Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Emanaldi bereziak. Fernando Franco. Zinemagilea

«Mina ez da lantzen zineman, zeharka eta edulkoratuta ez bada»

Sail Ofizialean emanaldi berezi gisa hautatu dute Francoren bigarren pelikula, 'Morir'. Bikote bat du protagonista: bietako batek gaitz hilgarri bat duela jakingo du, eta horri nola aurre egingo dioten islatu du.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2017ko irailak 28
Bere bigarren lan luzea du Morir Fernando Francok (Sevilla, Espainia, 1976), eta bigarren aldia du Zinemaldian —La herida bere lehenengo lana aurkeztu zuen 2013an—. Lehenengoa bezala, Koldo Zuazua eta Kowalski Filmsekin elkarlanean ekoiztu du.

Bikote baten istorioa kontatzen duzu, nola bizitzen duten bietako bat gaixotzea. Baina badirudi aitzakia hutsa dela hori, arreta zaintzailearen figuran jartzeko, kasu honetan, Martarengan. Hala da?

Bai, guztiz. Bikote bat konbultsio egoera batean erretratatzea interesatzen zitzaidan, eta horixe gertatzen da pelikulan. Dena den, gehiago interesatzen zitzaidan fokua jartzea gaixo dagoen pertsona horri laguntzen dionarengan, gaixo dagoen horrengan baino. Uste dut gaitzak dituzten pertsonaiei buruzko pelikula asko ikusi ditugula dagoeneko, eta ez hainbeste horien inguruan, ondoan daudenei buruzkoak. Eta, azkenerako, ustez ondo daudenak ere gaixotu egiten dira, nolabait.

Arthur Schnitzlerren izen bereko nobelan oinarritu duzu filma. Nolako moldaketa egin duzu?

Nobela horretan libreki inspiratu naizela esan daiteke. Distantzia dezente hartu dugu harengandik, baina errespetatu dugu, adibidez, gaixoa gizona izatea eta emakumea zaintzailea. Nire bigarren pelikula da, baina film labur ugari egindakoa naiz, eta beti zentratu naiz gehiago emakumeen pertsonaietan, gehiago interesatzen zaizkidalako. «Emakumezko aktoreen zuzendariak» eta halakoak esaten dituzte gaur egun: ez dakit. Nire kasuan, atentzioa emakumeengan jartzera narama inertziak.

Bi protagonisten arteko harremana hotz samarra da.

Argi neukan maitasun harreman bat erretratatu nahi nuela, baina ez maitasun erromantiko bat edo idealizatu bat, horretara ohituta gauden arren. Interesatzen zitzaidan arrakalak dituen harreman bat erakustea, horrela baitira harremanak bizitza errealean ere: ezkutuan dauden zenbait ertz aterako ditu argitara gaixotasunak, eta arrakala horiek sakonago egingo ditu.

Ez da akzio askoko pelikula bat: bizitzaren eta heriotzaren gordintasunean eta pertsonaien sentimenduetan jarri duzu begirada. Horrek ere markatuko du narrazioaren tempoa, ezta?

Bai, nire lehenengo pelikulan ere, La herida-n, ez zitzaidan interesatzen peripezia bat, bere horretan, baizik eta pertsonaien erretratu emozional bat egitea. Gehiago interesatzen zaizkit sentimendu horiek, pertsonaiek bizi dituzten sentsazio horiek, trama korapilatsuak edo gertaera jakin bat baino. Beraz, nolabait esatearren, narrazio minimalista bat dago: saiatu gara pertsonaien psikologian sakontzen, eta hori izaten pelikularen sostengua.

Gaixotasunak karga dramatikoa ematen dio filmari, baina umore ukituak ere badaude. Zergatik?

Pertsonaiak nahiko bakartuta daude ingurutik eta, bat-batean, beste pertsonaia batzuk ere badauden egoeretan aurkitzen dira; horrek eman diezaioke puntu komiko bat, agian. Pelikularen intentsitatea handia da, eta uneren batean hanka azeleragailutik altxatu beharra dago, giroa pixka bat erlaxatzeko.

Bi pelikula zuzendu dituzu eta biek dute mina elementu nagusi. Zergatik? Erakargarria zaizu mina zinemarako?

Ez dakit mina bera den erakartzen nauena. Mina eta horren inguruko zenbait gai ez dira hainbeste lantzen zineman, zeharka eta edulkoratuta ez bada. Ez da zuzenean hitz egiten buru eritasunez edo gaixotasunez, orokorrean. Badirudi jendea ez dela eroso sentitzen gai horien aurrean, eta haietatik ihes egiten dutela. Uste dut zinema gure iruditeria kolektiboa eraikitzeko tresna bat dela, eta gaixotasunak geure parte diren heinean, pantailara eraman behar direla; haiei buruz zuzenean hitz egin, jendeak modu horretara ikus ditzan.

Goya saria irabazi zenuen La herida-rekin, baita epaimahaiaren aipamen berezia ere Zinemaldian. Zama izan da bigarrena egiterakoan?

Nahiko estu hartu ohi dut neure burua, beti. Lehenengo pelikularekin sariak jasotzeak errespetua ematen du, baina horrek ez du esan nahi hurrengoan ez duzunik lehenengoan bezainbesteko gogoa jarriko. Kontuan hartu behar da, gainera, pelikulak ez direla guztien gustukoak izango, musikan gertatzen den bezalaxe: ez dago mundu guztiari gustatuko zaion obrarik. Zorroztasunez eta koherentziaz lan egiten saiatzen naiz beti, jakitun izanik batzuei gustatuko zaiela eta beste batzuei ez.

Hobeto sentitu zara zuzendari lanetan bigarren filmarekin?

Beharbada, bai. Lehenengo filma egiten duzunean, baduzu xalotasun puntu bat, baina bigarrenarekin jada ez. Gozatu egiten duzu, baina beste modu batera.

Koldo Zuazuarekin eta Kowalski Filmsekin errepikatu duzu. Sintonia onaren seinale?

Sintonia perfektua, esango nuke. Zortea izan nuen, Koldok La herida-ren gidoia irakurri zuenean interesa erakutsi zuelako eta oinarri-oinarrizko aliatu bat izan zelako filma egin ahal izateko. La herida-n ekoiztetxe batzuek hartu zuten parte, eta oraingoan biok gara ekoizleak. Oso ondo moldatu gara elkarrekin: batak bestearenganako errespetua eta miresmena daukagu, eta uste dut hori lantaldeak ere nabaritzen duela.

Zauri batetik heriotzara egin duzu jauzi. Zer da hurrengoa?

Hasi berria naiz proiektu batekin, eta alaiagoa izango da, beste bien aldean. Ezkutuan dauden gaiak ukituko ditu horrek ere, zineman askorik lantzen ez direnak, baina argi gehiago izango du. Lagun batek, nire pelikulez hitz egitean, esaten dit igerilekuaren muturrera heldu eta buelta ematean gauza desberdin bat egiten hasiko naizela, eta baliteke arrazoi izatea [barreak].

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna