Nola ikusten duzu Arabako bertsolaritza?

Oso gogoko dut. Iruditzen zait Gipuzkoan edo Bizkaian dena askoz ere serioagoa dela. Beti da agertoki baten inguruan, eta dena ondo egin nahi dute. Araban, berriz, Bertso Katu gisako txapelketak dauzkagu. Astakeriak botatzen dira, eta, poto egiten baldin baduzu, ez da mundua bukatzen. Badaude kontu serioak ere, Eskolarteko Txapelketa, adibidez. Baina bertso afari bat beti irudituko zait askoz ere dibertigarriagoa txapelketa bat baino.

Estitxu Eizagirrek hainbat arrazoi eman zituen zure garaipena ospatzeko. Besteak beste, Arabaren berreuskalduntzea. Arabako gazteek igartzen al duzue berreuskalduntze hori?

Bai, nik igarri dut 14, 15, 16 eta 17 urteko jendearengan aldaketa bat orain. Erdaldun-erdaldun bihurtzen dira, edo euskalduntzera jotzen dute. Guraso erdaldunak dauzkatenak ere saiatzen dira euskaraz bizitzen. Meritua du. Saiatze hori asko eskertzen dut. Esaterako, euskaraz hitz egiteko eskatzen didate, eta zuzentzeko akatsen bat eginez gero.

Hezkuntza arautuan bertso irakaskuntza sartu izana da Eizagirrek aipatu zuen beste puntuetako bat. Horrek izan al du eraginik zugan?

Bai, ni ikastetxean hasi nintzen bertsotan, eta horrela hasi ginen orain gabiltzan gehienak ere. Bertsolaritza probatzea da kontua. Batzuek ondo egiten dute idatziz, eta beste batzuek bat-batean, edo ikus dezakezu bertsoak egitea ez dela zurea. Baina garrantzi handiegia ematen diegu bertsolariei askotan, eta bertsozale bat oso garrantzitsua da. Bertsolariek behar dituzte entzuleak, gai-jartzaileak, eta epaileak. Hori guztia askotan ez dugu baloratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.