Albistea entzun

Juanmi Gutierrez. Zinemagilea

«Historiak jipoitutako herria da armeniarra»

'Oihalak adarretan' dokumentalean Armeniaren kultura eta historia aztertu ditu zinemagileak, diaspora osatzen duten armeniarren bidez. Gaur erakutsiko dute lana Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2016ko apirilak 21

Zinemagintzan, dokumentalgintzan bereziki, ibilbide luzea egina du Juanmi Gutierrezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1945). «Ezezagunak diren errealitateei ateak zabaltzea» izan du beti helburu, eta «zinema txiroa» esaten dionaren bidez egiten du hori, aurrekontu txikiekin ere istorio handiak konta daitezkeela sinetsita. Ikuspegi berarekin ondu du film berria ere, Oihalak adarretan dokumentala, eta Armeniara begira jarri da. Iaz bete zuen mendea armeniar herriaren historiako pasarte beltzenetakoak, Turkiaren esku jasandako genozidioak. «Historiak ahaztutako genozidioa» izan dela dio zinemagileak, eta, horretaz ez ezik, haien oroitzapenez, aberriarekiko sentipenez eta beren itxaropenez ere galdetu die armeniarrei filma osatzeko; Armenian bizi direnei eta batez ere, egun diaspora osatzen dutenei. Testigantza horiek guztiak gaur ikusi eta entzun ahalko dira, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.

Zergatik Armenia?

Ezagutzen ez ditugun errealitateetara hurbiltzeko ideia beti dago hor. Armenia guretzat duela urte eta erdi erabat ezezaguna zen, eta, hara turista gisa joatean, sekulako aberastasuna zuen errealitate bat zegoela jabetu ginen, eta, gainera, ez ziela soilik haiei eragiten, baita guri ere, armeniarrekin elkarbizitzen dugun heinean.

Gertutasunaz ari zarela, herri armeniarraren eta euskaldunaren arteko balizko loturaz hitz egiten du dokumentalak une batean. Zerk eman zizun arreta, nondik sortzen zaizu gogoeta hori?

Turista gisa joatean, jabetzen zara deigarriak diren toponimo asko daudela, baita lexikoko hitz asko ere, esanahi bera dutenak eta oso antzinako errealitateei erreferentzia egiten dietenak; ez direla historia garaikideak filtratutako hitzak, baizik eta harri, aizto edota jada bi herrietan desagertuta dauden animalienak, hartz, esaterako. Horrek arreta deitu zigun. Ez dut inolaz ere esan nahi euskara armeniarretik datorrela, hemengo filologo guztiek kargu hartuko lidakete-eta, baina han badira hori esaten duten filologoak eta gaiak ikerketa sakonagoa beharko lukeela pentsatzen dutenak.

Armeniar kulturak, hizkuntzak, musikak... pisu handia dute filmean. Oso aberatsa eta, aldi berean, oso ezezaguna da?

Bai. Hain zuzen, musika aipatu duzu, eta haien baladek Ipar Euskal Herriko kantuen tankera dutela iruditzen zaigu, guretzat oso ezaguterrazak dira... Nolabaiteko konplizitate bat sortuz joan zen, eta haiengana gerturatzeko gogo bat. Bestalde, haiek immigrazioaren esperientzia dute, Euskal Herriak ere baduena, eta diasporaren nozioak ere indar handia du bien kasuan. Egun, armeniarrak hamar-hamabi milioi dira; horietatik hiru inguru baino ez dira bizi Armenian, gainerakoak diaspora dira, eta ez Armeniaz ahaztu den diaspora bat, erdigunetzat duena baizik, hara itzuli nahi lukeena, han lurperatuak izan nahi luketenena... Armenia sakratua da haientzat, eta horrek konnotazio oso indartsua du, nire ustez, herria eusten duen zutabeetako bat erlijioa delako, eta han sortu zirelako gure mendebaldeko zibilizazioaren mito fundazionalak.

1915eko genozidioa ere erakusten du lanak. Iaz, mendeurrenarekin, agian ikusgarriago egin zen gaia, baina oraindik nahiko ezezaguna da. Isildua izan da?

Bai. Turkiaren eragina oso indartsua izan da, eta harekiko akordio ekonomiko nahiz geopolitikoek ezagutza oro blokeatu dute. Bada Hitlerri egozten zaion esaldi bat, ez dakidana historikoa edo hiri-legenda den, baina esaten da juduen genozidioaz galdetu ziotenean, zera erantzun zuela: «Inor gogoratzen al da ba Armeniako genozidioaz?». Horretan arrazoi zuen, eta, egun ere, juduen genozidioari eman zaion publikotasunaren aldean, arrazoizkoa eta justifikatua dena, Armeniakoaz beti oso zeharka hitz egin da.

Armeniarren testigantzetan oinarritua dago filma, diasporakoetan bereziki. Haiengan zer pisu du oraindik genozidioak?

Armeniar herriaren tragediaz hitz egiteko beti jotzen dute genozidiora. Estatu oso zabala zuen, eta oso nukleo txiki bat bihurtu arte murriztuz joan den herri bat da, historiak jipoitu duen herri bat, Sobietar Batasunaren historia ere Armenian izugarria izan baita, eta ez hainbeste bertan zegoela, erregimen komunistaren arazo guztiak izan zitzakeena, baizik eta joan zirenean, nahi ez zuten independentzia bat oparitu baitzieten, ustekabeko independentzia bat, eta erabat lekuz kanpo geratu ziren armeniarrak, joatean han aurrez jarritako aberastasun guztia eraman baitzuten sobietarrek.

Diasporako armeniarren artean, belaunaldi batetik bestera asko aldatzen da herri sentimendua?

Uste dut orain iristen ari direnek hasiberriaren nostalgia dutela nolabait; mina oso presente dago, senide asko dituzte han. Aldiz, genozidioaren ostekoetan familiak sakabanatuz joan dira, orain dela ehun urte atera ziren, haien bilobak dira, eta, beraz, Armenia leku mitiko bat da oraindik, baina min hori ez dago hain presente.

Asko kostatu zaizu jendeak hitz egitea, lekukotasunak biltzea?

Ez, oso eskuzabalak dira. Eta gainera, begira, Aragoi garaiko herri galduei buruzko dokumental bat [Bozes lexanas, 2005] ere egin nuen; egun txikituta edo utzita dauden herrietan bizi izandako jendea zen, eta esaten zidaten: «Nire herriaz hitz egiten den artean, nire herria ez da guztiz hil». Halako zerbait egon daiteke.

Dokumentaleko une batean, Armeniako elizaren ordezkari batek dio kulturari eta elizari esker mantendu dela herria baturik. Bat zatoz argudio horrekin?

Erabat. Sobietar Batasunak fededuna ez zen belaunaldi bat sustatu zuen, baina ez zuen lortu, eta oso praktikanteak ez direnek ere elizaren nozio hori dute. Gainera, ortodoxoak izanik eta ez katolikoak, ezkondu behar badute, nahiago dute erritu armeniarra; hala, armeniar sentitzen dira, armeniar kulturaren barruan.

Filmaren beste une batean, Joseba Intxaustik dio Armeniaren etorkizunak ezinbestean behar duela errepublika eta diaspora bat etortzea. Ados zaude?

Bai. Egun, diasporak ekonomikoki laguntzen du. Genozidioaren garaiko diasporan denetarik zegoen, tartean botere ekonomiko handiko jendea, eta askok beti lagundu dute diruz. Larrialdietan ere, [1988ko] lurrikaran adibidez, diasporak dena eman zuen.

Gurarien zuhaitzak ikusten dira filmean, zeintzuei armeniarrek oihalak lotzen dizkieten adarretan, beren nahiak bete daitezen (hortik izenburua). Haiekin hitz egin ostean, zein esango zenuke direla armeniarren desioak?

Haien nahia da Armenia aurrera atera dadila. Ustelkeria dago, musulmanak diren hiru herrialde dituzte inguruan, zeintzuetako birekin, Turkia eta Azerbaijanekin, etsaitasun egoera duten... Esango nuke Armeniak munduan bere lekua aurkitzea desio dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskadiko Orkestrako 2021-2022ko denboraldia aurkeztu zuten Treviño zuzendari titularrak, Zupiria presidenteak eta Roch zuzendari nagusiak. ©J. MANTEROLA / FOKU

Euskadiko Orkestrak 2021-2022ko denboraldia aurkeztu du, «inoizko garrantzitsuena»

Amaia Igartua Aristondo

Programazio «optimista» bat ondu dute: Brahmsekin hasiko dira, irailean, eta Wagner, Bartok eta Elgar batzen dituen proposamenarekin bukatuko dute, ekainean. Abendutik aurrera murrizketak arindu ahal izatea espero dute

Idoia Tapia aktorea, <em>Komunetik</em> ikuskizunaren emanaldi batean. Hatz(a)marka kolektiboarekin eta Bapateko Orkestrarekin batera sortu du proiektua. ©KOMUNETIK
<em>Naon tokin</em> proiekturako egindako irudi bat. ©DEJABU

Zentzumenen bidezko esperientzia

Olatz Enzunza Mallona

Dejabu konpainiak norbanakoaren eta gizartearen arteko bidaia sentsorial bat aurkeztuko du gaur, Errenterian: 'Naon tokin'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna