'Rober!'. Atom Rhumba taldeko abeslari eta gitarrista

«Melodikoago edo erritmikoago, beti gara gu, beti da taldea»

Formazio berrituarekin eta bere nortasun zeinuei eusten dien disko batekin itzuli da Atom Rhumba. 'Cosmic Lexicon'-en, rock-and-rolla ulertzeko modu irekian sakondu du taldeak. Azpeitian da gaur.
BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko martxoak 10
Bi hilabete besterik ez da Atom Rhumba taldeak Cosmic Lexicon zortzigarren diskoa kaleratu zuela, baina Rober! kantari, gitarrista eta taldeko kide historikoak dagoeneko sentitu du diskoak oihartzun «polita» izan duela. «Kritiken aldetik zoragarri doa, eta gertuko jendeak ere aipatu digu asko gustatzen zaiola diskoa. Gehienak bat datoz entzunaldi batzuk behar dituela, aldaketa asko planteatzen dituelako, batzuetan kantu beraren barruan ere. Niri halako diskoak gustatzen zaizkit, eta, ondorioz, gauza on gisa hartzen dut hori».

Rober!-ekin batera, Jaime Nietok (baxua), Joseba Irazokik (gitarra) eta Felix Buffek (bateria) osatu zuten Garate estudioan (Andoain) joan den udan diskoa grabatu zuen laukotea, baina, orduz geroztik, Andoni Etxebestek Buffen lekua hartu du. Gaur Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin aretoan aurkeztuko dute diskoa, Sonic Trashekin batera (23:00).

Atom Rhumbaren patua dirudi, baina diskoa grabatu eta berehala bateria jotzaileak utzi zaituzte. Taldearen historia kide aldaketaz josia egonda, zuk zeuk nola eramaten dituzu horiek?

Lehen, nik neuk tragedia moduan bizi nituen. Ez da erraza izaten talde baterako jendea aurkitzea, eta Atom Rhumbaren kasuan are eta zailagoa da. Baina gaur egun ia gauza saihetsezin bat iruditzen zait. Nahi nuke inork ez alde egitea, baina zer egingo diot, ba! Aurrera egin! Formazio berri bat osatzen dudan aldiro, inoizko onena iruditzen zait, eta alde horretatik zortea dut. Baina egia da Felixen [Buff] alde egitea kolpe bat izan dela. Ezin zuen jarraitu, Willis Drummondekin ez ezik asko jotzen ari den talde frantziar batekin ere ari delako [Petit Fantome]. Baina Andoni [Etxebeste] sartu da, eta hau ere ez da herrena!

Ez duzu aukeratzeko begi txarra.

Musikari onak izateaz gain, estimatzen diet taldearekiko inplikazioa, eta baita izaera ere. Gero eta denbora gutxiago dugu, energia ere murriztuz doa, eta komeni da jendearekin gustura egotea. Ordu asko igarotzen ditugu elkarrekin, furgonetan, eta, ero batekin bazoaz, iritsi zaitezke etxera burua lehertua duzula... Zorionez, orain dena primeran doa.

Joseba Irazokik bi disko baino ez ditu grabatu taldearekin, baina ematen du oso pieza inportantea bilakatu dela.

Bai, Josebak bi disko egin ditu, baina taldean bederatzi urte daramatza. Eta momentu honetan ezinbesteko pieza da. Pentsa, txantxetan esaten dugu Atom Rhumba berarentzat sortutako taldea dela! Niretzat perfektua da.

Berak ere aipatzen du talde baten barruan sentitzen dela, eta hori erakargarria zaiola.

Hori da! Atom Rhumba taldea baita! Beste musikari batzuekin jotzen duenean, haientzat jotzen du. Baina hemen, erabakitzen du, ekarpenak egiten ditu, soinua fintzen du... Nik hasieratik daramat taldean, eta baten batek pentsa lezake Rober! eta beste hiru garela. Baina ez da horrela.

Zazpi urte igaro dira Gargantuan Melee diskoa atera zenutenetik, baina orduz geroztik ez zarete geldi egon. Disko bat ere grabatu zenuten Bonberenean. Zer gertatu zen lan horrekin?

Asteburu bat igaro genuen han, buruan geneukan guztia grabatzen. Kantu batzuk asko gustatzen zitzaizkigun, baina disko osoa ez genuen Atom Rhumbaren mailan ikusten, eta ahotsak ez genituen grabatu ere egin. Hango bi kantuk, My Mind's Blocking Yours eta Red Turning Blue izenekoek, disko berrian amaitu dute.

Zuek ondo zaintzen dituzue diskoen izenburuak. Zer dago Cosmic Lexicon-en atzean?

Buelta asko ematen dizkiegu izenburuei. Kasu honetan, esan nahi genuen gure lexikoa ez dela ixten, eta zentzu horretan dela kosmikoa. Gure musika askotarikoa da, bai ehunduretan, bai estiloetan, eta hori ere islatzen du izenburuak.

Disko honetan badira tonu ezberdineko piezak, baina agian deigarriena da gaztelaniaz abesten duzula lau kantutan. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Bultzatu egin naute... Josebak, adibidez. Beti gustatzen zaigu probak egitea, eta gaztelania hor zegoen... Topiko bat da, baina hizkuntzaz aldatzeak beste eremu batzuetara eramaten zaitu. Kantatzeko eta idazteko modua ere alda diezazuke, hizkuntza baten prosodiak asko markatzen baitu. Eta bueno, ondo... Kanturen bat kostatu zitzaidan, baina azkenean erabaki dut modurik naturalenean abestea gaztelaniaz. Eta, agian, pare bat kantu, Pompas de sangre y miel eta Tejedor de misterios, ohi baino melodikoagoak atera dira.

Badira kantu zuzen eta laburrak (Voy cableado, Fat Jackson), eta badira bihurgune ugari dituztenak ere (Organised Man Blues)... Zer garrantzi ematen diozu diskoaren barne logikari?

Handia. Diskoa askotarikoa izateak ez du esan nahi logikarik ez duenik. Kasu honetan, kantuen ordena oso garrantzitsua da. Hasieran, pentsatzen genuen kantuen arteko lotura instrumental batzuk egitea, baina azkenean Josebaren bat besterik ez da gelditu [Denbora Eraser]. Nik pentsatu nahi dut disko osoak duela Atom Rhumbaren kutsu hori. Azken batean, melodikoago edo erritmikoago, beti naiz ni. Beti gara gu. Beti da taldea.

Zuek atera behar zenuten diskoa, baina azkenean Primavera Sound jaialdiari lotutako El Segellek atera du...

Deitu ziguten diskoa fabrikan zegoela... Nik hasieran pentsatu nuen: «Beste batzuk...». Baina bidali nien masterra, eta prest azaldu ziren ateratzeko. Eta gustura gaude. Diskoetxeekin mesfidatia naiz, baina ezin naiz kexatu. Zeure kasa aterata, inork ez dizu kasurik egiten, banatzaileek-eta, baina batez ere energia eta denbora piloa kentzen dizu. Eta gero eta denbora gutxiago daukagu.

22-23 urte egin ditu taldeak. Atzera begiratzekoa zara?

Bertigoa ematen dit... urte asko dira talde batentzat. Gertatu diren gauza guztiak gertatuta, eta kontuan izanik irtenbide komertzial handirik gabeko musika egiten dugula, mirari bat iruditzen zait oraindik ere hor egotea. Harro egon gaitezke. Baina ez dut atzera begiratzen, aurrera baizik. Posibilista naiz. Burugogorra. Ez dut erraz amore ematen.

Gazteek gero eta gutxiago entzuten dute rock-and-rolla.

Beti egongo dira gazte batzuk hurbilduko direnak rock-and-rollera, baina egia da 14-15 urteko gazteek ez dutela hau entzuten. 35 urtetik gora dago gure publikoa. Eta haurrei ere gustatzen zaie! Igual absurdoa delako!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna