Unescok hizkuntzei buruzko atlas berria aurkeztuko du Donostian

«Paradigma berri batek» zedarrituko du ikerlana. Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa, prest; lehen hizlaria izango da Suzanne Romaine

Unesco Etxeko Ane Ortega eta Aran Atxa, atzo, Xabier Payarekin. JON URBE / ARP.
arantxa iraola
Donostia
2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Foro hau benetan gauza handia izango da». Donostia 2016ko kultur programaren zuzendari Xabier Payak hitz horiekin hasi zuen atzo goizean Donostian Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroaren egitaraua aurkezteko ekitaldia. Unesco Etxearen ardurapean dago topaketa hori antolatzeko eginkizuna, eta bertako koordinatzaile Ane Ortegarekin batera mintzatu zen. Pozik hura ere. Izan ere, hizlariengana fororako gonbita eginez jo duten guztietan erantzun aski egokiak jaso dituztela esan zuen. «Denek ilusioz beteta hartu dute». Egitarauan nabarmendu beharrekoen artean dago Unescok hizkuntzen inguruan egiten duen atlas berriaren aurkezpena. Eta «berri» horri erreparatu behar zaiola azaldu zuten. «Izan ere, ez da atlas itxi bat. Abiapuntu berri bat da, esparru berri batean», esplikatu zuen Payak. Adierazi zuten «paradigma» berri batek zedarrituko duela aurrerantzean nazioarteko erakundeak hizkuntzei buruz egiten duen azterlana —aurretik arriskuan dauden hizkuntzei buruzko hiru atlas ditu eginak Unescok—, eta egitasmo horren lehen aurkezpena foroaren barruan egingo dela. Hilaren 15ean eta 16an da topaketa, Kursaalean.

Foroaren atal nagusietako bat izango da atlasa; ez bakarra. Bi solaskideek atzo nabarmendu zuten sona handiko hizlariak joango direla topaketara; lehen hitzaldian, esaterako, Suzanne Romaine hizkuntzalaria. «Mundu guztian da ezaguna hizkuntzalaritza historikoko eta soziolinguistikako bere lanengatik, eta hizkuntz aniztasuna eta jasangarritasuna lotzen aitzindaria da». Europako Hizkuntza Gutxituen Itunak ardaztuko ditu beste hainbat saio; egin duen bidea eta izan ditzakeen «irakurketa» berriak solasgai izango dira. Topaketaren barruan, halaber, Kontseiluak kontatuko du Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa hizkuntza komunitateetako ordezkariek nola ehundu duten, eta testua abenduaren 17an aurkeztuko dute, ekitaldi berezi batean. Foroan izena emateko epea irekita dago, abenduaren 5era arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.